Udalak aisialdiko begiraleen lan poltsaren hautaketa prozesua martxan du

Guaixe 2021ko api. 6a, 11:31
Altsasuko udaletxea.

Gaurtik apirilaren 23ko 14:00ak arte aurkeztu daitezke proposamenak, Altsasuko udaletxean aurrez aurre, posta-zerbitzuaren bidez edo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez, erregistro elektronikoan.

Altsasuko Udalak hautaketa prozesu baten bidez, aisialdiko eta aisialdiko begiraleen eta zuzendaritzarako kontratazioetarako zerrenda bat eginen du. Zerrenda horrek bi urteko indarraldia izango du: 2021eko garagarrilaren 1etik 2023ko maiatzaren 31era. Zerrendan sartzeko hainbat baldintza bete beharko dira. Batetik, 18 urte beteak izatea, gutxienez eskola graduatua izatea, curriculuma aurkeztu aurretik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanda egotea eta sexu-deliturik egin ez izanaren ziurtagiria aurkeztea, baita, prestakuntzari buruzko ziurtagiriak ere. 

Altsasuko udaletxean bertan, postaz edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar den dokumentazioa da: www.altsasu.eus webgunean dagoen balorazioa txostena ordenagailuz bete eta harremanetarako e-posta bat jartzea eta Curriculum Vitaea eta dokumentu horretan jasotako merituak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien originalak edo fotokopiak aurkeztu beharko dira. Interesdunek berek aurkeztu beharko dituzte fotokopiak, bulegoan fotokopiarik eginen ez baita.

Gehiago
Udalak jakinarazi duenez, praktikak eta boluntario-jarduerak egiteagatik ez da punturik emanen, beraz, ez da halakorik aurkeztu beharko. Lanean emandako garaiak egiaztatzen dituzten dokumentuetan argi agertu beharko dute honakoak: kontratua egin duen enpresa, lanpostua, izandako kategoria eta lan egindako lanaldia . Honekin batera lan bizitzaren ziurtagiria ere aurkeztu behar da. 

Prestakuntza merituak egiaztatzeko aurkezten diren dokumentuetan honako hauek agertu beharko dute: zentroaren izena, egindako ikastaroa eta horren iraupena (orduak) baita akabera data ere. Instantziak aurkezteko epea baino lehenago aurkezten ez diren esperientzia zein prestakuntzan merituak ez dira kontuan hartuko. 

Jakina, izangaiak C1, EGArik edo euskarako baliokiderik ez badu, euskarako proba egin beharko du. Probaren eguna eta ordua pertsonari jakinaraziko zaio sms eta udaleko webgunearen bitartez, baina maiatzaren 3tik 7ra izanen da. Altsasuko Udalak behin-behineko zerrendak, bere webgunean argitaratuko ditu maiatzaren 19an. Alegazioak aurkezteko epea aipatu eguneko 12:00etan zabalduko da eta maiatzaren 24ko 14:00ak arte egonen da zabalik. Alegazioak udaletxean aurrez aurre edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu daitezke. Behin betiko zerrendak udalaren webgunean argitaratuko dira maiatzaren 31n.