Udalak merkataritza plana egitea onartu du

Guaixe 2021ko mai. 4a, 09:56
Garbitoki eraikineko igogailua berrituko du udalak.

Hainbat udal eraikinetan hobekuntza lanak egitea onartu du udalak, guztira 540.882 euroko aurrekontua dutenak.  

Altsasuko Udalak herriko Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Plana egitea onartu zuen atzo egindako bilkuran. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, planak hiru helburu ditu: merkataritzaren egoera diagnostikatzea, jarduketa ildoak garatzea eta jarduketa programa zehatza prestatzea. Horretarako Altsasuko Udalak 16.093 euro bideratuko ditu. 

Altsasuko Udalak beste hainbat erabaki hartu zituen bilkura berean. Alde batetik, urtero moduan Zelandi eskola publikoan inbertsioak egitea. Zehazki, uda honetan ikastetxe publikoko beheko solairua eta lehen solairua pintatuko ditu udalak (44.725 euro). Ohi bezala, Hezkuntza Departamentuari dirulaguntza eskatuko dio lanak egiteko. Udal eraikinetan eginen diren beste lan batzuei buruzko erabakiak hartu zituen udalak. Batetik, Bake Epaitegian, ludotekan (30.000 euro) eta Gure Etxean (55.000 euro) berokuntza-sistema berrituko da. Bestetik, La Union jubilatu eta pentsiodunen elkartean ere konponketak eginen dira. Eta, azkenik, Garbitoki eraikineko igogailua berritu eginen du (35.000 euro). 

Herri lanei dagokienez, Ibarrea industrialdeko saneamendu sarea egiteko lanen hirugarren fasea eginen da aurten, trenbide azpitik pasa beharreko 130 metroko  zatia da eginen dena. Lan horiek 215.485,72 euroko aurrekontua dute eta behin bukatuta Ibarrea inguruko enpresek eta etxeen ur beltzak ez dute Altzania ibaian bukatuko. 

Bestalde, kirol azpiegiturei dagokionez, udalak erabaki zuen Burunda pilotalekuko kantxari tratamendu berezia ematea (6.000 euro). Horrekin batera, udako igerilekuetan sarbidea kontrolatzeko sistema automatikoa jarriko da, eta Dantzaleku kirol-gunean bideozaintza sistema jarriko du (30.000 euro). Eta urtero moduan, hainbat kaletan konponketa txikiak eginen dira (30.000 euro). Aldi berean, udalak Obra eta Zerbitzuen Brigadak erabiltzeko lorezaintza lanak egiteko traktore txiki bat (30.000 euro) eta atzera egiteko makina erosiko ditu (94.672 euro).