Maria Isabel Zornoza Garcia

"Ni argazki artean jaio nintzen"

Guaixe 2021ko mai. 3a, 14:31
Maria Isabel Zornoza Garcia Izor argazki dendao erakusleiho parean.

80 urteko ibilbidearen ondoren, Altsasuko Izor argazki dendak ostiralean itxi zituen ateak. Izan ere, bertako nagusiari jubilatzeko garaia iritsi zaio. Argazkilarien bigarren belaunaldia da, eta tokiko argazkilaritzaren ikuspegia azaldu du. 

Aitak hasi zuen argazkilaritza negozioari segida eman zioten bi alabek eta semeak. Kale Txikiko denda ostiralean azkenekoz zabalduko zuen Maria Isabel Zornoza Garciak. “Nahigabea eta pena sortu dit erabakia hartzeak”. 15 urteetatik ari da argazkiak egiten. Bizi guztia argazkiak egiten eman du eta bere argazkilari jardunak ezagun egin du sakandarren artean. “Mundu guztiak Maribel edo Mari Izor gisa ezagutzen nau”. 

Zeinek sortu zuen denda?
Aitak, Isidro Zornozak. Horregatik deitzen da denda Izor; I hori Isidro izenetik hartua eta, segida, abizenaren hasieratik.  

Noiz zabaldu zen denda? 
Lehen argazkilari ibiltaria eta galeriadun argazkilariak zeuden, eta aitak bi lizentziak zituen. Duela 80 bat urtez ari naiz, gu jaio aurretik argazkilaritzan ari baitzen. Ibiltari bezala herri guztietako festa guztietara joanez lan egiten zen. Jendeak ez zuen argazki makinarik, eta telefono mugikorrak ez ziren existitzen. Festetan ateratzen zituen argazkiak jendeak. Ez da orain bezala, milaka argazki daudela; lehen ezohikoa zen argazkiak izatea. Gainera, argazkilaria zen argazkia egiten zuena. Galeriako argazkiak egiten zituen, baina etxean, dendarik gabe. 

Herrietara joaten zenean, argazkietarako hondoak eramaten zituen? 
Nortasun-agiri moduko argazkiak egin behar bazituen bakarrik. Herrietara ere horretara joaten baitzen. Lehen, nortasun agiriak egitera poliziak herrietara hamar urtean behin etortzen ziren. Hamar urtero argazkilaria deitzen zuten eta, orduan, bai, parafernalia guztia eramaten zen. Galerian, irudidun hondoak zituzten argazkiak egiten zituen. 

Eta zein kamerarekin joaten zen? 
Tripodedun haietako bat, hauspoa zuenetako batekin. Gerora kamera arruntekin, argazki filmdunak. Estudioan kristalezko plakekin, zeluloiderik ez baitzegoen. Eta marka guztietako argazki makinak, 35 mm-koak. Gero 4x6koak, 6x6koak profesionalagoak, Hasselblada, horiek ezkontza eta halako erreportajeetarako erabiltzen genituen. 

Azkenean denda zabaldu zen. 
Eraikin hau jaso zenean, lokala erosi zen. Denda mustu zela aurki 49 urte eginen ditu. Baina ordurako aitak urteak zeramatzan lanean. Gero ni baino zaharragoak diren anai-arrebak jaio ziren: Mari Carmen eta Angel (2018an zendua), eta gero ni, gazteagoa naizela. Ni argazkien artean jaio nintzen, aita argazkilaria zelako eta anai-arrebak dagoeneko argazkiak egiten zituztelako; arreba orduan hasi zen. 

Eta Isidrok nondik zuen argazkizaletasuna? 
Egia esan, ez dakit. Beti oso artista izan da, hau guztia asko gustatu izan zaio. Argazkilaria izateko gustu pixka bat izan behar baitizu. Lehen argazkiak txuri beltzean ziren eta aitak argazkiak “argiztatzen” zituen. Hau da, koloretako txinatar tintekin berak bere koloreak egiten zituen, mordo bat zituen, eta estudioko argazkiak margotzen zituen. Arropei eta besteei kolorea ematen zien. Halakoak egiten zituen. 

