Gaztetxeak gazteriaren beharren diagnosia eginen du

Guaixe 2021ko api. 6a, 13:51
Altsasuko Gazte Asanbladak gazteen arazoak atzemateko ekimenaren aurkezpena. Argazkia: AGA.

Gazte kuadrillekin elkartuko dira harremana sustatzeko eta inkesta pasako diete gazteriaren problematika identifikatzeko. Arazoak dauden esparruetan gazte asanbladak antolakuntzarako tresna izan nahi du.

Harridura sortzeko kanpaina baten ondoren, Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) herriko gazteen arazoak identifikatzeko ekimena aurkeztu zuen martxoaren 27an. AGAk abiatutako prozesua “duela hilabete batzuk izandako eztabaida baten ondorioa da. Bertan, Gazte problematika ematen den esparru guztietan antolakuntza hedatzeko tresna gisa ulertzen du gazte asanblada. Eta Altsasuko gazteria guztia barne bildu nahi dugu”. 

AGAko kideek azaldu dutenez, “Altsasuko gazteriaren arazo nagusiak zein ziren ez genekien eta, beraz, ez genekien nola bilakatu AGA izan behar duen horretan”. Horregatik, gazteria altsasuarraren problematikak identifikatzeko prozesua martxan jarri dute AGAko kideek. Herriko ahalik eta gazte gehienengana iritsi nahi dute eta, horretarako, “Altsasuko kuadrilla gehienekin izan nahi dugu hartu-emana”.  

AGAko kideak kuadrillekin bilduko dira eta aukera baliatuko dute haiei inkesta bat pasatzeko, han beraien beharrak zehaztu ditzaten”. Galdetegiak lau zati izanen ditu: lana, aisialdia, ikasketak eta etxebizitza. Inkesta betetzeko denbora tarte bat emanen zaie lagun taldeei. Hura pasatuta, AGAko kideak, atzera ere, kuadrillekin elkartuko dira, galdetegia jasotzeko. “Inkestetako emaitzak aztertuko ditugu eta hurrengo ikasturteari begira hainbat borroka fronte martxan jarriko ditugu”. AGAk prozesua astelehenean abiarazi zuen eta garagarrilera arte luzatuko du. Gazte altsasuarrak bertan parte hartzera animatu dituzte, “inkestak betez eta hurrengo faseetan gurekin parte hartuz”.