Duatloia

Astiz, Garcia de Eulate eta Moreno Altsasuko Duatloiko Top-Tenean

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 30a, 12:00

Saltokiko Mikel Ibergallartuk eta Inma Pereirok irabazi zuten martxoaren 20an jokatutako Altsasuko X. Duatloia. Erreleboetan Eneko Aramendia eta Joseba Galarza iturmendiarrak gailendu ziren eta Silvia Perez beteranoen 2. mailako Nafarroako txapelduna izan zen

Sakana Triatloi Taldeak antolatutako Altsasuko X. Duatloia, aldi berean Nafarroako Duatloi Txapelketa izan zena, guztiz arrakastatsua izan zen. Pandemiak eskatutako osasun neurriak betetzeko Ibarrea industrialdean jokatu zen, eta antolakuntzak eremu itxi bat prestatu zuen duatlendako. Boxak, trantsizio gunea eta irteera eta helmuga bertan egin ziren. Irteera kronometratua izan zen, eta beste behin kirola modu seguruan egin daitekeela erakutsi zuen Sakana Triatloi Taldeak. 

Probak ikusgarritasun handia izan zuen, duatleta nafarrekin batera goi mailako kirolariek parte hartu zutelako, Espainiako probetan lehiatzen diren zenbait duatleta tarteko, Nafarroako lizentzia ere badutenak. Horregatik, maila oso handia izan zuen probak. Hotz ikaragarriarekin eta haize gogorra kontra zutela jokatu ziren proba guztiak, goizeko kategoria txikikoak eta arratsaldeko kadeteen eta juniorren proba, proba absolutua eta erreleboena. Hala ere, makina bat ikusle bildu ziren Ibarrea industrialdean proba zuzenean jarraitzera. 

Aurreko mugimenduak
Altsasuko X. Duatloia (5 km -25 km-2,5 km), aldi berean Nafarroako Duatloi Txapelketa zen. Erreleboetakoek proba absolutukoekin batera aritu ziren. Nabarmentzekoa da helmugara lehertuta iritsi zirela guztiak. 

Irteera mailakatua izan zen, baina hasieratik atzeman ziren probako oilarrak nor izango ziren: Iker Ortiz de Zarate (Saltoki) –korrikako 5 kilometroko lehen segmentua aurretik egin zuen–, bere taldekide Mikel Ibergallartu (Saltoki) –25 kilometroko bizikleta segmentuan erasoa jo eta gainontzeko guztiak atzean utzi zituen–, Ander Ganzabal (Alusigma) eta gureak, Donibane taldean dabilen Mikel Astiz Erro ihabardarra, eta Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate altsasuarra. Sekulako proba egin zuten guztiek. 

Mikel Ibergallartuk guztiei aurre egin zien bizikleta segmentuan, eta Ibarrea industrialdeko 2,5 kilometroko korrikako zirkuitua bakar bakarrik egin zuen 25 urteko errendimendu altuko triatletak. Ibergallartuk 3 minutu pasa atera zizkion Ganzabali (1.05:00), eta 3 minutu eta erdi luze Ortiz de Zarateri (1:05:28). Miguel Seron (Aranguren) laugarrena sailkatu zen (1:06:13), Nafarroako txapelduna, lehen nafarra izan baitzen, eta Mikel Astiz Nafarroako txapeldunordea izan zen, 5. postuan sailkatu baitzen, Seronetik 2 segundo eskasera (1:06:15). Sergio Garcia de Eulate 8. sailkatu zen (1:08:20). Bi sakandarrek sekulako lana egin zuten, faboritoen pare ibili ziren eta aurreikusi baino hobe sailkatu ziren, Top-Tenean. 

Bergararen 65 urteak
Gainontzeko sakandarrek ere lan bikaina egin zuten. Egun horretan bertan 65 urte bete zituen Sakana Triatloi Taldeko Peio Bergara altsasuarra (1:26:04) beteranoen 3. mailako Nafarroako txapeldunordea izan zen. “Jende gaztearen ondoan lehiatzeak izugarri motibatzen nau. 18 urteko mutiko bat alboan nuela aritu naiz, gustura. Ahal den bitartean, lasterketetan jarraituko dugu” azaldu zuen beterano altsasuarrak. 

