Altsasu Landa Turismoaren Hiriburua izateko hautagai

Guaixe 2021ko mar. 19a, 13:19
Altsasuko ikuspegia bargatik.

Landa turismoari buruzko webgune batek antolatu duen lehiaketara Altsasuren hautagaitza aurkeztu du sektoreko herriko enpresari batek. Bidaiariek aukeratuko dute hiriburua apirilaren 14tik maiatzaren 14ra, irabazlea maiatzaren 18an jakinen da.

Landa-turismoaren aldeko apustua egiten duten udalerriei ikusgarritasuna emateko helburuz, bosgarren urtez Landa Turismoaren Hiriburua aukeratzeko lehiaketa antolatu du EscapadaRural.com-ek.

Estatuko 247 udalerritako 550 hautagaitza aurkeztu dira lehiaketara, tartean Altsasu. Lehiaketan herrien hautagaitza aurkezteko baldintzak ziren: 10.000 biztanle baino gutxiago izatea, kalitatezko landa-turismoaren aldeko apustua egitea eta lehiaketaren aurreko edizioetan lehiatu ez izana. Aurkeztutako hautagaitzen artean 10 finalista aukeratuko dira eta haien artean erabakiko da urteko hiriburua zein den. Lehiaketak herri finalistei ikusgarritasuna ematen die.