Txirrindularitza

Chris Froome zuzentzeko “sekulako ilusioa” du Oscar Guerrerok

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 17a, 13:00

Israel Start-Up Nation taldeko kirol zuzendari altsasuarrak martxoaren 22an hasiko den Kataluniako Voltan zuzenduko du Chris Froome lehen aldiz. Halako lider bat gidatzeak taldeari ardura eta presio gehiago ekarriko diola jakitun da, baina oso gogotsu dago

Martxoaren 22an hasiko da Kataluniako Volta, Calellan, eta 6 egun geroago Bartzelonan despedituko da. Bertan ariko diren txirrindulariek 1.000 kilometro baino gehiago osatu beharko dituzte orotariko profilak dituzten 7 etapetan, eta txirrindularitzaren elitea bilduko da bertan. Eta hain zuzen ere lasterketa horretan mustuko du aurtengo denboraldia Israel Start-Up Nation taldeko Oscar Guerrero kirol zuzendariak.

Aurretik bere taldearekin pare bat kontzentrazio egin ditu zuzendari altsasuarrak, baina 2021 denboraldian gidatuko duen lehen lasterketa Volta izanen da. Eta bere esanetara ez du nolanahiko taldea izanen; guztien buru, aurtengo fitxaketa izarra egonen da: Chris Froome. Txirrindulari britainiarrak (1985, Nairobi) sekulako palmaresa du: 60 garaipen baino gehiago, tartean Frantziako 4 Tour (2013, 2015, 2016 eta 2017), Espainiako 2 Vuelta (2011, 2017), Giro bat (2018), Dauphinéko 3 Criterium (2013, 2015 eta 2016) eta Olinpiar Jokoetako bi domina ditu 2012, 2016).

Hasierako ilusio berbera
Denboraldia hasteko irrikaz dago aldi berean Burunda Txirrindularitza Taldeko presidente den Oscar Guerrero. Hala sumatzen zitzaion martxoaren 7an Burunda Txirrindularitza Klubak egindako aurkezpenean. “Lehen nuen pasio eta ilusio berbera dut, Burundako kadeteen taldea gidatzean nuen irrika berbera. Baina aitortu beharra dago hau guztia askoz ere handiagoa bilakatu dela” azaldu zuen. Izan ere, Israel Start-Up Nation taldeak behetik gora egin du nabarmen. Tartean, joan den urteko Espainiako Vueltan garaipen bat lortu zuen Oscar Guerrerok zuzentzen duen taldeak –Daniel Martin irlandarrak irabazi zuen iazko Vueltako 3. etapa, Guerreroren esanetara– eta hori “zuzendari gisa izan dudan pozetako bat” izan zela gaineratu zuen.

Gora egin du Israel Start-Up Nation taldeak eta goian jarraitu edo gorago egon nahi du. Chris Froome fitxatu izana da horren adibide. Froomen helburu nagusia aurtengo Tourra da, eta horretara egokitu du aurtengo egutegia: UAE Tourra, Kataluniako Volta eta Dauphiné Criteriuma. 
Froomekin “asko" ikasiko du

Froome Oscar Guerreroren esanetara ariko da Voltan. “Arraro egingo zait; akaso sinadura eskatuko diot Katalunian ikusten dudanean” egiten du txantxa Guerrerok. Baina oso serio jartzen da Froome gidatzeak “sekulako ilusioa” ematen diola esateko. “Izugarrizko ilusioa dut, eta badakit horrek, aldi berean, ardura eta presio gehiago ekarriko diola taldeari. Froome gidatzea ez da beste edozein txirrindulari zuzentzea. Baina argi dut berak asko erakutsi behar digula eta berarekin asko ikasiko dugula. Ikusiko dugu bere hankek noraino eramaten duten, ez dakigu irabaztera izango den, edo gertu egotera edo ez, baina berak duen guztia jarriko duela oso argi dut” nabarmendu zuen Altsasuko kirol zuzendariak Iortiako aurkezpenean.

Gazteen oldarraldia
UCI Pro Tour tropelean geroz eta txirrindulari gazteagoak dira protagonista. Junior mailatik zuzenean profesionaletara doaz batzuk. Hor ditugu Remco Evenepoel, Wout van Aert, Tadej Pogacar, Primoz Roglic eta Mathieu van der Poel, esaterako. “Mathieu van der Poelena aparteko kasua da. Inork ez dugu bere fenomenoa ulertzea lortu. Inork ez dizkio mugak jartzen. Apartekoa da. Baina estatuko txirrindulariez ari bagara, honek beldur pixka bat ematen du. Azkeneko joerak ikusita, badirudi txirrindulariek 19 edo 20 urterekin profesionaletara salto egin behar dutela eta hori ez da horrela; pazientzia izan behar da. Espainiakoa txirrindularitza askoz ere lasaiagoa da. Afizionatuen mailan 130 kilometroko lasterketak egitetik profesionaletara dagoen saltoa handia da; berde samar iristen dira txirrindulariak. Aurreko egunean Josu Etxeberriak aipatzen zidan aldaketa ikaragarria dela. Eta hori, normala da. Eta Josu 25-26 urteetara iristen denean txirrindulari ona izanen da” azaldu zuen Oscar Guerrerok. 

Txirrindulariei pazientzia eskatu die
Aldiz, Europako Iparraldean eta Europako Ekitaldean 19 urterekin ia profesionalak dira txirrindulariak eta 20 eta 21 urterekin emaitzak izateko gai dira. “Baina 28-30 urterekin ezin duzu askoz ere gehiago espero. Horregatik hemengo txirrindulariei esaten diet lasai egoteko, gutxika joateko. Ez da erraza 20 edo 21 urterekin izugarri nabarmentzen den bertako txirrindularirik topatzea, baina beranduago, 26-28 urte dituztela, beti agertzen dira. Hemen geldoago doaz gauzak, baina beti iristen da momentua” nabarmendu zuen Guerrerok.