Etxerako egur lotea eskatzeko epea zabalik

Guaixe 2021ko api. 1a, 12:09

Baso aprobetxamendu bateko enborrak pilatuta. Artxiboa.

Altsasuko familia unitate bakoitzak egin dezake eskaera eta epea apirilaren 16an despedituko da.

Urtero moduan, Altsasuko Udalak etxerako egur lotea eskuratzeko deialdia egin du. Haietan interesa dutenek 948 012 012 telefonora hots egin beharko dute izena emateko. Horrekin batera honako datuak eman beharko dituzte: nortasun agiriaren zenbakia, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa. 

Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, famili-unitate bakoitzeko eskabide bat egin daiteke, baina honako baldintzak betez: adinez nagusia izatea edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adin txikikoa izatea; Altsasun erroldatuta egotea 3 urteko antzinatasunarekin, familiaren etxebizitzaren beharretarako erabiliko da egur-ustiatzea, hau da, egur-ustiatzea zuzena izango da eta ez da salmentarako erabiliko; Altsasun urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizi; Altsasuko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea; ordenantza ez betetzeagatik aprobetxamendua eskubidea galduta ez izatea eta aurten eroritako arbolarik eskuratuta ez izatea.

Eskaerak berrikusi ondoren, baldintzak betetzen dituztenen kopurua zein den jakinda, haina egur sorta markatuko dira. Horiek 3.000 kilo inguru izanen dituzte eta haiengatik 20 euro pagatu beharko dituzte. Loteak markatu ondoren, baldintzak betetzen dituztenei tasa ordaintzeko eskatuko zaie. Ordainketa egiten dutenei posta elektronikoz bidaliko zaie esleitutako lotearen dokumentazioa. Zozketa ekitaldi itxian egingo da.