Pandemiak markatutako aurrekontuak

Guaixe 2021ko mar. 2a, 10:02
Altsasuko udaletxea.

Aita Barandiaran egoitzarako ekarpena bikoiztu egin du eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetarako 50.000 euro bideratu ditu. Zortzi langabe kontratatzea aurreikusten du, baita ostalaritza eta merkataritzari bultzada emateko partidak aurreikusi ere.

Altsasuko Udalak aurten 8.019.506,8 euroko aurrekontua du, Aita Barandiaran Egoitzaren eta Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren patronatuena barne. Aurrekontua Geroa Bairen aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrakoekin onartu zen asteazkenean. Urteko diru kontuak lantzerakoan udaleko sailek II. Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasun Planari jarraitu behar izan diote, genero ikuspegia txertatzeko. 

Baina diru kontuak baldintzatu dituena pandemia izan da, “diru sarreren eta gastuen aurreikuspena eragin baitio”, azaldu du Javier Ollo Martinez alkateak, gaineratuz, “udal eraikin guztietan garbiketa indartu da eta horrek, ezinbestean, ekarri du langile gehiago kontratatzea eskola, Haur Eskola, Gaztetxokoa, Ludoteka, kirol azpiegiturak edota Udal Musika Eskola eta Dantza eskolarako”. Gainera, udaleko funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen ordainsariak %0,9 igo dira aurten. 

Gizarte gastua
Alkateak nabarmendu du Altsasuko Udalak Aita Barandiaran egoitzako patronatuari egindako ekarpena. “Egoitza horretan langileak indartu dira, egungo osasun-krisiak eskatzen dituen eskakizunak eta funtzionamendu-protokolo berria direla eta. Ondorioz, udalaren ekarpena ia bikoiztu egin da: 136.561,14 eurokoa izatetik 260.394,86 eurokoa izatera pasa da”. Nafarroako Gobernuaren ekarpena 487.000,28 eurokoa da, eta egoiliarren tasen bidez 565.000 euro jasoko dira. Bestalde, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari dagokionez, udalaren ekarpena 50.000 eurotan handitu du, 387.657,54 eurokoa izanik aurten. Azkenik, Altsasuko Udalak Musika eta Dantza Eskolari egindako ekarpena ere %1,3 igo da joan den urtearekin alderatuta.

Horiek eta aurrekontuko beste aspektu batzuk kontutan izanik, Ollok jakinarazi duenez, “%10eko doikuntza aplikatu da udaleko arloetako programetan, gastu sozialaren igoera nabarmena delako. Alkateak zehaztu zuenez, “aurrekontu-exekuzioaren eta osasun-krisiaren beraren bilakaeraren arabera, urtean zehar lehengoratu ahal izango den doikuntza da”. Bestalde, Ollok jakinarazi duenez, festetarako eta ferietarako diru partida txiki bat besterik ez dute bideratu. “Osasun-krisiaren bilakaeraren eta horretarako ematen diren neurrien arabera, aurrekontu-aldaketaren bidez bideratuko litzateke horretarako dirua”.

Indarrean den ordenantza betez, Altsasuko Udalak I. Esku-hartze globaleko plana idazteko 3.000 bat euro bideratuko ditu. Plan horren bidez udalak sustatu nahi du altsasuarrek etxebizitza eraikinetan inguratzaileak birgaitzeko jarduketak egitea. Aurten udalak horretarako 25.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusten du. 

Bestetik, pandemia eta emandako prebentzio-neurriak saltoki txikietan eta ostalaritzan izaten ari diren ondorio larriak arintzeko helburuarekin, 17.000 euroko bi aurrekontu-partida aurreikusi ditu udalak. “Alde batetik, kontsumo-bonuen kanpaina bat egiteko eta, bestetik, gure udalerriko ostalaritzarako eta ostatu-negozioetarako zuzeneko laguntzen deialdia abian jartzeko”, zehaztu du Ollok.

Inbertsioak
Dagoeneko onartu direnak honakoak dira: 
236.000 euro Zelandi eskolako patioa berritzeko (gobernuaren dirulaguntza). 
28.000 euro Estalpe baten proiektua idazteko. Ziurrenik Iortia inguruan legoke. EH Bilduk 50.000 euro bideratzea eskatu zuen, baina eskaera emendakin bidez moldatu zuen Geroa Baik. Bide eta oinezkoen mugikortasunari buruzko azterlana egiteko 20.030,80 euro proposatu zituen EH Bilduk. 
25.000 euro Pandemiari aurre egiteko produktuak eta materiala erosteko.
13.150 euro Futbol zelaiaren lerro urdinak berritzeko, obra egin zuen enpresaren abala partzialki erabiliz. 
9.135 euro 2020an egindako Udalaren Antolaketa Azterlanaren laguntza teknikoarekin abian jartzea. 
5.000 euro Hiri-altzariak berritzeko. 
4.000 euro Mendi ibilbideak homologatzeko (Altsasuko Mendigoizaleak eta Federazioaren proposamena). 
3.100 euro 2022an gauzatzeko baso-lanen proiektua idazteko.
3.100 euro Abeltzaintza-azpiegiturak hobetzeko proiektua idazteko.  

Aurreikusiak
Udalak urtean zehar aurrekontu aldaketak egin eta inbertsio gehiago egitea aurreikusten du, esaterako: kaleen zoladura berritzea, basoko pisten konpontzea, Udal Plan Orokor berria idaztea, kirol-instalazioetako inbertsioak, Ibarrea industrialdeko hondakin-uren saneamendu-obren hirugarren fasea (trenbide ingurukoa eraikitzea eta dagoeneko egindako bi faseak lotzea), Intxaurrondo plazako euri-urak biltzeko eta bideratzeko obra gauzatzea, Zelandi eskolako lehen solairua pintatzea…

Bizikidetza plana
Udalak, Historia Memoriaren eta Bizikidetzaren Batzordearen bidez, urratsak ematen segituko du Altsasuko Bizikidetza Plana egiteko. Joan den urtean lanari ekin zion lanari, parte hartze diagnosia eginez.

Langabeak
Altsasuko Udalak zortzi langabe urte erdiz lan egiteko kontratatuko ditu. Horretarako, 
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 39.000 euroko diru-laguntza eman dio. Soldatak osatzeko falta dena udalak jarriko du.

Zinegotzi berria 
Ilbeltzena jakin zen Geroa Baiko Julen Diaz Oiarbide zinegotziak arrazoi pertsonalak argudiatuta udal ardurak utziko zituela. Asteazkenean jakin zen Diazen lekukoa Santi Luceño Ariasek hartuko duela. Geroa Bairen hauteskunde zerrendan 13. postuan aurkeztu zen Luceño (koalizioak 10 zinegotzi lortu zituen). Aurretik, 2011 eta 2013 bitartean, NaBaiko zinegotzia izan zen.