Martinen bidaiak

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mar. 11a, 13:07

Ibon Martin idazlea 'La hora de las gaviotas' eleberriaren aurkezpenean, Iortian. ARKATZ

Ibon Martin idazlea etxean bezala sentitzen da Altsasun. Aurreko astean 'La hora de las gaviotas' bere azken eleberria aurkeztu zuen Iortia kultur gunean "lagunen" artean. Oraingoan Hondarribira bidaia egin du Martinek.

Eleberri berria aurkezteko orduan argitaletxeak "bira" erabakitzen dio, eta bakarrik hiriburuetara eramaten dute, baina Iban Martin idazleak bira horretan Altsasu sartzea eskatu zuen: "Derrigorrezkoa da". Altsasun zale "pila bat" ditu, bereziki Elena Aldasoro Arkatz liburu dendako jabea Martinen eleberrietako tokietara bisita gidatuak antolatzen hasi zelako. Hortaz, beste behin ere, aretoa bete zuen idazleak. "Oso gustura egoten naiz; dagoeneko lagunak dira". Bi emanaldi eskaini zituen: alde batetik, Oninen liburu bildumaren solasaldia egin zuen eta, bestetik, La hora de las gaviotas bere azken eleberria aurkeztu zuen.

La hora de las gaviotas Hondarribian gertatzen da: "Alardean hilketa bat gertatzen da". Euskal Herrian dagoen festarik "polemikoena eta lotsagarriena" dela esan du Martinek: "Pena handia da festa giro batean halako gerra zibila egotea urtero eta desfilatzen duten neskak nola umiliatzen dituzten ikustea". Salatu beharreko egoera bat dela uste du idazleak, eta horregatik istorioa bertan kokatzea erabaki zuen. "Hemendik ateratzen garenean inork ez du alardeari buruz ezer entzun. Honi buruz hitz egin behar dugula uste dut, horrela aritzen direnak lotsarazi behar ditugu".

"Beti daude esaten kanpokoek ez dugula ulertzen. Baina agian kanpokoek beraiek baino hobeto ulertzen dugu bertan ez daudelako gure bihotzak eta barnekotasunak jarrita. Guk hotzean ikusten dugu". Txingudiko badian alardearen gaia tabu bat da, eta egin behar zuela sentitu zuen: "Banekien kritika pila bat etorriko zirela eta eskualde horretan irakurleak galduko nituela". Baina irakurle "intoleranteak" galdu behar baditu "ongi etorria" dela gaineratu du. "Beraiek galtzen dute". Pena handiena liburua irakurri gabe, ez dutela irakurriko eta dagoeneko bere zaleak izateari utziko diotela entzun behar izatea izan da: "Behin irakurrita alardea agertzen da, eta nire pertsonaien iritzia argi geratzen da, baina eleberri bat da eta inor ez da deseroso sentituko". Jendeak ongi pasatzeko idazten du Martinek, "ez da salaketa hutsa".

Lekuak
Pasaia, Orbaizeta, Zugarramurdi, Urdaibai, Donostia, Hondarribia… Martinen eleberrietan lekuak garrantzia handia du: protagonista bat bihurtzen da. "Idazten hasten naizenean tokia finkatzen dut. Lehendabiziko gauza eleberria non kokatuko dudan pentsatzea da". Gero bertatik paseoak ematen ditu eta jendearekin harremanetan hasten da: "Zer arazoekin bizi diren, egunerokotasuna…". Duela hogei urte inguru gida liburuak idazten hasi zen Martin, "eta badaude leku batzuk zerbait gehiago eskatzen didatela". Pertsonak egiteko orduan "aldameneko" jendean oinarritzen da. "Askotan tabernetan edo kafetegietan idazten dut, edo azokara noa eta bertan jendearen eskaerak entzuten ditut, izaera…". Batetik eta bestetik ideiak hartzen, bere eleberrietako pertsonaiak osatzen ditu.

"Hasieratik argi daukat nola hasiko den eta nola bukatuko den eleberria: nor izango den hiltzailea eta hori guztia". Hala ere, hasieratik aurreikusten duena istorioaren zati txiki bat baino ez dela azaldu du idazleak: "%20 bat izango da; beste guztia idazten noan bitartean sortzen da". Buruarekin lekuetara bidaiatzen du, eta "bideak" sortzen joaten dira. "Oso ondo pasatzen dut idazten dudanean". Irakurleak jasotzen duela uste du Martinek, eta, ondorioz, eleberriaren bidez bidaiatzen dute. "Baina ez da bakarrik paisaia erakargarri bat, tentsio pila bat egoten da. Lehenengo orritik hilketa bat egoten da, eta beti gaude bihotza eskuan". Irakurleek ere sentitzen dute.

Ane Cesteros da La hora de las gaviotas eleberriaren protagonista. Aurreko eleberriaren, La danza de los tulipanes liburuaren, ikertzailea ere bada. Aurretik Leire Altuna izan zen ikertzailea, lau liburutan. "Cesterorekin beste istorio bat izango dugu". Dagoeneko idazten ari den trilogia osatuko zuen liburua. "Nire asmoa laugarren bat egitea da, eta hor bai gelditzea". Leire Altunarekin laugarren liburuan sentitu zuen pertsonaiaz aldatu behar zuela, "eta Cesterorekin antzeko zerbait pasatuko zaidala uste dut".


Ibon Martin 'Onin'-en liburuak sinatzen, Altsasun. ARKATZ

Arnasa hartuz
Bi generoen artean idazten du Martinek: nobela beltza eta haurrendako literatura. "Aldatzea oso ondo datorkit arnasa hartu behar dudalako. Hainbeste hilketekin, ikerketekin, tentsiorekin eta abarrekin zerbait errazagoa behar dut". Haurrendako literatura egitea ez da erraza, baina beste modu batera idazteko aukera ematen dio Martini: "Beraien buruan sartzen naiz eta bertan hilabete luze batez ibiltzen naiz Oninen eta bere lagunen abenturak sortzen". Haurrek Onin eta bere koadrilla lagun moduan hartzen dituzte. "Gertuko istorioa dira".

Nobela beltzarekin hasi aurretik Martinek gidaliburuak idazten zituen. 300 bat ibilbide idatzi zituen. Ibilaldien artean, irteerarik ezin zituenean egin eta zaletasun bat bezala idazten hasi zen. "Bost urteko hobby bat izan zen". Hortik El valle sin nombre bere lehenengo eleberria idatzi zuen, historikoa. "Asko ikasi nuen".