Pilota

Pilotajauku: pilota, pala, nesken taldea eta aurki erremontea

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 31a, 14:00
Pilotajaukuko nesken pilota taldeko entrenamendua. Argazkiak: Pilotajauku.

 Pilotajauku Pilota Elkarteak 25 urte bete ditu, gizonezkoen pilota taldeaz gain emakumezkoen pilota taldea eta pala taldea sortu ditu, eta datorren ikasturterako erremonte taldea sortzea da asmoa

Iaz 25 urte bete ziren Altsasuko Pilotajauku Kirol Elkartea ofizialki sortu zenetik, nahiz eta aurretik lanean egon. Jakina, pandemiagatik ezin izan zuten urteurrena behar bezala ospatu. 
Azkenaldian gora egin du taldeak. Gizonezkoenaz gain, emakumezkoen pilota taldea sortu zuen klubak duela bizpahiru urte, baita pala taldea ere, eta datorren ikasturtean, ekimenak arrakasta badu, erremonte taldea sortu nahiko luke Pilotajaukuk. 2020ko ilbeltzean hasi zen lanean egungo junta. Imanol Carabias da lehendakaria, Eider Garde idazkaria, David Medina diruzaina eta Jose Manuel Lizarraga, Gaizka Bakaikoa eta Esteban Lanza daude bokalen artean. 

Guztira 67 federazio fitxa ditu Pilotajaukuk; 45 mutilenak eta 22 neskenak

Emakumezkoen taldeak 3 urte
Eider Garde, idazkari izateaz gain, Pilotajaukuko emakumeen sekzioko arduraduna da. Aurtengoa nesken taldearen 3. urtea dela azaldu du. “Neskak betidanik aritu izan dira Pilotajaukun, baina mutilekin batera entrenatzen zuten, ez zuten talde propiorik. Agian benjaminen kategorietan aldea ez da horren nabaria, baina kimuen mailan desberdintasunak daude indarrean, pilota motan, neskek pilota goxuarekin jokatzen baitute… Duela 3 urte neska dezentek eman zuten izena pilota eskolan, asko adin berekoak, Iñigo Aritza ikastolako Pilota Txapelketan aritzetik animatuta, eta taldea sortzeko kopurua zegoenez, Pilotajaukun emakumezkoen taldea sortu zen” azaldu du Gardek. 
Egun Pilotajaukuko emakumezkoen esku pilota taldean 7 pilotari haurren mailakoak dira, beste bat kadete mailakoa eta gero juniorren eta seniorren taldea dago, lauzpabost pilotarirekin.16 urtera arte (kadeteak), udalak eskaintzen ditu kirol eskolak, herriko kirol klubekin elkarlanean. Udalak egiten du udal kirol eskolen deialdia, udalak ordaintzen ditu monitoreak eta azpiegiturak, eta kirol kluben esku dago gainontzeko kudeaketa. Baina 16 urtetik gorako taldeen ardura, kudeaketa eta gastua kirol klub bakoitzarena da. 

Emakumezkoen pilota eskolako entrenatzailea Sonia Alonso altsasuarra da, aldi berean Pilotajaukuko senior taldeko pilotaria dena eta aurtengo txapeldun handia, Nafarroako 2. mailako Buruz Buruko eta Binakako Txapelketak irabazi baititu, azken hau Pilotajaukuko Udane Vergararekin. Sonia Alonsok bi urte daramatza Altsasuko nesken pilota eskolako entrenatzaile. Bestalde, bi astetan behin Andrea Lusarreta pilotaria etortzen da eskolako neskekin teknifikazioa lantzera. “Andrea pilotari eta palista ezaguna da, pilotako modalitate guztiak ezagutzen ditu. Nafarroako Pilota Federazioak ikastetxeetan pilotaren promozioa egiteko kanpainan parte hartu izan du, eta tartean Iñigo Aritza ikastolan eta Altsasuko Institutuan izan zen soin heziketako klaseetan pilota modalitateak ezagutarazten eta sustatzen” aipatu du Eiderrek. Halaber, Lusarreta emakumezkoen Pilotajauku junior eta seniorren taldeko entrenatzailea ere bada. Hamabostean behin etortzen da, ostiraletan, bi orduz. Gainontzeko ostiraletan nagusiek euren kabuz entrenatzen dute.  