Festak bai, baina ezkontza erreportajeak ere eginen zituen, ezta?
Makina bat. Aitak egindako argazkirik ez duen eskualdeko etxea arraroa izanen da; gero arrebak, anaiak eta, berriki, nik. Lehen, argazki bat egiterakoan, zertan ari zinen ederki jakin behar zenuen. 36 argazki besterik ez baitzeuden. Eta makina profesionalagoak, ezkontzetan erabiltzen genituenak, 6x6 formatukoak, gehienez 24 argazki zeuden. Beraz, argazkia oso ongi pentsatu behar zenuen. Eskuz enfokatu behar zen. Enkoadraketa ongi begiratu behar zen, agertzen zena agertzen zen, ez zegoen egungo argazki moldaketarik. Eta, jakina, argiztapena. Lehen moldaketak, konponketak, argiztatzeak ondoren egiteko aukerarik ez baitzegoen. Ateratzen zenuen argazkia ateratzen zenuen. Gainera, ateratzen zenuena ordaindu behar zenuen. Guk txuri beltzezko argazkiak hemen landu ditugu: bainuak, handitzailea, lanen arabera bestelako handitzaileak… dena hemen egin da. Baina koloretako argazkia etorri zen eta lanak kanpoko koloreko laborategietara bidali behar genituen. Eta kanpora bidaltzen zenuen guztia, gero saldu edo ez, pagatu beharra zegoen. 

Herri askotara mugitzen zineten? 
Ezkontzetara Gipuzkoara joaten ginen. Agurainen, Araian eta Eginon pila egin ditugu. Baina festetara, gehien bat, Sakana zen. Bakaiku, Iturmendi, Urdiain. Aita askotan joaten zen. Eta, San Pedrora. Guk, betidanik, Sanpedrozelaiko zuhaitz beraren azpian bazkaltzen dugu, ermitaren ondoan; hori sakratua da. Ni neskatoa nintzenerako jendeak argazki makinak zituen, baina gutxi. Aitak, bi arbolen artean pankarta bat jartzen zuen, eta kuadrillak hara joaten ziren talde argazkiak egitera. Argazkiak eginda, haiek erostera dendara etorri behar zuten. Batzuetan, nortasun agirien argazkiekin, etxeetara argazkiak eramaten zituen aitak. 

Estudio lanak ere ugari eginen zenituzten, ezta? 
Bai, lan asko egin dugu. Haurrenak, jaioberrienak… denetarik. Estudioan aitzindariak izan ginen. Aitari azken teknologiak eta gauzak izatea gustatzen zitzaion. Gaur egun dauden kroma eta halakoak (irudiaren atzealdean digitalki beste irudi bat sartzea) ez zeudenean, hondoak proiektatzeko sistema bat izan genuen. Ordurako berritasun handia zen. Nahi zenituen hondoak jarri zenitzakeen, nahiz eta estudioa txikia izan. Haurren eta jaunartzetako halako argazkiak jende ugarik ditu. 

Ezkontza albumak aldatu dira. 
Beti daude paisaiak, beti kalean egin dira argazkiak. Lehen, ezkontzaren ondoren, lau gauza egin, eta kitto. Lehen ez ziren bikoteen erreportajerik egiten, ez zegoen modan. Eliza barruan argazki batzuk egiten ziren, bikotearenak, aldare ondoan. Baina orain ezkongaiei egiten zaien moduko erreportajerik ez zitzaien egiten. Orain, askotan, ezkongaiei aurretiko argazkiak egiten zaizkie. Jendearen argazkiak egiteko sistema eta gustuak asko aldatu dira. Eta, jakina, albumak izugarri aldatu dira. Larruzko album zoragarriak ziren, orain ez daudenak, eta argazkia albumeko orrietara itsatsia zegoen. Orain album digitalak daude eta egin ditzakezu muntaiak, konposizioak, marrazkira pasa… milaka gauza. 

Erreportajeak egin dituzue? 
Eskatzen ziguten mota guztietako lanak egiten genituen guk. Aita eta anaia EFE agentziako korrespontsalak ziren. Anaia Diario de Navarrako argazkilaria zen ere. Gaur egun kazetari guztiak zuen argazki makinarekin joaten zarete eta argazkiak egiten dituzue. Gainera, askoz hobe da. Lehen guk argazkiak egiten genituen eta kazetariak testua. Desberdina zen. Beraz, zer edozer zegoenean anaia joaten zen, argazkiak egin, etorri, errebelatu, ahalik eta azkarren, eta bidali. Autoz eramaten zen Iruñera, edo, bestela, Burundesaren bidez bidaltzen zen. Iruñetik korrespontsalen bat etorriz gero, zain gelditzen zen eta berak eramaten zuen. Sakanako argazkiak ateratzen zituen agentziarako. Anaiak ere Rafael Belarrarekin lan asko egin zuen. Hark Diario de Navarrarako pilotaz asko idazten zuen, eta anaia berarekin partida guztietara joaten zen. Argazki oinean beti Foto Izor agertzen zen sinatuta. Hainbat hamarkadetan aritu zen, Belarrak pilotarena utzi eta kazetariak kamerekin ibiltzen hasi ziren arte. Argazkilaritzaren arlo guztiak ukitu ditugu. Zeren aita eta anaia bokaziodun argazkilariak baitziren. Argazkilaritza maite zuten. 

