Ospa!-k "gizarte kontrola areagotzeko elementuak indartzea" salatu du

Guaixe 2021ko mar. 10a, 10:25

Ospa!-k deitutako bilkura.

Ospa! mugimenduak 'Langile klasearen defentsan, alde hemendik' elkarretaratzea egin zuen larunbatean. Bertan, gizarte kontrolak betetzen duen funtzioa "argi izan" behar dela eta horri aurre egiteko modu bakarra "antolakuntza eta borroka" direla azaldu zuten 

'Langile klasearen defentsan, alde hemendik!' lelopean Altsasuko Ospa! mugimenduak kontzentrazioa egin zen larunbatean. Errepresioaren kontrako mugimenduko kideek nabarmendu zutenez, “COVID-19ak areagotutako krisiaren ondorioak pairatzen ditugula agerikoa da, askatasun zibil eta politikoen murrizketa jasanez. Langile klasearen bizi baldintzak geroz eta okerragoak dira”. Aldiz, “osasun krisialdiaren aurrean hartutako neurriak burgesiaren interes ekonomikoen mesedekoak” izan direla ziurtatu dute Ospa!-ko kideek. 

Gaineratu dutenez, “nola onar dezakegu osasun krisialdi baten aurrean osasun arloan inbertituz baino, polizian inbertsio gehiago egiten duen sistema?” Eta Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdearen egoera ekarri dute gogora: “guztira 70 polizia baino gehiago eta soilik 3 mediku”. Ospa!-ko kideek galdera egin dute: “osasun krisialdi batean bagaude, zergatik ez dituzue osasun esparruko lan eskaintza gehiago ateratzen”. Mugimenduko kideek garbi dute “burgesiak osasun larrialdia alde batera utzi eta langileen artean gizarte kontrola areagotzeko errepresio indarrak areagotzea aukeratu du”. 

Errepresioaren kontrako mugimenduko kideen iritziz, pandemia testuinguru honetan “burgesiarendako inoiz baino garrantzitsuagoa da polizia momentu honetan. Sistema kapitalistaren oinarriak kolokan daude, eta ezarri dizkiguten kontrol neurriak betetzeari uko egiten dion pertsona orok ondorio latzak jasaten ditu: isunak, polizia kargak, atxiloketak eta abar”. Gaineratu zutenez, “azkenaldian, osasun larrialdiaren aitzakiapean, gure herriko kaleetan polizia presentzia handitu da”.