Lan kategoriek mobilizazioak eragin dituzte Sunsundeguin

Guaixe 2021ko api. 2a, 11:32
Sunsundeguiko langileak protesta bilkura egin zuten. Argazkia: LAB.

LABeko delegatu batek bere kategoriatik gorako lan bat egiteari uko egin zion eta enpresak zigortu egin du. Zigorra kentzeko eta metaleko hitzarmenean langileei ezartzen zaizkien lan kategoriak ezartzeko langileek protesta egin dute.

Dozena bat egun lanik eta soldatarik gabe. Sunsundeguiko zuzendaritzaren zigor hori jaso du langile batek, LABeko ordezkari sindikala ere badena. Langileak bere lan kategoriatik gora zegoen lan bat egiteari uko egin ondoren etorri da zigorra. Aurretik sekula zigorrik jaso ez duen langilea da zigortua. Sindikatuak jakinarazi duenez, lege bidea abiarazi dute, batetik, langileari zigorra kentzeko eta, bestetik, Nafarroako metalgintzako hitzarmenean jasoa dagoen bezala, enpresak lanbide-kategoriak aitor ditzan. Bestetik, enpresa batzordeak deituta, langileek delegatuaren kontrako zigorra bertan behera uztea exijitzeko astearte goizean protesta bilkura egin zuten.

LABetik azaldu dutenez, “aurreko krisian hartutako doikuntza neurrien ondorioz Sunsundeguin lan baldintza ezberdinak daude. Ez dira kategoriak behar den bezala onartzen eta ez da metaleko hitzarmena betetzen”. Egoera hori bideratzeko 2017an enpresa akordioa sinatu zuten (LAB barne) eta lanbide kategoriez arituko zen batzorde bat sortu zuten. Sindikatu abertzaleko kideek gaineratu dutenez, “hiru urte eta gero ez zaio irtenbiderik eman gaiari”. 

Sindikatuak testuinguru horretan kokatu du langileen ordezkariari jarritako zigorra: “enpresak langile guztien kategorien gaia heltzea ekidin nahi du neurri eredugarriak inposatuz eta langileak mehatxatuz”. LABek Sunsudeguiri exijitu dio “gure delegatuaren kontrako zigorra bertan behera uztea eta langile guztiei dagokien kategoria onar diezaiela, benetan egiten dituzten funtzioen arabera”.