Zaporeak elkartearen aldeako antzezlana

Guaixe 2021ko api. 21a, 10:46
Tarima Beltza antzerki taldea 'A la deriva' antzezlana prestatzen. ARTXIBOA

Tarima Beltza antzerki taldeak 'A la deriva' antzezlana eginen du Burlatako kultur etxean larunbatean, apirilaren 24an, 19:00etan. Irabazkiak errefuxiatuen kanpalekuetan lan egiten duen GKEarendako izanen dira. 

Errefuxiatuen gaia lantzen du A la deriva antzezlana. Tarima Beltza antzerki taldearen erronkarik handienetarikoa izan zen taularatzea, istorioa gogorra delako. Hainbat esketxen bidez, errefuxiatuek eta migranteek egin behar izan dituzten bidai zailak erakusten ditu lanak. Larunbatean, apirilaren 24an, 19:00etan, emanaldia eginen dute Burlatako kultur etxean, eta irabazitako guztia Zaporeak elkartearendako izanen da. Ez da antzerki taldeak eginen duen elkartasun emanaldi bakarra, izan ere, Iortia kultur guneanmaiatzaren 15ean, 19:30ean, antzezlana eskainiko du, eta irabazi guztiak ere erakundearendako izanen dira. 

Altsasuko emanaldia Sakanako Mankomunitateak antolatu duen Migratu eta errefuxiatuei ongi etorri hamabostaldi solidarioaren barruan izanen da. Hortaz, antzezlana ez ezik, maiatzaren 1etik 15era Itsasartean zabalean argazki erakusketa izanen da kultur gunean, maiatzaren 5ean Fernando Garcia Arevalo argazkilariaren hitzaldia izanen da, maiatzaren 12an Zaporeak GKEren hitzaldia izanen da gaur egungo Greziako Lesbos irlan egiten ari diren lanaren berri emateko eta maiatzaren 15ean, goizean, ongi etorri sentsibilizazio ekimena izanen da Iortia zabalgunean. Arratsaldean, A la deriva antzezlana izanen da Tarima Beltza antzerki taldearen eskutik.