Liburutegiaren historiaren tunela

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mar. 18a, 12:51

Jaione Vicente erakusketaren komisarioa mustutze ekitaldia azalpenak ematen.

Altsasuko liburutegia Nafarroako Liburutegi sarean sartu zen lehenengo liburutegia izan zen, Miranda de Argakoarekin batera, duela 70 urte. Sarearen eta Nafarroako liburutegiaren 150. urteurrena ospatzeko 'Liburu eremua. Eremu librea' erakusketa mustu dute

1934. urtean liburutegi bat irekitzeko baldintzak liburuzain boluntario bat izendatzea, liburutegia lau orduz irekita izatea eta Udal Liburutegi Publikoa (gaztelaniaz) jartzen zuen kartel bat egotea ziren. Espainiako II. Errepublikaren garaia zen, eta Espainiako Gobernuak garrantzia handia eman zion hezkuntzari eta kulturari. Herria kulturalki ere elikatu behar zela uste zuten. Altsasun baldintza horiek beteta lehenengo liburutegia ireki zuten gaur egun Gure Etxea eraikinaren beheko solairuan, garai hartan udaletxea zen. 1950. urtean Nafarroako Liburutegien Sarea sortu zen eta Altsasukoa eta Miranda de Argakoa sarean sartzen lehenengoak izan ziren.

2020. urtea urte garrantzitsua izan zen Nafarroako Liburutegiendako, izan ere, Sarearen 70. urteurrena ez ezik, Nafarroako Liburutegi orokorrak 150 urte bete zituen. Ospatzeko Liburu eremua. Eremu librea erakusketa mustu zuten Iruñean. Iñaki Apeztegia Nafarroako kultur zuzendari orokorrak azaldu duenez, "erakusketa hau ezin da ulertu ibiltaria ez bada". Eta bere lehenengo geltokia Altsasun izan da. Martxoaren 5ean Iortia kultur gunean mustu zuten eta apirilaren 23ra arte, Liburuaren egunera arte, zabalik egonen da. Ondoren, San Adrianen egonen da.

Liburuak gordetu
Azalpenezko taulen bidez Nafarroako Liburutegiaren eta Liburutegien Sarearen historia biltzen du erakusketak. Hiru etapa desberdintzen dira: gordetzea, konexioa eta laguntza, erakusketan hiru arkuekin desberdintzen direnak. 1810. urtetik Nafarroako Liburutegiaren "lehenengo hazia" jarri zutenetik, gaur egun arte. Jaione Vicente erakusketaren komisarioa da eta mustutze ekitaldian bisita gidatua eskaini zuen. "XV. mendean elizgizonek liburuak kopiatzen, gordetzen eta zaintzen zituzten". Pixkanaka geroz eta jende gehiago irakurtzen ikasten hazi zela azaldu zuen, eta gordetu ez ezik liburuak elkarbanatzen hasi ziren. "Historian zehar liburutegiekin dugun harremana aldatu da, laguntza harreman bat bihurtu arte".

Liburutegien hasierako helburua, beraz, liburuak gordetzea zen. Beraz, XIX. mendearen hasieran elizaren desamortizazioa izan zen eta elizgizonek zaintzen zituzten liburu gehienak herrialde osotik banatu ziren. Liburu horiek biltzen hasi ziren eta horrela jarri zuten 1810. urtean liburutegiaren "lehenengo hazia".

Urteekin liburuen bilduma handituz joan zen heinean, beste leku bat bilatu behar izan zuten eta San Jose plazako bigarren irakaskuntzako institutura eraman zituzten 1870. urtean.

"Beste 40 urte pasa ziren eta II. Errepublikaren gobernuak uste zuen hezkuntza ezinbestekoa zela pobreziari aurre egiteko. Liburutegi bidaiariak deitutakoak antolatzen hasi ziren". Liburutegi bidaiari hauek 100 edo 300 bat liburuz osatutako kutxa batzuk ziren, eta herriz herri eramaten zituzten. Nafarroan 81 izan ziren, haietako bat Altsasun. Maria Moliner izan zen ideiaren sustatzaileetako bat: "Hezkuntza eskubide bat da".

