Dagoeneko Sakanako Gozemenez film laburren lehiaketan parte hartu daiteke

Guaixe 2021ko mar. 9a, 14:02

Azken lehiaketako film laburrak ikusten. Artxiboa.

Hilaren 14ra arte eman daiteke izena: intxostiapunta@altsasu.net edo 608 617 778. Film laburrak apirilaren 28ra arte aurkeztu daitezke. Maiatzaren 5etik 10era gazteen bozketa eginen da, gogoko lana aukeratzeko. Eta sari banaketa maiatzaren 14an izanen da. 

Sakanako Gozamenez-ek, Altsasuko Udalaren laguntzaz, “Sexualitate hozkadak. Sexu eta Harremanei buruzko istorioak” film laburren lehiaketa antolatu du. Lehiaketara aurkezten diren ikus-entzunezkoen bidez helburua da “sexualitateari buruz hausnartzea eta haren gainean ditugun ideia eta ikuspuntu desberdinak adieraztea”. Horregatik, parte hartzaileek sexualitateari buruzko “ikuspuntu positiboa, plurala, integratzailea eta irekia izatea, erredukzionismoetatik urrunduta” izan beharko dute. Aldi berean, antolakuntzatik eskatzen zaie “aniztasunean eta gozamenean zentratzea, bost zentzumenen, fantasien, ilusioen eta abarren bidez….. pertsonen garapen globala bilatzeko”. 

Lehiaketan 12 eta 25 urte bitarteko sakandarrek parte hartu dezakete, banaka edo taldeka (gehienez bi lan aurkez daitezke). Aurkezten diren lanak ikus-entzunezko edozein generokoak izan daitezke (argazki aurkezpenak diren bideoak ez). Parte hartzeko, hala ere, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Film laburrak edozein gailu digitalekin grabatzeko aukera izanen da, euskaraz edota gaztelaniaz. Baina 10 minutuko luzera muga ezin izanen dute gainditu (kredituak barne). Lanak Nafarroako Gozamenez 2021eko lehiaketara aurkezten diren berberak izan daitezke, eta argitaratu gabeak Nafarroako lehiaketara aurkezten ez diren pertsonen kasuan.

Film laburrak VLC media player programarekin ikusteko moduko formatu batean aurkeztu behar dira. Lanak Intxostiapunta Gazte gunean (17:00etatik 20:00era) aurkeztu beharko dira apirilaren 28rako, plika sistema erabiliz eta kanpoko gutun azalean “Gozamenez Altsasu 2021 Film Laburren Lehiaketa” jartzen duela. Ikus-entzunezkoarekin batera, izenburua, sinopsia, egileen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa dituen dokumentua eman beharko dira. 

Sariak 
1. Banaka egindako lanari saria, 70 euro.
2. Taldean egindako lanari saria, 250 euro. 
3. Sari berezi bat, bozketa bidez erabakiko dena, 100 euro.