Gazteek zerikusia dute Intxostiapuntako plangintzan

Guaixe 2021ko mar. 10a, 13:58

Intxostiapunta gazte guneko plangintza osatzeko parte hartze prozesuan. Argazkiak: Gazteria Zerbitzua.

Abenduan abiarazitako prozesuko emaitzari Altsasuko Udalak berriki oniritzia eman dio; gazteek proposatutako jarduerak jasotzen dira plangintzan. Hala ere, proposamen berriak egin daitezke.

Hirugarren urtea da Intxostiapunta gazte guneko plangintza gazteen parte hartzearekin osatzen dena. Batetik, Altsasuko Udalaren Gazteria Batzordeak eta Intxostiapuntako teknikariak eta monitoreek osatzen dute Gazteria Zerbitzua eta, bestetik, ikastetxeetako berriemaile gazteek izan dira urteko plangintza modu parte-hartzailean eta egituratuan ondu dutenak. Blanki Torres gazteria teknikariak azaldu duenez, “ezinbestekoa da gazteek parte-hartze aktiboa izatea, haien ikuspuntu, ardura, behar, kezka, interes, eta abar gertutik ezagutzeko. Azken batean, gazteek egindako proposamenak eta ekarpenak jasotzen dituen plangintza osatu behar da, beraiendako delako”.  

Udal jarduera guztietan bezala, Gazteria Zerbitzuan ere genero ikuspegia kontuan izan dute plangintza egiterakoan. Horregatik, “nesken eta mutilen proposamenak ikusarazi eta bereizi ditugu, bi taldeen abiapuntuak eta behar espezifikoak ezagutzeko asmoz eta, horrela, ikuspegi inklusiboa, askotarikoa eta erreala lortu dugu jarduketa-plana diseinatzeko”. 

Proposamenak
Parte hartze prozesuan gazteek egindako ehun proposamen inguru bildu dituzte. Neskek, besteak beste, honako proposamenak egin dituzte: prestakuntza-ikastaroak, sexualitatea, generoa, pintura, makillajea, kremak, dantza eta ile-apainketa. Mutilek, berriz, honakoak: boxeoa, fifa txapelketa, among us, mimoa, etxeko lantxoak egiteko tailerra, billar-jokoak, ping-pong-a, futbolina, tirolina, mendi-irteerak, bolatokia eta musika-tailerra. Batzuk eta besteak bat etorri diren proposamenak honakoak dira: escape room, survival (zonbiak), saltingera irteerak, hondartza, parke tematikoak, cars, sukaldaritza-ikastaroa eta gau topaketa.

Plangintza eginda badago ere, Torresek jakinarazi duenez, “partaidetza-prozesua malgua da eta beti irekita dagoela nahi duenak ekarpenak egiteko”. Gazteak proposamenak egitera animatu ditu. Horretarako bideak dira gazteria@altsasu.net, intxostiapunta@altsasu.net, 948 564785, 608 617 778, sare sozialak, Gazte-txokoko batzarrak, ahoz ahokoa edota ikastetxetako gazte berriemaileak.