Maru Garcia

“Neguko denboraldiari agur esan, eta udaberrirako animatu nahi dugu”

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 9a, 14:45

Altsasuko Dendarien Elkarteak Azkeneko Errematea Dena Kanpora! ekimena burutu zuen asteburuan. Neguko denboraldiko stocka kentzeko, denetariko maukak eta beherapenak eskaini zituzten. Oraindik ere komertzioetan bueltaren bat emanez gero, egonen da maukaren bat. Udaberrira begira jarri nahi dute merkatariek, "kalean mugimendua ikusi eta animatu beharra dugulako"

1. Azkeneko Errematea Dena Kanpora! neguko denboraldiari agur esan eta udaberriari begira jartzeko ekimena al da?
Bai, hori da egin dugun apustua. Neguko kanpaina, baita azken urte osoa, urte zaila izan da, eta ekimenarekin neguko denboraldiko produktuak kendu nahi ditugu. Merkealdi eta mauka ederrak egon dira. Eta mugimendua sortu nahi dugu, kalean mugimendua ikusteko, hori ere behar dugulako

2.Pandemiak bete-betean harrapatu zaituzte merkatari txikiak. Merkatariek nola bizi izan duzue urte hau?
Hasieran hiru hilabete itxita egon ginen. Martxan hasi ginenean hasieran jendeak laguntza eman nahi izan zuen eta hasi zen, Gobernuak autonomoendako laguntza ofizial batzuk eman zituen… baina ondoren… jada ez. Urte arraroa da, eta konturatu gara jende asko etxean geratu dela; kosta egiten zaio ateratzea. Ostalaritza ere itxita egon da tarteka, kalean ez dago mugimendurik eta horrek, jakina, gurean eragiten du. Eta orain ez dago Gobernuaren dirulaguntzarik. Irekita gaude baina ez egoera normal batean. Zaila da azaltzen.

3.Azkenean hau guztia zirkulu bat da. Ostalaritza itxita badago, akaso ez zara kafea hartzera aterako, eta ez zara dendara joango. Eta horretaz gain, badago beldur asko duen jendea, etxetik ateratzera ausartzen ez dena. 
Bai, batzuk beldurrez daude etxean. Baina esango nuke orokorrean ohiturak ere aldatu egin direla. Ez duzu ateratzeko horrenbesteko gogorik, etxean geratuz gero ez duzu horrenbeste kontsumitzen eta, gutxika, ekonomiak nabaritzen du. Zirkulua, bai. 

4.Baina horrek nolabaiteko utzikeria batera eraman dezake pertsona. Prestatzeko gogorik ez baduzu, janzteko gogorik ez, orrazteko gogorik ezta... hori ez da ona ez pertsonarendako ezta, jakina, merkataritzarako.
Ezta harremanetarako ere. Harreman asko kalean egiten dira, kalean buelta emanez, komertzioetan eta ostalaritzan egonez, jendearekin bilduz… Buruarendako ona izango zen gehiago ateratzea. 

5. Pandemiarekin erosketak Internet bidez egitearen aurreko tendentzia guztiz errotu da. Finean, gehien irabazi dutenak Amazon eta halako banatzaile handiak izan dira.
Bai. Ildo honetan, Nafarroako hainbat dendek osatutako plataformak TopTopa webgunea jarri dute martxan, gure dendetako produktuak online saltzeko. Sakanako 11 komertzio gaude bertan. Hasiera da eta geldo goaz, baina aitortu behar da Amazon eta marka eta online denda handien konpetentzia oso handia dela eta zaila dela eurei aurre egitea. Dena den, ari gara. 

6. Komertzioek eskaintzen duzuen zerbitzuari ez zaio merezi duen garrantzia ematen. Bezeroak ezagutzen dituzue, badakizue zer duten gustuko, zer doakien ongi, arreta pertsonalizatua eskaintzen diezue, produktuak probatzeko aukera dago eta aholkuak ematen dituzue. Hori balorean jarri behar da. Ez da soilik produktu bat erostea, bizi duzun esperientzia guztia bizitzea, baizik. 
Bai, hala da. Askok baloratzen dute, baina garaiak ere nahasiak dira. Momentuz, ostiralean eta larunbatean esperientzia berezi bat eskainiko dugu; eta ongi ateratzen den. 

7.Pandemia dela, aurten stock azoka hau ezin izan duzue frontoian egin. Nola egin zenuten?
Denda batzuk negozioko txoko batean jarri zuten eskaintza, edo atean. Bakoitzak bere gunetxoa prestatu zuen neguko stocka ateratzeko. Azkeneko errematea. 

8. Urtaro aldaketa dator, baina oraindik egun hotzak etorriko dira, eta Azkeneko Errematean produktu bikainak prezio paregabean erosteko aukera eskaini duzue.
Bai, aukera polita da. Musika jarri genuen, kalea animatzeko eta baita ere gu, merkatariok, animatzeko. Egoera oso zaila da, eta animatu beharra dugu. Pentsa ere komertzio batzuk itxita daudela. Beraz, sakandar guztiak guretik pasatzera animatzen ditugu, oraindik zer edo zer topatuko dutelako. 

9. Udaberria dator eta horrek beti poztu egiten du; udara begira gure ekonomian ere kimuak antzemango dira. Gutxika, baina martxan hasiko gara.
Eguraldiak asko egiten du, hori egia da, eta Sakanan, udaberrian, jende asko ateratzen da erosketak egitera. Kimuak bezala, gu ere birjaioko gara; hori pentsatu nahi dugu. Jende gaztea ere animatu nahiko genuke. 

10.Mugak itxita egoteak ere kalte egin dizue.
Bai, Altsasu bidegurutzea da, eta Arabako eta Gipuzkoako bezeroak ditugu, orain etorri ezin direnak. Horrek kalte egiten digu, guretako bezero garrantzitsuak direlako. Beste zama bat da. Eskaerak egiteko garaian ere, ez dakizu luze edo motz geratuko zaren… Gauza asko dira eta erresistentzia moduan gaude, baina, beno, Aste Santuaren ondoren, espero dezagun gutxika mugak irekitzea, martxan hastea eta jendea kalera ateratzea animatzea. 

11. Azkeneko Errematea Altsasuko Dendarien Elkarteko 13 dendatan izan da, ezta?
Bai. Arkatz liburu denda, Asensio, Calzados Bengoetxea, Deportes Lezea, Ekin Moda, Iker Kirolak, Iulene, Joselen-Joss, Katuka, Mari Carmen, Larka, Lasa Kirolak, Liburunda, Pinpilinpauxa, Sare Calzados, Tu Tienda Especial, Txikitxo eta 13 Udaberri Lore denda komertzioetan.