Korrikarik gabeko Korrika urtea izanen da 2021. urtea eta aurre egiteko Bultza euskaltegiak, bultza euskara kanpaina martxan jarri dute.
1. Urte bakoitia eta Korrikarik ez. Nola daramazue?
Ez genuen horrelakorik espero. Joan den urtean pandemiaren istorioa hau hasi zenean, uste genuen aurten ez genuela arazorik izanen, baina ez da horrela izan eta aurten ez dago korrikarik.
2. Jendearen osasunarekiko kezkagatik gelditu da bertan behera, ezta?
Bai. Gainera, guk ere hasieran zalantzak izan genituen; nola heldu behar genion kontu honi. Egin behar genuen, beste modu batez egin behar genuen… Baina azkenean erabaki zen ez egitea. Uste dugu Korrikaren esentzia jendea biltzea eta pilatzea dela, eta horrek sortzen duen indarra eta energia. Orduan, horretarako modurik ez dagoenez, bertan behera uztearen bidea hartu genuen.
3. Korrikarik gabe lasaiago zaudete?
Bueno, lasai-lasai… AEKn beti dago zerbait egiteko. Korrika ez dago, baina asmoa dago Euskal Herriko eskualde gehienetan ekitaldi bat antolatzeko Korrika bukatuko litzatekeen egun horretarako.
4. Zenbat sakanar etortzen dira euskaltegira?
Aurten hiru herritan dauzkagu taldeak. Beti bezala, Altsasun jende gehiena biltzen da. Alde batetik, herri handia delako eta, bestetik, premia handiena daukalako ere bai. Gero, talde bat Etxarri Aranatzen dago eta Irurtzunen hiru taldea daude. Gutxi gora behera ehunen bueltan.
5. Ikasleek Korrika faltan botatzen dute?
Jendeak galdetu du aurten zer gertatzen den Korrikarekin. Batzuek gogoratzen dira, beste batzuek ez. Errigoraren aurreko txandan pitzar txiki batzuk jarri genituen salgai, kolore pixka bat emateko. Jendeak zer edo zer galdetu izan du, bai.
6. AEKk Korrikaren falta sumatzen du?
Bai, jakina. Ekonomikoki ekimen potentea da. Korrikarekin ia bermatzen dugu zulo handiegia ez izatea. Hori garbitzeko eta konpontzeko bankuekin hitz egin beharko dugu. Badirudi, momentuz, buelta emanen diogula.
7. Faltari aurre egiteko kanpaina berria jarri duzue martxan: 'Bultza euskaltegiak, bultza euskara'.
Hori da. Martxoaren 28an, Korrika despedituko litzatekeen egun horretan ekitaldi bat eginen dugu. Beste alde batetik, aportazio ekonomikoa egiteko aukera dago. Oraingo honetan ez gara jendearengana paperekin eske joango, baina diru laguntza eman nahi duenak AEKren webgunetik egin dezake: aek.eus.
8. Hasiera egunean ez zenuten ezer egin.
Ez. Korrika ez zegoela erabaki zenez, urte honetan akaberako bai baina hasierako ezer ez egitea erabaki zen.
9. Sakanan zer eginen duzue?
Euskal Herriko eskualde askotan eginen dira ekitaldiak. Hemen Etxarri Aranatzen eginen dugu. Etxarri eta Altsasu artean egon ginen, baina azkenean Etxarriko Udalak laguntza eskaini zigun eta bertan egitea erabaki genuen. Zerbait xumea izanen da. Hasierako bertso batzuk, rap musika eta txalaparta ere entzunen da, eta bitartean Itziar Nazabal artistak mural bat edo margo bat eginen du.
10. Aurten ez, baina datorren urtean?
Espero dugu baietz. Urte bakoitietan egin izan dugu beti, eta aurten horrela tokatu da. Beste ekimen batzuekin bat eginen du, baina espero dugu heldu den urterako gauzak erdi normaldurik egotea eta egin ahal izatea. Urtero jendeari gogoratzen diogu Euskal Herrian bizi garela, hizkuntza hau daukagula eta gorde behar dugula. Korrika mezu hori berpizteko eta indartzeko egiten dugu.
11. Korrika bikoitza egin beharko da?
Jendeak kilometro bat egin beharrean bi egin beharko ditu, eta bikoitza pagatu (barrezka).