Zurgintza

"Duela urte askotako lana egiten jarraitzen dugu"

Eraikuntza gehigarria 2021ko mar. 30a, 11:06

Jose Mari Salgado Diez zurgina da. Aitaren ogibidearekin jarraitu zuen. 

Gaur egun bezeroek informazio asko dute dio. 

Zenbat urte daramazu zurgintzan?
Zurgindegiak 70 urte ditu eta nik 37 lanean. Lehenik nire aitak kudeatzen zuen, gero lehengusu batek eta ordutik ni nabil, beste langile batekin batera eta administrari lanak egiten dituenarekin hiru gara lan taldean. Gehiago izan gara baina garaiak ez dira onenak.

Zein lan mota egiten dituzu?
Duela urte askotako lana egiten jarraitzen dugu. Formika sukaldeak egiten aitzindarietako batzuk izan ginela uste dut, baina batez ere gu altzariak egiten gabiltza. Zurgintza lanak egiten ditugu ere baina gehienbat egongeletako eta bulegoetako altzariak, sukaldeak, armairuak, zoruko egurra… hainbat lan ezberdin egiteak krisialdi honetan lana mantentzeak ekarri digu.

Zuen bezeroaren profila zein da?
Herritarrak dira gehienetan, bezero txikiak baina lan egiten dugu ere etxegileekin eta haiek lan kopuru handiagoa eskatzen digute. Enpresa handiagoentzat ere enkarguak badauzkagu.

Exigentzia maila handia dago merkatuan?
Bai, horretan ere aldea nabaritu dugu. Bezeroak informazio asko du, beste leku batzuetan begiratuta etortzen da guregana. Batzuetan guk baino gehiago daki! Kar, kar, kar!

Zuek prozesu guztia bertan egiten duzue?
Bai bai. Oholak jasotzen ditugu (batzuetan ertzak landu gabe ere) eta altzaria jarrita egon arteko prozesu guztia gure esku dago. Hemen dauzkagu beharrezkoak diren makina guztiak.

Sakanatik kanpo lan egiten duzue?
Bai, Donostian, Iruñean eta Gasteizen lan egiten dugu. Eta gero hemen inguruan asko.