Txirrindularitza

Igandean juniorren lasterketa Altsasun

Guaixe 2021ko mar. 26a, 11:00

2019ko Erramu Trofeoa.

Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako 62. Erramu Trofeoa igandean jokatuko da, goizeko 10:30etik aurrera. Altamira hirutan igoko dute, azken biak segidan

Martxoaren 14an junior mailako 35. Udaberri Trofeoa jokatu zen Altsasun, Burunda taldeak antolatuta, eta igandean, martxoaren 28an, atzera ere juniorren bilgune bilakatuko da Altsasu, LXII. Erramu Trofeoa jokatuko baita, 62 edizio bete dituen proba beteranoa. Lasterketa Altsasu Kirol Elkarteak antolatzen duenez, elkartearen egoitzatik aterako da, Altzania kaletik, goizeko 10:30ean. Tropelak 88 kilometro ditu aurretik. 

Altamira hirutan, azken biak segidan
Altsasu Kirol Elkarteko txirrindularitza ataleko arduradun Felix Mazkiaranek aipatu duenez, gutxi gorabehera azkenaldiko ibilbidea izango du probak. Altsasuko Josefina Arregitik Institutu arteko errepidera sartuta, Basomuturren atera eta San Pedrotik Urdiainera helduta atzera ere Altsasura heltzeko zirkuitu hori sarritan errepikatuko da. Horretaz gain, tropela ere Zegamako bidegurutzeraino helduko da, eta Altamira hirutan igoko du, baina aldaketa nabarmen batekin. “Azkeneko 30 kilometrotan egingo dira Altamirako hiru igoerak, eta berrikuntza da azken bi igoerak segidan egingo direla. Hau da, Altsasutik Altamirara igoko da, Olaztitik jaitsi, eta segidan Altsasuko aldetik berriro Altamira igoko da, hirugarrenez. Eta Olaztira jaitsita, txirrindulariek zuzenean joko dute Altsasuko udaletxe parean dagoen helmugaraino” azaldu du Mazkiaranek. Helmugaratzea 12:40ak aldera izango dela aurreikusten da. 

Txoko askotik bertaratutako 200 txirrindulari
Felix Mazkiaranek gaineratu du Altsasuko probak parte hartze ederra izango duela. “Nafarroako Txirrindularitza Federazioa ari da izena ematea koordinatzen, baina adierazi digutenez, hemengo taldeez gain, Frantziako zenbait talde, Murtziako bat, Valentziako beste bat, Kataluniako bizpahiru, Huescako beste bat eta Sevillako beste bat hurbilduko dira Altsasura. 200 txirrindulari inguru ariko dira, pandemiagatik baimendutako kopuru gehiena, gehiago ezin baita” nabarmendu du.  

Aurreko urtean bertan behera geratu zen Erramu Trofeoko 61. edizioa, pandemiagatik. 2019 urteko 60. Erramu Trofeoa Arabarrak taldeko Julen Arriolak irabazi zuen, Unai Aznarrekin (Quesos Albeniz) esprinta jokatu eta gero. Jon Gil lakuntzarra (Lizarte) hirugarren sartu zen, 2 segundora.