Loinatz, Castillo Suarez idazlearen pertsonaia berria da, eta Loinatz gaixo dago. Goizean jakin du gaixo dagoela, bere ama sukarra duela konturatu denean. Hortaz, ohean gelditu behar izan da, gaixo. Erdi esna erdi lo dago Loinatz eta bere ama sukaldean dagoela konturatzen da zenbat makina eta zenbat traste dauden sukaldean zarata egiten dutenak. "Dela kafe makina, dela ogia zimurtzeko makina, dela garbigailua… zarataz inguratuta bizi garela konturatzen da. Eta ezin da lokartu". Lokartzen da, baina berriz esnatzen dela azaldu du Castillo Suarezek.
Loinatzen loa Ikaselkarren proiektu berri batetik sortutako ipuina da. "Ikastolen elkarteko proiektu berri bat da eta beraien eskaintza pedagogikoa literaturarekin lotuta dago; sormenarekin". Suarezi eta Euskal Herriko hainbat idazleri eta ilustratzaileri "gai" bat eman diete ipuinak sortzeko. Suarezek makinei buruz idazteko enkargua jaso zuen, esaterako.
Enkargu zaila
"Hasiera batean pentsatu nuen: zer dakit nik makinei buruz? Industria poligono batean kokatuko dut liburua. Gero konturatu nintzen makinak oso gertu ditugula gure egunerokoan eta horretaz konturatzen gara argirik gabe gelditzen garenean. Erabat salduta gelditzen gara". Makinei buruzko ipuin bat ez ezik, "enkargu bikoitza" egin zion Ikaselkarrek: "makinei buruzkoa eta onomatopeiak lantzeko liburu bat izan behar zen". Hainbat onomatopeia, beraz, ezagunak direla azaldu du Suarezek, "bihotzak taup-taup, esaterako", baina makina horiek nola egiten duten "ez dugu erreparatu edo irakurri".
Onomatopeiak komikietan erabiltzen dira bereziki, baina euskaraz ere erreferente gutxi daudela aipatu du idazleak. "Enkargu zaila zen". Azkenean ez zekizkien onomatopeiak "asmatu" ditu eta Elkarreko edizio lanak egin dituen Xabier Mendigurenek errepasatu ditu: "Badakite han eta hemen zer argitaratu den eta horrelakorik noizbait argitaratu den". Kanpoko onomatopeiak erabili behar izan dituzte, "euskarak baditu bereak eta ez baditu sor ditzake".
Loinatzen loa album ilustratua dagoeneko Sakanako liburu dendetan salgai dago, eta, gainera, "lan pedagogiko izugarria" dagoela azaldu du Suarezek. "Aurrekoan erakutsi zidaten eta izugarria zen zenbat fitxa eta gauza dauden liburu horretatik atera daitezkeenak". Ikaselkar sortzen ari den liburu bakoitzerako material pedagogiko oso bat dagoela esan du idazleak. Loinatzen loa-ren kasuan lau eta bost urteko haurrek gaixotasunei buruz, makinei buruz, onomatopeiak eta abar ikas dezakete.
Bizirik
Mikel Antero da album ilustratuaren marrazkien sortzailea. "Liburuaren aurkezpenean bertan ezagutu nuen. Nik idatzi nuen, berari bidali nion eta berak marrazkiak egin zituen". Oso ohikoa izan ohi da horrela lan egitea. Antero animazioaren mundutik datorrela azaldu du Suarezek, "eta nik uste liburuan izugarri nabaritzen dela". Ordenagailuz sortutako marrazkiak dira, alaiak eta biziak. "Eman zezakeen gaixo baten historia tristea izan behar dela, baina egia esan izugarrizko bizitasuna ematen dio". Liburuan ere bitxikeria bat aurki daiteke: "Birusak marrazkietan ezkutatuta daude", eta haurrek birus horiek bilatu behar dituzte. "Ez koronabirusak. Orain koronabirusaren bolatxo iledun horiek leku guztietan ikusten ditugunez, horren bila goaz. Baina lehenago ere bazeuden birusak eta hemendik aurrera ere birusak ezagutuko ditugu". Gehiegi kontatu du.
Liburuaren istorioa garatzeko, besteak beste, "txikitako" oroitzapenak hartu ditu Suarezek. "Gaixo nengoenean aitonamonaren etxean egoten nintzen eta denak nire inguruan egoten ziren. Limoi ura ematen zidaten eta asko gustatzen zitzaidan". Suarezen hamargarren haurrendako liburua da, eta aurten beste bat kaleratuko duela aurreratu du. Haur literaturarako gaiak aukeratzeko orduan "karanbolak" direla aipatu du idazleak: "Lagun baztandar batek esan zidan bere amonak hitz egin ziola Bortzeun Goibel deitutako pertsonari buruz. Pentsa pertsona bati horrela deitzea. Pertsonaia uzteko galdetu nion eta ezetz esan zidan". Baina Ehun Goibelen ipuina bai kaleratuko du Suarezek. Altsasuko festetan ere neska bat ile oso traketsarekin ikusi zuen, "lehoi bat" ematen zuela esan du, eta ipuin bat merezi zuela pentsatu zuen.
Haurrendako literatura sortzean prozesua "antzekoa" izan ohi da. "Lehendabiziko lana da testua entregatzea". Aurten publikatuko den bigarren liburu horren testua dagoeneko entregatuta dagoela aurreratu du Suarezek. "Aurre maketa bat egiten dute eta modu honetan marrazkilariari esango diote zenbat marrazki egin behar dituen eta marrazki bakoitzak zer testuri dagokion. Fase horretan dago". Lehen Durangoko Azokarako kaleratuko zutela esaten zuten, baina orain "nork daki".