Azal berritze bikoitza

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko api. 6a, 14:53
Esti eta Mikel Markez musikariak. UTZITAKOA

'Azal berritzen' diskoa da Esti eta Mikel Markez musikariek elkarrekin kaleratu duten diskoa. Apirilaren 10ean, larunbata, 19:30ean, diskoaren aurkezpenaren emanaldia eginen dute Iortia kultur gunean

Konfinamenduaren garaian Mikel Markezek eta Esti Markezek egindako lanaren laburpena dago Azal berritzen diskoaren atzean, Mikelek azaldu duen bezala. "Erdi txantxetan sortu zela esaten dugu". Aurretik Estik Mikelen hainbat kantutan abestu izan du, eta Mikel Markezen diskoetan parte hartu izan du, "kolaboratzaile bezala; nire izenean zihoan proiektua". Duela urte bat bizitako konfinamendu garaian "eta nire sorpresarako" Esti kantuak sortzen hasi zen. Aita eta alabak bi etxe desberdinetan egin zuten itxialdia, eta abestiren bat sortu ondoren elkarri bidaltzen zioten. Horrela sortu zen, erdi brometan, Azal berritzen diskoa: "Aipatu genuen: zuk bost eta nik beste bost eta diskoa egingo dugu".

Eta halaxe izan zen. "Nire aitak buruan zebilkien disko berria egin nahi zuela eta azal lorea izena aipatu zuen, azal berria ere aipatu zuen. Zergatik ez azal berritzen?", azaldu du Estik izenburuaren inguruan. Disko berria "azal berritze" bat dela aipatu du, gehienbat Mikelendako: "Mikel Markez bezala ibili ondoren orain nirekin". Berarendako ere azal berritze bat izan da, lehenengo aldiz abestiak sortu dituelako.

Guztira, hamar kantuz osatutako diskoa da Azal berritzen. Konfinamendua amaitu eta bi hilabete inguruan grabatzen ari zirela azaldu du Mikelek. Bere kanta batekin hasten da diskoa, Toti Martinez de Lezeak egindako poema batekin: Bila nazazu. "Azken garai hauetan bizi izan ditugun aldaketa sozial hauek guztiak ulertzeko modu bat azaltzeko balio dit". Abestiak itxaropena eta ilusioa ez galtzearen inguruan hitz egiten du, "aurrera egiteko kantu bat da, oso baikorra". Gaur egongo egoerarekin badatorrela azaldu du Mikelek. Musikariak ere maitasunari, harremanei eta Euskal Herriari buruz hitz egiten du diskoan.

Estiloak
Estiren abestien gaiak "antzekoak" direla esan du. "Nire kasuan agian bizitzari eta maitasunari buruz hitz egiten dut gehiago". Alaia Martinen letrarekin egindako abestia nabarmendu du: "Orain dagoen gizarte gaixo honen inguruan hitz egiten du". Toti Martinez de Lezea eta Alaia Martinen letrak ez ezik, Pako Aristi, Jon Maia, Joseba Sarrionandia eta abarren letretan ere oinarritu dira kantak egiteko. Iker Lauroba, Ane Bastida, Olaia Inziarte eta Eneritz Aulestia musikarien kolaborazioa ere izan dute diskoan.

"Aitaren musika txikitatik entzun dut. Kantak egiterakoan ez daukate antza, ezberdinak dira. Nik egiten dudana berak ez luke egingo eta berak egiten duena nik ezin dut egin". Norberari ateratzen zaiona egiten dutela azaldu du Estik, baina "txikitatik" entzuten duenak eragina izan du sortzeko orduan. Estik pop doinuetara jotzen du eta "harmoniak beste modukoak" dira eta Mikelen kantek folk aldera jotzen dute, Mikelek azaldu duenez.

Arkaitz Miner eta Julen Alonso musikariek "orokortasuna eta diskoari borobiltasuna" eman diotela gaineratu du Mikelek. "Gure ahotsa eta gitarraz gain bi musikari horiek bai ematen diotela halako lotura bat; zentzu orokor bat disko guztiari". Lanaren muina edo bizkarrezurra beraiekin landu dutela esan du. Apirilaren 10eran, 19:30ean, Altsasun eginen duten kontzertuan laukotea ariko da: Miner biolina, mandolina eta gitarra; Alonso trikitixa, akordeoia eta pianoa eta Esti eta Mikel bakoitzak bere ahots eta gitarrarekin. Bestetik, abeslari bakoitzak bere kantetan protagonismoa dauka, baina elkarrekin ere aritzen dira.

Elkarrekin
Konfinamenduan lehenengo aldiz Esti gitarra hartu eta denbora zuenez abestiak sortzen hasi zen. Irakasle ona izan du, "zer esango dut nik". Lehenengo aldiz, beraz, aita eta alaba elkarrekin ari dira oholtzaren gainean biek sortutako proiektu batean. "Zintzoa izanda bi erantzun emango nizkizuke: lehenengoa, izugarrizko ilusioa egiten dit. Pentsa, zure alabarekin proiektu bat partekatzea gerta dakizuken gauzarik politenetarikoa da. Bestetik, edozeinekin egiten duzun edozein proiektu partekatutan bezala, ez da erraza guztian ados egotea".

Elkarrekin egiten duten lehenengo proiektua izan arren, "betidanik" kantatu izan dute elkarrekin. "Baina orain fokupean eta jendearen aurrean egitea oso gauza desberdina da". Eztabaidatxoak sortzen diren arren, eramangarriak dira. Esti: "Oso ondo eramaten gara. Jende askoarentzat gurasoekin lan egitea zaila da, baina niretzat oso erraza da. Ez dugu ia eztabaidatzen eta, bestela, eztabaidatxo txikiak dira".

Batzuetan "bertigoa" sentitzen duela aitortu du Estik. "Dena da berria". Ondo pasatzera eta abestera ateratzen dela esan du. "Etengabe ikasten ari naiz". Prozesuaren parte da, Mikelek gaineratu duenez: "Nik esango nuke oraindik ikasten ari naizela… pentsa". Altsasun eskainiko duten kontzertuan Azala berritzen diskoaren "ia" abesti guztiak interpretatuko dituzte, baita elkarrekin abestu izan dituzte abesti "ohikoak" ere, Mikel Markezenak ez diren beste batzuk ere: "Hor misterioa gehiago gordeko dugu".

Erlazionatuak