Udalak eta Nasuvinsarekin hitzarmena sinatu du

Guaixe 2021ko mar. 1a, 09:56

Gartzia Ximenez kaleko etxebizitzen fatxadak.

Enpresa publikoak kudeatutako Alokairu Poltsa programaren erakunde laguntzailea bihurtu da udala.

Altsasuko Udalak Nasuvinsak kudeatzen duen Alokairu Poltsa proiektuaren erakunde laguntzaile izateko hitzarmena onartu zuen asteazkenean. Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak  Alokairu Poltsaren bidez berme batzuk eskaintzen dizkie etxebizitza hutsa han sartzen duten herritarrei, esaterako: errentako dirua garaiz kobratuko dela ziurtatzea, etxebizitza egoera onean bueltatzea (etxebizitzaren erabilera normalak eragindako ohiko higaduratik salbu) eta etxean sor daitezkeen ezbeharrak estaltzen dituen arrisku anitzeko asegurua (edukitzailearena) kontratatzea.

Gizarte Eskubideen Departamentuak, beren diru-sarreren eta familia-unitatearen arabera, ordaindu beharreko errentaren %25, 50, 75 edo 90eko diru-laguntza ematen die familia maizterrei, familia horiek beren ahalmen ekonomikoaren arabera arrazoizko errentamenduak eskuratu ahal izan ditzaten. Bestalde, Altsasuko Udalak Alokairu Poltsari buruzko informazioa zabalduko du. Eta kudeaketak errazteko: etxe jabeek Nasuvinsan edo udaletxean bertan aurkeztu ahal izanen dituzte eskabideak, eskainitako etxebizitzen berrikuspena eta ikuskapena Nasuvinsako eta Birgaitze Bulegoko langile kualifikatuek egin ahal izango dute; errentamenduan interesa izan dezaketen pertsonek etxebizitza bisitatu ahal izango dute; errentariek udaletxean bertan aurkeztu ahal izango dituzte, ondoren Nasuvinsari bidaltzeko, kontratuak sinatzeko behar diren agiriak, bai eta horiek benetan sinatu ere, baita etxebizitza babestuaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera eskubidea izan dezaketen errentamenduagatiko diru-laguntza emateko edo berritzeko beharrezkoak diren dokumentuak ere.

Inkesta
Udalak, Nasuvinsarekin lankidetzan, Altsasun dagoen alokairuko etxebizitza-eskaera kuantifikatuko du, eta etxebizitza babestuen eskatzaileen erroldan inskribatzera bideratuko du, altsasuarren etxebizitza-premiei buruzko ahalik eta informazio zehatzena izateko. Horretarako, aurki, inkesta banatuko du. Horren bidez, errentamenduko etxebizitzaren egungo eskaria jakin ahal izango da, adin-tarteen, sexuaren eta abarren arabera.

Alokairuko etxebizitzen eskaera hori eta gaur egun Altsasun dauden etxebizitza hutsen gutxi gorabeherako kopurua ezagutu ondoren, Altsasuko Udalak, Nasuvinsarekin batera, gauzatu beharreko jarduketak baloratuko ditu, alokairuko babes ofizialeko etxebizitza berriak eraikitzea barne. Horretarako, udalaren jabetza den Otadiako 3. sektoreko 3.1 lurzatia izanen da aukera bat, Otadiako 3. sektoreko Plan Partzialak babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea aurreikusten baitu. Lehen bilera egin da Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuarekin, Nasuvinsarekin batera, Nasuvinsak sustatutako balizko eraikuntza horri ekiteko. Horretarako, oso garrantzitsua da Altsasun alokairuko etxebizitzen egungo eskaria ezagutzea.