Areto futbola

Osasuna Magna Xotaren gol festa ederra

Guaixe 2021ko mar. 17a, 10:40

Talde irurtzundarrak 7 eta 2 irabazi zion Antequerari 24. jardunaldiko partidan eta igandean aste honetako hirugarren garaipena lortu nahiko luke Barçaren kontra

Pozik, oso pozik dago Osasuna Magna Xota. Larunbatean Burelaren kontra irabazi eta gero, atzo Antequeraren kontra garaipena lortu nahi zuen Imanol Arregiren taldeak, lehen mailako kategoriari eutsi eta play-off postuei begira jartzeko. Garaipena lortu zuten, eta nolakoa: 7 eta 2 gailendu ziren irurtzundarrak etxean. 

375 ikusle bildu ziren Anaitasunan Osasuna Magna eta Antequeraren arteko partidaz gozatzera. Orain arte nahiko justu gailendu izan da talde berdea, eta zaleak ez daude atzoko gol festara ohituta.   Hasieran Antequerak sortu zituen gol aukera onenak, baina talde berdeak mustu zuen markagailua, Cesarrek sartutako golari esker. Mancusok eta Linharesek egindako tantoei esker, 3 eta 0 aurreratuta joan ziren berdeak atsedenaldira. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak; Osasuna Magna Xota gose zen, eta gol festak jarraitu egin zuen. Roberto Martilen eta Dani Zurdoren jaurtiketak Antequerako ate barruan sartu ziren, baina Antequerak ez zuen etsi eta bi gol sartuta, 5 eta 2 hurbildu zen markagailuan. Baina bolada onean jarraitu zuen Imanol Arregiren taldeak, eta Linharesek eta Asier atezainak sartutako golekin, 7 eta 2 irabazi zuen talde berdeak.

Imanol Arregi oso kontentu zegoen. “Ez gara ongi hasi eta lehen zatian parez pare ibili gara bi taldeak. Baina kontrako atean asmatu dugu eta 5 eta 0-arekin partida ia erabakita utzi dugu. Garaipen justua da, guretako oso garrantzitsua dena eta jokalariek merezi dutena, urte osoan lan izugarria egin dutelako. 1. mailari eusteko gertu gaude” azaldu zuen. 

Igandean Barça aurkari
Gaurko partiden emaitzen faltan, Levante da liderra (51 puntu) eta Osasuna Magna Xota 9. postuan dago (31 puntu). Igandean sailkapenean 39 punturekin 5. postuan dagoen Barça izango du aurkari talde berdeak, Palau Blaugranan. “Lehiatzera goaz ea sorpresa ematen dugun” dio Imanol Arregik. Astea borobiltzeko primeran etorriko litzateke.