Alfaro da Ahal Duguko koordinatzaile berria

Begoña Alfaro Garciaren hautagaitzako kideak. Ezkerrean Beatriz Fernandez Santano. Argazkia: @AlfaroBego.

Primarioen bidez alderdi moreak zuzendaritza berritu du. Hautagaitzetan aurkeztutako bi altsasuarrak Hiritar Kontseiluan sartzear gelditu dira.

Begoña Alfaro Garcia izanen da Nafarroako Ahal Duguko buru berria, Eduardo Santosi lekukoa hartuta. Nafarroako Ahal Dugu zuzentzeko hiru hautagaitza aurkeztu ziren primarioetara: Begoña Alfaro buru zuena, Ainhoa Aznarez Igarzarena eta Neniques Roldan Marrodanena. Alfarok irabazi ditu alderdiko primarioak 455 boto jasota (%65). Aznarezek 128 boto jaso zituen (%18,1) eta Roldanek, berriz, 113 (%16,3). 

Ahal Duguk zortzi kidez osatutako Herritar Kontseilua, zuzendaritza, berritu du ere. Alfaroren hautagaitzako zortzi kideetatik zazpi sartu dira zuzendaritzan. Kanpoan gelditu dena Beatriz Fernandez Santano altsasuarra izan da. Bozketan 11. gelditu da Fernandez, 1183 punturekin, zuzendaritzarako aukeratua izateko 165 puntura. Roldanen hautagaitzan aurkeztu zen Virginia Alonso Aparicio altsasuarrak 972 puntu jaso ditu bozketan eta 12. gelditu da, zuzendaritzan sartzetik 376 puntura. Koordinatzaile eta Herritar Kontseiluak aukeratzeaz aparte, Nafarroako Ahal Duguren primarioen bidez Berme Komiteko bost kideak ere aukeratu ziren.