Txirrindularitza

Aurtengo lehen lasterketa atea joka: igandean, juniorren 35. Udaberri Trofeoa Altsasun

Guaixe 2021ko mar. 12a, 11:30

Azkeneko Udaberri Trofeoa Igor Arrietak irabazi zuen.

Burunda Txirrindularitza klubak antolatutako lasterketa goizeko 10:30ean abiatuko da eta txirrindulariek 80 km izanen dituzte aurretik, Altamirako bi igoera tartean

Duela urte bat, 2020ko martxoaren 15ean, Burunda Txirrindularitza Klubak antolatutako juniorren 35. Udaberri Trofeoa lasterketa zen jokatzekoa. Baina egun horretan bertan Espainiako Gobernuak Alarma Egoera ezarri zuen eta konfinamendua hasi zen. Guztia bertan behera geratu zen, baita 35. Udaberri Trofeoa ere. Eta hain zuzen ere, urte bat geroago, igande honetan, martxoak 14, jokatuko da 35. Udaberri Trofeoa.

Pandemian jarraitzen dugunez, osasun neurri zorrotzak beteko dituzte Burunda Klubekoek. “Eremu bat itxiko dugu eta bertan txirrindulariak eta taldeak egongo dira, burbuilan. Eta, jakina, Nafarroako Txirrindularitza Federaziotik eskatutako osasun neurri guztiak beteko ditugu” azaldu du Burundako presidente Oscar Guerrerok.

Juniorren 35. Udaberri Trofeoa igandean goizeko 10:30ean abiatuko da Iortia plazatik. Juniorrek Ziordia eta Etxarri Aranatz artean prestatutako 80 kilometro gorabeheratsu izanen dituzte aurretik, Altamirako bi igoera tartean. Helmuga Altsasuko udaletxe parean izanen da, 12:30ak inguruan, beti ere txirrindulariek proba osatzen duten abiaduraren arabera.