Lehenengo liburutegia
Kontestu honetan sortu zen 1934. urtean Altsasuko liburutegia. Lehenengo liburuzaina Enrique Goikoa izan zen, 27 urteko maisua. Liburutegia izateko baldintzak izenburu bat izatea, liburuzain boluntario bat egotea eta liburutegia lau orduz irekita izatea zen, eta Goikoak egunero 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara irekitzen zuen.

Altsasuko liburutegian hainbat dokumentu "altxor bat bezala" gordetzen dituzte. Altxorrak direlako. Esaterako, 1933ko liburutegiaren sorreraren akta originala erakutsi dute, baita 1931. urteko Batzorde Pedagogikoen txartel bat ere. "Udalak oso argi zeukan kultura sustatu eta bultzatu behar zuela. Liburutegiaren batzordea sortu zenetik liburutegia ireki zen arte urte bakar bat pasatu zen". 300 libururekin hasi zirela azaldu du Elena Aristorena liburuzainak. Gaur egun, 40.000 pasa biltzen ditu Altsasuko liburutegiak. Erakusketan ere gazteen "eskakizunen liburua" ikus daiteke: "Izen abizenak agertzen dira, eta familiak ezagutzen ditugu. Oso bitxia da". 12 urteko Luis Salegik Me gustaría leer la obra Tarzán de los monos idatzi zuen 1930ko hamarkadan. Liburutegian bildu zuten lehenengo liburu lotearen lehenengo liburua, garaiko euskarazko eskola txartel bat, fitxak, karnetak, erregistro liburuak… Altxor bitxi asko jaso dituzte liburutegian.

Konexioa
Altsasuko liburutegia mustu eta bi urte beranduago 1936ko estatu kolpea izan zen, eta harekin gerra eta zentsura. Liburutegietan egon zitekeen liburuak erabakitzeko liburuak argitaratzen zituzten ere, eta haietako bat Altsasun gordetzen dute ere. 2600 liburu inguru aztertu ziren eta gorriz markatutakoak erre zituzten. "Ez zen inor libratu". Gainera, bigarren irakaskuntzako institutua txiki gelditu zen, eta liburutegia Carlos III. Etorbidera leku aldatu zuten. Luis del Burgori liburutegiaren berrantolaketa egitea eskatu zioten, eta bera Bartzelonakoan oinarritu zen lana egiteko. Orduan sortu ziren lehenengo sareak.

Liburutegien sareak sortzeko udalak lokal bat jarri behar zuen eta ondoren Nafarroako Diputazioak liburutegi bihurtzeko dirua ematen zuen. Baina ez zegoen irizpide jakinik, Vicentek azaldu duenez: "herri oso txikiek liburutegia zuten eta handiagoek ez". 1950. urtean sarea sortu zen Altsasuko eta Miranda de Argako liburutegiekin. Garai honetan liburuzainak emakumezkoak izaten hasi ziren, liburutegiak maisuaren eta hezkuntzaren iruditik aldendu nahi dutelako. Entretenimendu bat bihurtzen da, eta filosofia paternalista batetik egiten zen: "Nekazal arloko jendea lagundu behar zela esaten zuten". Liburuzainen lana 1970ko hamarkadan hasi zen profesionalizatzen

Ezagutza
Carlos IIIeneko liburutegia ere txiki gelditu zen eta San Francisco plazako eraikinera pasa zuten, handiagoa zenez, pentsatuz bizitza osorako izango zela. Baina hori ere txiki gelditu zen eta duela hamarkada bat inguru Nafarroako Liburutegi Orokorra berria zabaldu zuten.

1983. urtean "iraultza" bat izan zen liburutegien munduan: liburuak hartzeko aukera zabaldu zen. Ordura arte, liburuak edo dokumentuak bertan irakur eta erabili zitezkeen. "Fitxa betetzen zenuen, liburuzaina liburua hartzera joaten zen, ekartzen zizun, liburutegian kontsultatzen zenuen eta gero itzultzen zenuen". Aldaketa oso garrantzitsua izan zen maileguaren zerbitzua martxan jartzea.

Azkenengo fasea 2000. urtean hasi zen irakurketa kluben sorrerarekin. Horrekin jakintza elkarbanatzen da eta liburutegiak laguntza tokiak bihurtzen direla azaldu du Vicentek. "Liburutegian natura edo ingurugiroa aldatzen da. Erabiltzaileek ezagutza sortzen dute".