Saskibaloia

Naiara Diez kapitainik gabe jokatuko duen Lointek Gernikak Erreginaren Kopa du helburu

Guaixe 2021ko mar. 5a, 08:30
Naiara Diez, Lointek Gernikako kapitain altsasuarra.

Gaur, ostirala, Gernikako taldeak Ciudad de la Laguna Tenerife izango du aurkari, lehen kanporaketan (17:30, Valentzia)

Valentziak Erreginaren Endesa Kopa hartuko du asteburuan, eta bertan lehiatuko da Lointek Gernika Bizkaia taldea. Taldeko kapitainak, Naiara Diez altsasuarrak, ezin izango da hitzordu garrantzitsuan egon, arrazoi pertsonalengatik, eta bere taldekideek dena eman nahi dute Kopa lortu eta kapitaina gogoan izateko. 

Gaur, ostirala, 17:30ean lehen kanporaketa jokatuko du Lointek Gernikak Ciudad de la Laguna Teneriferen kontra, eta garaileak Valencia Basket eta IDK Euskotren kanporaketako irabazlearen kontra jokatuko du Erreginaren Kopako finalerdietan. Beste adarrean, Spar Uni Girona taldea Movistar Estudiantesen kontra ariko da eta Perfumerias Avenida taldea Duran Maquinaria Ensonoren kontra. 

“Ciudad de la Laguna Tenerife oso ongi ezagutzen dugun arerioa da. Euren kontra aritu ginen azkeneko partidan eurak gailendu ziren, baina gaur egoerari buelta eman nahi diogu. Plantilla oso orekatua dute eta jokalari oso onak, baina gu gurea egitera aterako gara eta ea aurrera egiten dugun” azaldu du Lointek Gernikako entrenatzaile Mario Lopezek.