Udalak bere bi tabernak errentan eman nahi ditu

Guaixe 2021ko api. 27a, 09:11
Dantzalekuko kirol gunea. Eskuinean taberna.

Dantzaleku kirol guneko eta Burunda frontoiko tabernen kudeaketa eskuratzeko deialdia egin du. Interesa dutenek eskaerak maiatzaren 11ko 23:59ra arte aurkez ditzakete.

Atabo Altsasu SM udalaren enpresa publikoak du herriko kirol azpiegiturak kudeatzeko ardura. Enpresak Dantzaleku kirol guneko eta Burunda frontoiko tabernak errentan emateko deialdia egin du. Bi kasuetan urtebeteko kontratua da eskaintzen dena, gehienez, beste lau urtez luzatu daitekeena. Udal enpresak jasotzen dituen eskaintza onuragarrienei emanen die ostalaritza establezimendu horien kudeaketa. Baina urteko, gutxienez, 2.400 eurokoa izan beharko du (200 euro hilabetero). 

Dantzalekuko taberna hartzen duenak hura kudeatzeaz aparte, kirol guneko aldagelak garbitu beharko ditu kirol-ekitaldiak egiten diren larunbat eta igandeetan. Atabo Altsasu, SMren kontura izango dira garbiketa-horniduren gastuak. Bestalde, Usolarraingo aisialdi gunearen garbiketa ez du egin beharko. Frontoiaren deialdiko berritasuna da hura hartzen duenak ez duela pilotalekuaren mantentzeaz eta garbiketaz arduratu beharko. Bai horiek bai igerilekuen mantentzea udalaren enpresa publikoaren esku gelditu dira. 

Bi deialdietan interesa duten pertsona edo entitateak Atabo Altsasuko Gerentziarekin harremanetan jar daitezke gerencia@ataboaltsasu.com e-postara idatziz edo 948 562 786 telefonora hots eginez.