Emakumezkoen pilota taldeak eta pala taldeak 3 urte daramatzate lanean

Pala taldea sortuta eta martxan
Emakumezkoen pilota sekzioa sortzearekin batera, pala sekzioa sortu zen Pilotajaukun. “Hiru urte inguru daramatzagu. Pala eskaintza emakumezkoen pilota eskaintzarekin batera atera zen, Altsasuko udal kirol eskolen eskaintzan. Egia esan, palak emakumeengan interes gehiago piztu du gizonengan baino. Egun 14 palista inguru daude. Talde baterako kopuru handiegia denez, Altsasuko Udalarekin adostuta aurten bi taldetan ariko dira. Kimuen eta haurren mailakoak dira gehienak, eta kadeteren bat ere badago” azaldu du Eider Gardek. Entrenatzailea Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkarteko Olaia Izagirre arbizuarra da. 

Mutilen taldea
Pilotajaukun 45 mutil inguru trebatzen dira, esku pilotan eta palan dabiltzanak kontuan hartuta. Emakumezkoak 22 inguru dira. Guztira 67 federazio fitxa ditu Pilotajaukuk. Aimar Araña etxarriarra eta Mikel Arellano altsasuarra dira esku pilotako mutilen taldeko entrenatzaileak. Gardek dio gizonezkoetan emakumezkoetan baino lehiakortasun handiagoa dagoela. “Emakumezko gutxiago daudenez, euren txapelketak 6-7 jardunaldi izaten dituzte; gizonezkoetan, aldiz, 20 jardunaldikoak izan daitezke. Hortaz, gizonezkoetan finaletara maila oso ona duten pilotariak iristen dira, eta lehiakortasuna handiagoa da. Emakumezkoetan, aldiz, maila paretsuagoa da” dio idazkariak. 

Gehienak pilota eskolakoak dira, eta talde polita da. Arazoa kadeteen mailara iristen direnean sortzen da, 15-16 urterekin, adinarengatik. “Adin bat iristen da aurrera jarraitzeko kirola oso gustukoa izan behar duzula, konpromisoa eskatzen duelako. Gurean orain badago taldetxo bat oso motibatuta dagoena, baina horrenbesteko motibaziorik ez duten pilotariak ere badaude” azaldu du Gardek. Horregatik, Pilotajaukun argi duten zein den helburua. “Udal pilota eskola bukatzen denean, 16 urtetik aurrera, jarraitu nahi duten horiendako eskaintza egin ahal izatea. Horretarako, jarraitu nahi duten pilotariak egon behar dira, konpromisoa hartuko dutenak. Izan ere, DBH 3. eta 4. mailako adinetan gauzak zailtzen dira. Batzuk kanpora doaz ikastera, eta gauza bat eta beste dela, askok utzi egiten dute” gaineratzen du. 

Eider Garde: “Helburua zein den argi dugu: 16 urterekin jarraitu nahi dutenei eskaintza egitea”

Gogotsu
Nolanahi ere, bai neskak bai mutilak, gogoz daudela uste du Gardek. “Nik uste dut gogotsu daudela. Pilotariak egonkortzea nahi dugu: bai neskak eta bai mutilak, bai pilotariak eta baita palistak ere. Eta hori zaila da. Aurten emakumezkoen taldearen aldeko apustua egin dugu, emakumezkoetan juniorrak eta seniorrak genituelako. Ildo honetan, motibagarria da Sonia Alonso gure entrenatzailea eta jokalaria Nafarroako txapelduna izatea; horrek ere gaztetxoak motibatu egiten ditu. Ea atzetik datozenendako erreferente bihurtzen den. Aldiz, gizonezkoetan momentuz kadeteetatik goragoko mutilik ez dugu, baina ea denborarekin juniorren eta seniorren taldea sortzea lortzen dugun” nabarmendu du idazkariak. 

Emakumezkoen junior eta senior mailako entrenamenduak ostiral arratsaldetan jarri dituzte, kanpoan ikasten ari direnak etortzeko aukera izan dezaten. “Junior mailatik goragoko talde nagusia sortzea apustu handia izan da, klubak aurrekontu guztiari aurre egin behar diolako. Une honetan palista junior bat dugu, eta aztertu beharko dugu zer nolako eskaintza mota egiteko gai garen, atzetik kadete mailako palista ere etortzen direlako. Baina ahalegin ekonomikoaz gain, Burunda pilotalekuaren erabilgarritasunaren arazoa dago, pilota eta pala eskolekin ia ordu gehienak beteta baitaude. Aztertzeko gaiak dira guztiak” gaineratu du Gardek. 

