Adinduen egoitzan “normaltasunerako” pauso bat

Guaixe 2021ko mar. 9a, 10:02

Gizonezkoa eta emakumezkoa Aita Barandiaran adinduen egoitzaren parean. Artxiboa.

Hitzartutako bisitak kalean egiteko aukera dago asteazkenaz geroztik.

COVID-19 gaitzak eragindako pandemia eraikinean ez sartzeko eta bertan bizi direnen osasuna zaintzeko makina bat neurri hartu zituzten Aita Barandiaran adinduen egoitzan. Mª Eugenia Martinez de Goñi Perez gerenteak azaldu duenez, “prebentzio neurri guztiekin, baina bizi normalerantz pauso bat eman dugu bisitak kalean egiteko aukera baimenduz”. Beraz, egoitzako adinduak bisitan joaten direnak aukeran izanen dute bisita eraikinean bertan egin edo, eguraldiak laguntzen badu, kalera ateratzea. Bisita egoitzan denean ordu erdikoa da, kalean bada, berriz, ordu batekoa gehienez. Bisitak egiteko aldez aurretik hitzordua hartu behar da. 

Martinez de Goñik azaldu duenez, goizez hiru bisita ordutegi daude eta beste horren beste arratsaldean. Beraz, astelehenetik ostiralera, goizez bederatzi bisita har ditzake egoitzak eta arratsaldez beste bederatzi. Egoiliar bakoitzak astean bizpahiru bisita izan ditzake. Eta orain kalean egiteko aukera dute. “Kalera ateraz gero gomendatzen diegu bista terapeutikoak izatea. Hau da, pasioan ibiltzea, toki itxietan ez sartzea, jende gutxi dagoen tokietan ibiltzea eta ezarritako osasun neurriak uneoro betetzea: musukoa jantzita izatea, eskuak garbitzea eta abar”. Sarrera-irteeretan tenperatura hartzen da beti. 

Aita Barandiaran egoitzako egoiliar guztiak “gogoz” jaso dute COVID-19aren kontrako txertoa. Txertaketa garaian ospitalean zegoen bakar bat falta da bigarren dosia jasotzeko. Bigarren dosia aurki jarriko diote. Bitartean, gaitzari aurre egiteko egoitza barruko aldean hiru bizikidetza unitatetan banatuta dago: beheko solairuko egoiliarrak hartzen dituena eta lehen solairuko iparraldeko eta hegoaldeko pasabideekin bana. Unitate bakoitzean bizi diren pertsonak pasabide bereko beste egoiliarrekin bakarrik dute harremana.