Kontziliazioa errazteko udal eskaintza

Guaixe 2021ko mar. 10a, 10:58

Ludotekak gozogintza tailerra hartu zuenekoa. Artxiboa.

Aisiaz blai programaren bidez, Txantxari udal ludotekak Aste Santurako eskaintza prestatu du apirilaren 6tik 9ra.

Udaberriko oporrak apirilaren hasieran hartuko dituzte ikasleek. Etxe askotan seme-alaben opor garaia familia ardurekin eta lanarekin ezin uztartu egoten dira. Horregatik, Altsasuko Udalak Txantxari ludotekaren bidez, kontziliazio hori errazteko Aisiaz Blai programa eskainiko du apirilaren 6tik 9ra, asteartetik ostiralera. Ludoteka haurrak 08:30etik 13:30era hartuko ditu. Ordutegi hori beteko ez balitz, bigarren aukera 11:00etatik 13:30era izanen da. 

Txantxari udal ludotekara seme-alabak eraman nahi dituztenek haien izenak eman beharko dute gaurtik hilaren 16ra bitartean. Horretarako, 012 edo 948 012 012 telefonoetara hots egin beharko dute, edo www.altsasu.eus web orriaren bidez izen ematea egin. Matrikulari dagokionez, familien diru-sarreren, errenta-aitorpenaren arabera hamar prezio ezarri dituzte. Horretarako eskubidea duten familiek hobariak eskuratzeko aukera ere izanen dute. Argibideak Txantxari udal ludotekan emanen dituzte, 948 467 471 telefonoan edo ludoteka@altsasu.net e-posta helbidean.