Remonte Euskal Jai Berri Fundazioak Altasun erremonte eskaintza egitea proposatu die

Erremontearen aldeko apustua
Aurrekoak gutxi ez balira, nobedade gehiago izango dira Pilotajaukun. Remonte Euskal Jai Berri Fundazioak erremonte eskolak sustatu nahi ditu, horietako bat Altsasun, eta Eider Gardek fundazioarekin hartu emanetan daudela baieztatu du. “Fundazioko kudeatzaile Jaime Arregirekin elkartu ginen eta eurek Altsasun erremonte eskola sortzeko proposamena luzatu ziguten. Hasiera batean proposamena zen Pilotajaukuk 16 urtetik gorakoendako eskaintza egitea. Erremontea sustatu nahi dute, oso jende gutxik jokatzen du eta erremontista asko berehala, 18-20 urterekin, egiten dira profesional. Eskaintza oso interesgarria iruditzen zaigu. Erremonteak esku pilotaren teknika berdina du, baina eskuak ez dira mintzen. Kasu askotan pilotariek eskuko minarekin hasten direnean uzten dute pilota, eta eskura izanik, erremontearekin pilota munduan jarraitzeko aukera izango lukete. Aukera oso polita iruditzen zaigu. Fundazioak bere gain hartuko luke materiala zein monitoreen kontratazioa eta guk gazteak, erremontean interesa dutenak, lotu beharko genituzke. Baina proposamena zabaldu da. Badakigu Remonte Euskal Jai Berri Fundazioa Altsasuko Udalarekin hitz egiten ari dela erremonte eskaintza ere udal kirol jardueren barnean eskaini ahal izateko” azaldu du Eider Gardek. 

Burunda pilotalekuaren berritze lanak mustutzeko, erremonte jaialdia antolatu zuen Remonte Euskal Jai Berrik erremontea sustatzeko bide horretan. “Jaialdi polita izan zen. Izan ere erremontea kirol ikusgarria da, frontoi osoa hartzen duena, ikusteko ere oso polita” dio Gardek. Bestalde, ez da ahaztu behar Altsasun erremonteak tradizio handia duela. Altsasun sortu zen, esaterako, Kike Elizalde erremontista handia, eta beste hainbat erremontista ezagun Goikoetxea, Urrestarazu, Zubelzu eta Carlos Plazabona, esaterako. 

Eider Garde: "Eskuko minagatik pilota uzten dutenendako erremontea aukera ederra da”

Sakana guztiarendako
Pilotajaukurendako “oso interesgarria” litzateke Altsasun erremontea eskaini ahal izatea, bai udal kirol eskoletan eta baita Pilotajaukuk 16 urtetik gorakoendako erremonte taldea sortzea, taldea sortzeko nahikoa interesa sortzen bada. “Gu mugitzen ari gara; ea taldetxoa ateratzerik dugun. Eta ildo honetan emakumezkoak ere animatu nahi ditugu; gure pilotariren batek erremontea ikasteko interesa azaldu du” aipatu du Gardek. 

Ildo honetan, ez soilik altsasuarrei, erremonte eskaintza Sakana guztiari helarazi nahi diote. “Pilotajaukutik erremonte eskaintza Sakanako beste herrietara ere zabaldu nahiko genuke. Sakanan ez dakit zer gertatzen zaigun, baina herri guztiek zerbitzu guztiak izan nahi dituzte eta hori ezinezkoa da. Ikuspegia aldatu behar dugu, bailaran pentsatzen hasi. Sakanako Mankomunitatearekin ere bildu gara, Pilotajaukuko emakumezkoen pilota taldearen eskaintza ere Sakana guztira zabaltzeko. Sakanako edozein herritako neskak lasai asko etorri ahal dira Pilotajaukura pilotan aritu nahi badute, eta beste pilota klub batetakoak badira, euren klubeko jatorrizko fitxa mantenduko lukete. Beraz, erremontean eta emakumezkoen pilota taldean sakandar guztiek dute tokia” nabarmendu du. 

Pilotajaukuk oraindik ez du Remonte Euskal Jai Berrirekin behin betiko akordioa sinatu, eta oraindik lotu beharreko erabakiak daude. Ez dakite, esaterako, erremonte taldea ateratzeko zenbat pertsonek eman behar duten izena eta beste hainbat xehetasun, baina datorren denboraldiari begira erremontea eskaintzeko asmoa dagoela esan daiteke. Eider Gardek aitortu du “izugarri gustatuko litzaiokeela emakumezkoen erremonte taldea ateratzea". Pilotaren munduan geroz eta emakumezko gehiago daude, baina berdintasuna lortzeko asko dago oraindik egiteko. “Pilota historikoki maskulinizatua den kirola da, eta hainbat gauza oso errotuta daude, oso zailak dira aldatzen. Borroka bikoitza da emakumeondako. Dena den, belaunaldi berria gatoz, beste ikuspegi batekin, gauzak aldatzeko asmoz, bidea egiten. Nafarroako Euskal Pilota Federazioan Javier Conderen taldeak irabazi zituen berriki hauteskundeak eta federazioan oraindik ez dago emakumezkoen talde edo sekziorik, baina prestutasuna azaldu dute eta ea aldaketa gehiago etortzen diren” espero du Gardek.