Saskibaloia

Naiara Diezek saskibaloia utziko du

Guaixe 2021ko mar. 10a, 18:18

Gernika Lointekek kapitainari eskainitako agurra.

Lointek Gernikako kapitain altsasuarrak denboraldi bukaeran utziko du saskibaloia, 34 urterekin. Gaur eman du erabakiaren berri, agurtzeko idatzi duen gutun batean. “Oso zoriontsu” izan dela eta esker oneko hitzak izan ditu

Naiara Diez saskibaloi jokalariak denboraldi bukaeran saskibaloia uztea erabaki du. Altsasuko CBASK Saskibaloi Taldean trebatu zen altsasuarra Ardoi eta Basketa Zarogoza taldeetara egin zuen salto, eta emakumezkoen saskibaloi maila gorenera iritsi zen Union Navarra Basket eta Gernika Lointek taldeekin. Azken talde honekin historia egin du Naiara Dieek, EuroCup Txapelketan final zortzirenetara iritsi baitzen iaz. Taldeko kapitain kuttuna da Naiara, eta aurten ibilbide polita darama talde bizkaitarrak. Ligan txukun, EuroCupean aurrera egin du eta asteburuan Erreginaren Kopako finalerdietan erori zen. 

Gaur jakin da kapitainak saskibaloia utziko duela, Naiara Diezek berak idatzitako agur gutun batean. “Saskibaloi maitea, zure ondoan egindako nire jokalari ibilbidea amaitu da” hitzekin hasten da gutuna. 34 urterekin eta saskibaloiaren gorenean dagoela utziko du bere ibilbide oparoa saskibaloi kapitain altsasuarrak, “oso zoriontsu” izan dela nabarmenduz eta esker oneko hitzak besterik ez dituela. 

Naiara Diezen agur gutuna
Saskibaloi maitea, zure ondoan egindako nire jokalari ibilbidea amaitu da.

Eskerrak eman nahi dizkiet bidean aurkitu ditudan pertsonei, une bakoitza bakarra eta berezia egiteagatik. Bide hau Altsasu bezalako herri txiki batean hasi zen. Bertan ikasi nuen ametsak gero eta gertuago daudela lanaren ekinez. Arrazoi zuten, ez nuen inoiz pentsatuko nire “hobby”-an pasatu nituen kiroldegiko arratsalde horiek azkenean nire ogibide eta bizitza bilakatuko zirenik. Horrenbestez, oso zoriontsu izan naiz.

Eskerrik asko Ardoi, Basket Zaragoza, Unión Navarra Basket, Gernika Kirol Elkartea Saskibaloia eta bere zalego guztiari, une oro haien berotasuna sentiarazteagatik eta nire maleta pasarte eta bizipen ahaztezinez betetzeagatik.

Gernika, bertan pasa ditudan 8 urteengatik, nire etxea bilakatu da eta beraz, gernikar bat gehiago naiz. Nola zaindu nauzuen! Eskerrik asko denori, Malosteri eta MAREA GRANATEARI, zuon berotasuna sentitzea bakarra delako, izan une onenetan edo txarrenetan, baina beti hor egon zarete, jesarlekuan zutik hainbeste hunkitzen gaituen txalo zaparrada ozen hori ematen; baita kalean, egunerokoan animoak ematen dituzten pertsona horiei ere eskerrak. Batez ere, beraien irribarreekin nire ilusioa berpiztu izan duten umeei.

Eskerrik asko hedabideei eta saskibaloiaren inguruan, kamara aurrean edo atzean, lan egiten duten denei, beti errespetuz eta adeitasunez zaindu didazue eta hori ez dut ahaztuko. Bide batez, segi emakumezkoen kirola bozgorailuetan jartzen, ez baitago aurrera egiteko beste biderik.

Eskerrik asko aldagela partekatu dudan taldekide bakoitzari, kapitain lanak errazteagatik. Zuen falta sumatuko dut. Eskerrik asko nire ibilbidean aurkari izan ditudan jokalari guztiei, zuei esker eman dut nire mailarik onena eta aldi berean, pozik jaso ditut kiroltasunak trukean emandako pozak.
Eskerrik asko epaileei, etxean zuotariko bat izan dut, nire aita, eta eskerrak besterik ezin dizkiot eman zuen lana errespetuz zaintzen irakasteagatik. Badakit zein zaila den zuen lana kantxa barruan eta horregatik, bihotzez eskertzen dizuet hortik kanpora erakutsitako adeitasuna.
Azkenik, eskerrik asko nire FAMILIARI, nire hezkuntza umiltasunean oinarritu izanagatik, beti nire ondoan egoteagatik, erortzen ez uzteagatik. Nire lagunei, nondik gatozen gogoratzeagatik eta gauden tokian gaudela, beti batera egongo garelako.

Eskerrik asko aipamenik behar ez duten pertsona berezi horiei. Egunerokotasunean bizitako uneak bakarrak bihurtzen dituzten horiei.

Helmugara iritsi naiz, gauetako ametsak baino hobeak izan diren uneak bizita eta maleta une ahaztezin eta balorez lepo. Zoriontsu izan naiz eta pozik noa. Nire kirol ibilbidean zehar lortutako garaikur garrantzitsuena eskuratu baitut: Bizitza osorako lagunak.

Hau da nire geltokia, baina inork ez dezala zalantzan jarri saskibaloiaz gertutik gozatzen jarraituko dudala, harmailetatik, beste edozein zale bezala.

Plazerra izan da. A zelako zortea nirea zuen ondoan gozatzeagatik! Espero dut pandemia egoerak eta une gogor hauek hobera egitea eta laster batean, saskibaloi partidetako harmailak ikuslez beteta ikustea. Orduan esango diogu agur elkarri behar bezala.

Eskerrik asko bihotzez:
Naiara.