Aske utzi dituzte LABeko kideak

Guaixe 2021ko api. 23a, 10:22

Sindikalisten atxiloketa salatzeko manifestazioa egin zuten Altsasun.

Egun bat atxilotuta eman zuten Espainiako Policia Nacionalaren Iruñeko egoitzan. Epaileak ez zuen beharrezkotzat jo deklarazioa hartzea eta LABeko bost kideak aske utzi zituen.

LABeko sei kide atxilotu zituen Espainiako Policia Nacionalak asteartean. Bat berehala aske utzi zuten eta gainontzekoek egun bat eman zuten polizia etxean. Atxilotuetako bi garbiketa sektoreko ordezkariak dira, eta besteak, LABen zerbitzu pribatuen federazioko ordezkariak. Azken horien artean dago Imanol Salinas altsasuarra. Bi ekintza sindikalengatik atxilotu zituzten sindikalistak. Alde batetik, CEN patronalaren Iruñeko egoitzan hauts gorria botatzeagatik. Horren ondorioz, LABeko bi kide atxilotu zituzten, bat aske utziz. Patronalaren egoitzan egindako protestagatik mehatxuak, bortxa eta kalteak eragitea leporatzen diete.

Bestetik, garbiketaren sektorean hitzarmena eskatzeko ISN enpresako kamioi batera igota N-121 errepidea trabatzeagatik. Foruzaingoak ofizioz hasi zituen diligentziak eta, horregatik, atxilotuetako batek deklaratu zuela jakinarazi du sindikatuak. Baina ISN enpresak salaketa jarri, eta Espainiako Poliziak hartu zuen kasua. Ekintza horregatik LABeko hiru kide atxilotu zituzten eta zirkulazioaren segurtasunaren aurkako delitua eta 2.000 euroko balioko kalteak eragitea egotzi diete. 

Egun osoa poliziaren egoitzan eman ondoren epailearen aurrera eraman zituzten. Baina hark ez zuen beharrezkotzat jo deklarazioa hartzea eta sindikalistek ere ez zuten adierazpenik egin nahi izan, eta epaileak guztiak karguekin aske utzi zituen. 

Balorazioa 
Sindikatuko abokatuen ustez “oso pobrea” da poliziaren atestatua. Bide batez, aipatzekoa da abokatuek ikusi ahal izan duten atestatu horretan ez direla pertsona gehiago agertzen, nahiz eta Poliziak eta Gobernu Ordezkaritzak berak asteartean esan zuten 11 izanen zirela atxilotuak. Guztia “antzezlan handitzat” jo dute.  

LABeko kideek nabarmendu dutenez, “soldata arrakala salatzeko eta garbiketen sektoreko hitzarmenaren negoziazioetan zegoen blokeoa salatzeko beste ekintza” banagatik atxilotu dituzte sindikalistak. “Hau da, emakumezkoen lan baldintza kaskarrak salatzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko bi ekintza. Bi ekintza baketsu eta LABek bere ekintza sindikalean ohikoak dituenak. Horixe da patronalak eta Espainiako Policiak jomugan jarri dituenak. Eta Policiak atxiloketen bortizkeria erabili du emakume sindikalista horien jarduera sindikala baldintzatzeko eta eragozteko eta, oro har, emakumeen borrokei zilegitasuna kentzeko”.

Sindikatuko kideen iritziz, “bi ekintza horietan ez dago deliturik. Baina Poliziak bi ekintza horietan delitu zantzurik ikusi baldin badu, nahikoa zuen sei sindikalista horiek deklaratzera deitzea. Ez zen beharrezkoa halako operatibo poliziala muntatzea. Ez zen beharrezkoa parametro demokratikoetan, noski. Baina LABek uste du patronalak eta PoliCiak halako operazio hanpatua egin dutela, batetik, LABek ordezkatzen duen sindikalismo borrokalariaren aurka zuzenean jotzeko eta, bertzetik, gerora etorriko diren zigor eskaerak indartzeko”.

Manifestazioa
LABek dei egin du borroka sindikalaren alde, patronalaren eta poliziaren muntaiaren aurka mobilizatzera, larunbatean, 17:00etan, Iruñeko Baluarte plazatik. Bestalde, Gaur, 12:30ean, sindikatuaren Altsasuko egoitzen parean bilkura eginen da. Eta Etxarri Aranatzen, bihar, 19:30ean, plazan kontzentrazioa.