Saskibaloia

CBASK-Jatorman, hirugarrena

Guaixe 2021ko api. 13a, 09:27

Autonomia Arteko 2. Mailan CBASK-Jatormanek eta Valle de Egüesek jokatu beharreko partida atzeratu zuten

Autonomia Arteko 2. Mailan 22. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatorman liderrak Valle de Egües taldea zuen aurkari, baina partida atzeratu dute. Larunbat honetan, apirilak 17, jokatuko dute, 18:00etan, Arangurenen.  Horrela, lidergoa galdu du CBASK-Jatormanek eta une hauetan hirugarrena da sailkapenean, 26 punturekin, sailkapenean 2. postuan dagoen San Cernin taldearekin puntutara berdinduta. Humiclima da liderra, 28 punturekin. Beraz, estu estu dago sailkapena. 

Asteburuan 23. jardunaldia jokatuko da baina Altsasuko CBASK-Jatorman taldeak jardunaldi honetako partida aurreratu zuen eta martxoaren 7an jokatu zuen, Avia Zizur taldearen kontra. Zizurkoek irabazi zuten, 74 eta 60. 

2. maila autonomikoan ere CBASK-ek partida atzeratu
Nafarroako 2. maila autonomikoko 2. senior mailan 8. jardunaldia jokatu zen. CBASK-Ifuel taldeak Gazte Berriak liderrarekin jokatu beharra zuen, baina partida atzeratu egin da. Sailkapenean Gazte Berriak taldeak jarraitzen du lider (12 puntu) eta CBASK-Ifuel 7. postuan dago, 4 punturekin. 9. jardunaldian CBASK-Ifuel taldeak Navarro Villoslada izango du aurkari. Partida larunbatean da jokatzekoa, 16:00etan, Zelandin.