Saskibaloia

CBASK-Jatormanek 8 punturengatik galdu zuen Avia Zizurren kontra

Guaixe 2021ko api. 29a, 11:00

Autonomia Arteko 2. Mailan CBASK-Jatorman 5. postura jaitsi da

Autonomia Arteko 2. Mailan 24. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatormanek Avia Zizur Ardoi taldea hartu zuen larunbatean Zelandin. Partida oso lehiatua izan zen, baina, tamalez, Avia Zizur gailendu zen, 8 punturen aldearekin. Horrek eragin zuzena izan du sailkapenean. Humiclina da liderra, 30 punturekin, eta CBASK-Jatorman 5. postura jaitsi da (28 puntu). Asteburuan 25. jardunaldia jokatuko da baina CBASK-Jatormanek jardunaldiko partida hau aurreratu zuen eta martxoan jokatu zuen. 53 eta 79 galdu zuen San Ignacioren kontra. 

2. maila autonomikoan CBASK-Ifuelek Mendillorri izanen du aurkari
Nafarroako 2. maila autonomikoko 2. senior mailan 10. jardunaldia jokatu zen. CBASK-Ifuel taldea altsasuarrak Navarro Villosladaren kontra jokatu zuen, eta garaipen polita lortu zuten altsasuarrek, 22 eta 61 irabazi baitzuten. Sailkapenean Gazte Berriak da liderra (16 puntu) eta CBASK-Ifuel 7. postuan dago (6 puntu). Asteburuan 11. jardunaldia dago jokoan eta Mendillorri Egües izango du aurkari CBASK-Ifuelek, maiatzaren 1ean, larunbata, 19:15ean Zelandin jokatuko den partidan.

Emakumezkoen junior mailako CBASK
Emakumezkoen junior mailako 1. mailan, 10. jardunaldian Burlata A taldea izan zuen aurkari CBASK-Albeniz taldeak. Burlatako neskak gailendu ziren, 65 eta 35. Sailkapenean, Aranguren Mutilbasket da liderra (16 puntu) eta CBASK-Albeniz 8. postuan dago, punturik gabe. Asteburuan 11. jardunaldia jokatuko da eta Valle de Egüesen kontra ariko dira Altsasuko neskak, igandean, 12:00etan, Olaz kiroldegian.