Silvia Perez Nafarroako txapelduna
Emakumezkoetan Saltokiko Inma Pereiro gailendu zitzaion (1:15:48) bere taldekide Besaide Astobizari (1:16:35) eta Diablillos taldeko Elisa Esterri (1:17:11). Kantabriakoa da Pereiro, baina Bilbon bizi da eta Nafarroan dago federatuta; hortaz, Nafarroako txapelduna izan zen. Korrikako lehen segmentuan Astobiza joan zen aurretik, baina bizikletako tartean Pereirok hartu zuen aurrea, helmugaraino mantendu zuena. Ines Moreno altsasuarra 9. postuan sailkatu zen, Top-Tenean (1:23:09). 

Sakana Triatloi Taldeko Silvia Perez (1:33:36) beteranoen 2. mailako txapelduna izan zen, eta bere taldekide Marta Diego (1:36:20) beteranoen 2. mailako txapeldunordea. 
Erreleboen proba Sakanan geratu zen, Eneko Aramendia eta Joseba Galarza iturmendiarrak gailendu baitziren, lan ederra eginda (1:06:41). 49 segundo atera zizkieten Antton Zelaiari eta Jabi Gasanzi (1:07:31). Errelebo mistoetan Juan Claudio eta Inma Sainz nagusitu ziren (1:08:38) eta emakumezkoen bikoetan Sofia Arraras eta Ainhoa Morte (1:34:38). 

Kadeteak eta gazteak
Kadeteen eta gazteen mailako probak (2,5 km -12,5 km-1,25 km) Espainiako Duatloi Txapelketarako sailkagarriak ziren. Kadeteetan Aiert Mendioroz gailendu zitzaion Alain Razkin lakuntzarrari eta emakumezkoetan Niobe Arregik irabazi zuen. Gazteen mailan Julen Andueza txapeldunaren atzetik sailkatu zen Hegoi Lakuntza altsasuarra; emakumezkoetan Jennifer Lopez-Roso izan zen azkarrena. Alain Razkinek eta Hegoi Lakuntzak, beraz, Espainiako Txapelketan aritzeko txartela lortu dute. 

Goizean Nafar Kirol Jolasetako benjaminen, kimuen eta haurren mailako probak jokatu ziren eta hor ere maila bikaina eman zuten Sakana Triatloi Taldekoek. Besteak beste, Javier Ramirez de Aldak eta Oihan Anduezak benjaminen eta kimuen lasterketa irabazi zuten. 


Sakandarrak Altsasuko X. Duatloian. Sailkapena:
* Proba absolutua
Gizonezkoak
1.Mikel Ibergallartu 1:02:54
5.Mikel Astiz  1:06:15
8.Sergio G. De Eulate 1:08:20
29.Iñaki Alvaro 1:12:18
31.Ivan Sobredo 1:12:26
43.Jose Ignacio Mikeo 1:14:35
45.Juan Luis Maiza 1:14:40
65.Isidro Asurabarrena 1:16:48
67.Javier Borrega 1:17:39
75.Jorge Iradi  1:18:46
76.Mikel Lakuntza 1:19:05
94.Mikel Mazkiaran 1:22:44
100.Peio Bergara 1:26:04
106.Luis Flores 1:32:27

Emakumezkoak
1.Inmaculada Pereiro 1:15:48
9.Ines Moreno  1:23:09
18.Silvia Perez 1:33:36
20.Marta Diego 1:36:20

* Erreleboak
1.Eneko Aramendia / Joseba Galarza  1:06:41
2.Antton Zelaia / Jabi Gasanz 1:07:31
13.Tomas Guirado / Jessica Camella 1:19:03
17.Fermin Azkargorta /  Jokin Bereziartua 1:33:58

* Gazteak
Gizonak
1.Julen Andueza 35:05
2.Hegoi Lakuntza 39:15

Emakumeak
1.Jennifer Lopez-Roso 42:13

* Kadeteak
Gizonak
1.Aiert Mendioroz 36:48
3.Alain Razkin 41:54
4.Ekain Imaz  41:58
9.Ekaitz Perez  46:54

Emakumeak
1.Niobe Arregi 43:35

* Benjaminak
Gizonak

1.Javier Ramirez de Alda
2.Anai Mazkiaran

Emakumeak
1.Iradi Elvira

* Kimuak
Gizonak
1.Oihan Andueza
4.Aratz Mendoza
14.Ekaitz Berdud

Emakumeak
1.Itziar Arrosagarai
9.Enara Perez

* Haurrak
Gizonak
1.Joritz Barberena
7.Mikel Arrizabalaga
9.Eneko Razkin
10.Asier Razkin

Emakumeak
1.Alaia Etxeberria