Bi mende Korazonistak sortu zirela

Guaixe 2021ko mar. 10a, 10:56

Sagrado Corazon ikastetxea.

Kongregazioa sortu zela oroitzeko ekitaldiak eginen dituzte ikasturte honetan zehar.

Lyongo (Frantzian) haur behartsuen beharrei erantzuteko Aita Andres Coindrek (1787-1826) Bihotz Sakratuaren Anaien Kongregazioa, Korazonistak, sortu zuen. 1821eko irailaren 30ean izan zen hori, aurten bi mende. 200. urteurrena ospatzeko kongregazioak Bihotzak bultzatzen gaitu lelo aukeratu du. Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxeko akademia zuzendari Eva Urizek azaldu duenez, “pandemia dela eta, ez dira prestatutako ekitaldi asko egin. Hala ere, aurreko astean, ikasleek ‘Fundatzaileen Astea’ ospatu zuten Altsasuko ikastetxean, hain garrantzitsua den data gogorarazteko”. 

Urizek azaldu duenez, gaur egun “komunitate korazonistak bost kontinenteetako 30 herrialdeetara baino gehiagotara ailegatu dira. Jesusen Bihotzaren Anaien dedikazioak bat egin du irakasleekin eta ehunka profesionalekin, Aita Coindreren ametsa aurrera eramateko”. Kongregazioa Altsasura 1926an iritsi zen. Zuzendariak azaldu duenez, “korazonistok, Konfiantza Proiektuari jarraituz, gure hezkuntza lanaren helburu nagusia  ikasleen garapen integrala da, arreta pertsonalizatua eskainiz eta kristau balioetan oinarrituta”. Gaineratu duenez, “gure fundatzailearen ereduari jarraituz, ez ditugu behar handiena duten pertsonak ahazten, mundu osoan zehar gizarte lan garrantzitsua sustatuz, esaterako, Garesen Centro Puenten edo Gasteizen Coindre Etxean.