LABeko kide bat atxilotu dute Iruñean

Guaixe 2021ko api. 20a, 12:56

LABeko kideak Iruñeko polizia etxearen parean atxiloketak salatzen. Argazkia: @LABnafarroa

Espainiako Policia Nacionalak LAB sindikatuko hainbat kide atxilotu ditu gaur goizean, haien artean Imanol Salinas altsasuarra. LABek gaurko, 19:00etan, Foru plazan, batzarra deitu du.

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, gaur goizean bere zazpi kide atxilotu ditu. Baina 11 ere izan daitezkeela adierazi dute sindikatutik. Haietako bi dagoeneko aske leudeke. Antza, operazioa zabalik dago eta atxiloketa gehiago izan daitezke. Atxilotuetako bat Imanol Salinas altsasuarra da, LABeko Nafarroako  Zerbitzu Pribatuen federazioko kidea dena. Atxiloketak salatzeko Iruñeko polizia-etxearen parean protesta egin du jendeak eta agenteek haietako batzuk identifikatu dituzte. 

Sindikatuak egindako bi protesta ekintza lirateke atxiloketen eragilea Berria egunkariak zabaldu duenez. Batetik, Nafarroako garbiketa sektoreko langileendako hitzarmen duin bat eskatzeko, garbiketa sektoreko bi langile ISN enpresako kamioi batera igo ziren eta N-121 errepidea trabatu zuten hilaren 9an. Greba antolatua zuten apirilaren 13, 14, 15 eta 16rako eta LABen arabera, hitzarmena blokeatzen zuen enpresetako bat zen ISN. Bestetik, CEN patronalaren egoitzan kontratazioko diskriminazioa salatzeko egindako ekintza litzateke. 

Berrian LABeko bozeramaile Imanol Karrerak salatu duenez, notifikazioa bidali ordez sindikatuko kideak atxilotu egin dituzte: “ez da demokrazia batean egon behar lukeen prozedura”. Sindikalistak gaineratu duenez, “beraien eskubideen alde ari diren langileak atxilotzen dituzte, baina hitzarmena betetzen ari ez diren ISNko arduradunak ez”. Gaztigatu duenez, CENek lan istripuengatik salaketak jaso ohi ditu, eta poliziei ezer ez egitea egotzi die. Bozeramaileak salatu du operazioa propaganda izan dela.