Taekwondoa

Leire Etxaniz Claver, Bargagaingo perla berria

Maider Betelu Ganboa 2021ko api. 29a, 12:00

Berriki Benidormem jokatutako Espainiako Taekwondo Kopako kadeteen 37 kiloz azpiko mailan zilarrezko domina lortu zuen Etxanizek. Etxaniz Bargagin klubeko Rania Mabchour taldekidearekin batera lehiatu zen kopan

Asteburuan Espainiako Taekwondo Kopa jokatu zen Benidormen. Bertan Altsasuko Bargagain Taekwondo taldeko bi kirolarik hartu zuten parte, kadeteen mailan, Rania Mabchourrek eta Leire Etxaniz Claverrek. Raniak ezin izan zuen lehenengo erronda gainditu, baina Leire Etxaniz Claverrek aurrera egin zuen eta zilarrezko domina lortu zuen 37 kiloz azpiko kategorian. Hortaz, Espainiako Kopako txapeldunordea dugu. 

Oso pozik daudela azaldu du Bargagain Taekwondo Taldeko irakasle Gerardo Montero Rivera, eta balorazio positiboa egin du, bai egindako lanarengatik eta baita txapelketa berarengatik. “Honek Bargagaingo bigarren belaunaldiarekin egiten ari garen lana sendotzen du. Aurretik kirolari onak ditugu, eta atzetik datozenak, bigarren belaunaldi hau, gogotsu dator eta estatu mailan emaitzak lortzen ari da. Altsasuko taekwondoa maila gorenera eraman dugu” nabarmendu du Monterok. 

Datorren txapelketa Espainiako Selekzioen Arteko Txapelketa izanen da. Oraindik ez da zehaztu noiz eta non jokatuko den, baina Bargagainen txapelketa horretarako prestatzen ari dira, euren kirolariren bat Nafarroako selekziorako hautatuko duten esperantzarekin, txapelketa hori, jokatu berri den Espainiako Koparekin batera Europako Txapelketara joan ahal izateko puntuagarria baita. “Leire Etxanizek Nafarroako selekzioan tokia izatea espero dugu. Leirek hiruzpalau urte daramatza Nafarroako Txapelketan urrea lortzen, eta asteburuan Espainiako Kopan lortutako zilarrezko dominak ere selekzioan hautatua izateko bultzada emango diolakoan gaude. Ea horrela den” aipatu du Monterok. 

Gerardo Montero: "Klubeko bigarren belaunaldiko borrokalariak gogotsu datoz"