Duatloia

Altsasuko Duatloian "maila oso ona" egongo dela dio antolakuntzak

Guaixe 2021ko mar. 19a, 13:02

Bihar larunbata, Altsasuko X. Gabirondo Vehículos de Ocasión Duatloia jokatuko da Ibarrea industrialdean. Goizeko 10:30ean Nafar Kirol Jolasak jokatuko dira, arratsaldeko 15:15ean kadeteen eta gazteen proba, Espainiako Txapelketarako sailkagarria dena, eta 16:00etan proba absolutua, aldi berean Nafarroako Duatloi Txapelketa izango dena, eta erreleboak

Ibarrea industrialdeak industri jardueratik gutxi eta kiroletik eta duatloitik asko izango du larunbatean. Sakana Triatloi Taldea eta Nafarroako Triatloi Federazioa bertan jokatuko den Altsasuko X. Gabirondo Vehículos de Ocasión Duatloia antolatzeko lanean dabiltza buru belarri, babesleen laguntza duela, proba egun osoko duatloi festa izango delako. Goizeko 10:30ean Nafar Kirol Jolasak abiatuko dira, 15:15ean kadeteen eta juniorren proba, Espainiako Duatloi Txapelketarako sailkagarria izango dena, eta 16:00etan emakumezkoen eta gizonezkoen proba absolutua, aldi berean Nafarroako Duatloi Txapelketa izanen dena, eta erreleboak. Antolakuntzak proba Altsasuko herrigunetik atera du eta Ibarrea industrialdean jokatuko da, eskatutako osasun protokoloak bete ahal izateko. 

Nafar Kirol Jolasetan 80 partaide
Goizeko 10:30etatik aurrera jokatuko dira Altsasuko Duatloiko Nafarroako Kirol Jolasak. Hiru lasterketa izanen dira: benjamin, kimuen eta haurren mailakoak. Korrikako segmentua Ibarrea industrialdean prestatutako zirkuituan eginen da eta bizikletako eremua Ibarrea industrialdearen, Txunkai kalearen eta San Juan baselizaren artean egingo dute. Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulatek aipatu duenez, Nafar Kirol Jolasetako hiru proba hauetan guztira 80 neska-mutikok hartuko dute parte. 

Kadeteek eta juniorrek Espainiako Txapelketa helburu
Kadete eta junior mailako gazteen lasterketa arratsaldean hasiko da, 15:15ean, eta proba absolutuak duen distantzia erdia osatu beharko dute (2,5 km korrika -12,5 km bizikletan eta 1,25 km korrika). 50 duatleta inguru ariko dira. Altsasuko Duatloia Espainiako Duatloi Txapelketarako sailkagarria da. Hau da, Espainiako Duatloi Txapelketan aritu nahi dutenek  Altsasuko proba egin beharko dute, bertara sailkatu ahal izateko, eta lasterketa lehiatu eta polita aurreikusten da. 

Altsasukoa Nafarroako Duatloi Txapelketa da
Bukatzeko, 16:00etan abiatuko da Altsasuko X. Duatloi proba absolutua, aldi berean Nafarroako Duatloi Txapelketa dena, erreleboko probarekin batera. 200 duatleta daude izena emanda, topea. Distantziari dagokienez, Ibarrean prestatutako 2,5 kilometroko zirkuituari –Ibarrea tabernatik Guerra Hermanosera eta buelta– bi itzuli egin beharko dizkiote korrika, bizikleta hartu eta 25 km-ko buelta eginen dute Zegama alderantz, eta bukatzeko Ibarreako 2,5 kilometroko zirkuituari azkeneko buelta egingo diote, korrika. 

Pandemiak eskatutako segurtasun neurriak direla eta, Ibarrean burbuila antzeko gunea prestatu da bospasei enpresen artean dagoen eremu batean, Ibarrea tabernaren aurrean. Bertan boxak eta trantsizio guneak egongo dira, irteera eta helmuga ere bertatik eginen da, eta duatletek beroketa egiteko eremua han izanen dute. Otsailean Dantzalekun jokatutako Altsasuko Duatloi krosean bezala, irteera kronometratua izanen da. 5 segundoro 3 pertsona aterako dira. Jakina, ikusleak ezingo dira burbuilan sartu. Burbuilatik kanpo zirkuituko edozein eremutan egon ahalko dira, baina distantziak mantenduz. Antolakuntzak ikusleei Altsasun aparkatu eta Ibarreara oinez jaisteko eskaria egin die. 

330 partaide guztira
Guztira, bada, 330 partaide izango ditu Altsasuko Krosak: 80 Nafar Kirol Jolasetan, 50 kadeteen eta juniorren proban eta 200 proba absolutuan eta erreleboetan. “Altsasuko Duatloiak erantzun bikaina izan du. Proba bakoitzean 200 pertsonendako gehienezko tokia genuen eta proba absolutuan tokia bete da. Ezin daiteke inor gehiago aritu. Oso pozik gaude erantzunarekin” aipatu du Sergio Garcia de Eulatek. 

Altsasukoa maila altuko proba izango dela gaineratu du triatleta altsasuarrak. “Maila oso oso altua egonen da. Espainia eta Europa mailan lehiatzen diren kirolariak egonen dira. 6-8 duatleta dira proba irabazteko faborito argiak. Pentsa, Altsasuko Duatloi Krosa irabazi zuen Mikel Astiz larunbatean 6. edo 7. postuan sailkatzen bada, lan oso ona egingo du, eta ni 10. eta 12. postuen artean sailkatzen banaiz lan itzela egingo dut. Gu 2. edo 3. marran egongo gara bihar” azaldu du Garcia de Eulatek, irribarrez. 

Faboritoen artean Iker Ortiz de Zarate eta Iker Gallastegi aipatu ditu altsasuarrak, beste zenbaitekin batera. “Proban bakarrik duatleta nafarrek eman zezaketen izena, zenbait kasutan izan ezik. Esaterako, badaude batzuk berez nafarrak ez direnak baina euren kluba Nafarroakoa denez, Altsasun parte hartu ahal dutenak. Eta beste batzuk Nafarroako lizentzia dute Estatu mailako probatan parte hartzen dutelako, Saltoki Trikideak taldeko batzuk, esaterako, Espainiako eta Europako Txapelketak korritzen dituztenak. Egun proba horiek ez daudenez, Altsasura etorriko dira. Eta batzuk kanpoan geratu dira, tokia ez zegoelako. Beraz, Altsasuko Duatloian sekulako maila egonen da eta proba oso polita izango da” gaineratu du Garcia de Eulatek. Lehendabizikoek ordu bat eta 5-10 minutu beharko dituzte Altsasuko Duatloia osatzeko. “Izan ere, oso onak dira” nabarmendu du Garcia de Eulatek, eta gainontzekoek hortik goragoko tartea. 

Hotza iragartzen dute, baina badirudi ez dela prezipitaziorik izanen. “Sufritzea tokatuko zaigu, baina hau Sakana da. Jantzi gehiago jarri eta aurrera” dio Garcia de Eulatek irribarrez.