Nola bizi izan duzue teknologia aldaketa? 
Aldaketa izugarria izan da. Gauza oso sortzaileak egiteko aukera ematen dizu. Ongi dago, irudimenean duzun guztia sortzeko aukera duzu. Asko egokitu behar izan dugu. Makina guztiak berriak erosi behar izan ditugu. Erreportaje profesionaletarako eta estudiorako makina oso onak genituen lehen. Argazkilaritzan onena den bi Hasselblad kamera genituen, haien objektibo guztiekin. Digitala iritsi eta ez zuten ezertarako balio. Teknologia berriarekin zerotik abiatu ginen, ikasi.  

Erosketen arloan izugarri nabaritu zen jendea edozerekin konformatzen dela. Jendea konforme dago argazkiak telefono mugikorrean sartuta izatearekin. Ez zaio inporta ez inprimatzea eta ez ikustea. Nire ustez kontzeptua asko aldatu da. Lehen 36 argazki ateratzen ziren argazki film gehiago ez zegoelako. Nik beti aholkatzen dut orain nahi dituzten argazki guztiak ateratzeko. Milaka, nahi dutena. Baina, gutxienez, bizipen bakoitzetik bat aukeratu dezatela eta paperean inprima dezatela; album batean jar ditzatela. Argazkia beti ateratzen da gustuko duzun, hunkitzen zaituen zerbait dagoenean, edo nahi duzulako. Argazkiak paperean ikustea momentu eder bat oroitzea da, argazkia egin zenuenean sentitu zenuenera eramaten zaitu argazkia begiratzeak. Niri behintzat. Zeren, gauza bakoitzak bere unea du: ikusten duzun argia, zuhaitzaren hosto bat… Une hartan gauza bat sentitzen zenuen, eta ikustean sentipena biziberritzen duzu. 

Kolorearen etorrera ere aldaketa handia izan zen? 
Bai. Pauso izugarria izan zen. Kolorea iritsi arte guk dena egiten genuen. Jendeak argazkiak ateratzen zituen baina guri ekartzen zizkiguten errebelatzera. Ezohiko zaleren bat kenduta, inork ez zuen etxean errebelatzekorik. Txuri beltzeko lan guztia gure laborategian egiten genuen. Kolorea iristean, zailagoa zen. Ez da gauza bera. Orduan laborategi handiak zabaltzen hasi ziren. Haiek egunero etortzen ziren, Bilbotik, Iruñetik. Gure lan profesionala Zaragozan egiten zuten. Erabateko aldaketa izan zen eta laborategia itxi egin genuen. 

Argazki kamerak saltzen zenituzten? 
Digitala hasi zenean utzi nion argazki kamerak saltzeari. Teknologia digitalak azkar aurreratzen da. Zuk argazki kamera erosi eta bost hilabetera zaharra zen. 7 megapixeleko kamera erosi zenuen, baina bi hilabetetara 15ekoa zenuen. Hain azkar garatzen zen… Beti azken teknologia izateko adina ez zen saltzen. Eta saltzeari uztea erabaki genuen. 

Bideoarekin lan egin duzue? 
Sekula. Niretako argazkilaritza eta bideogintza desberdinak dira. Osagarriak, bai. Gu beti argazkilaritzan zentratu gara. 

Santa Agedan ikusten zitzaizuen batez ere estudiotik kanpo. Zer moduz halakoetan? 
Ederki. Batere problemarik gabe. Nik uste dut mundu guztiarendako espazioa dagoela. Eta mundu guztiak bere lana egin behar du. Beti ere, errespetuz eta trabarik egin gabe egiten baduzu. Sekula ez dugu arazorik izan. Jendeak egoki jotzen duen argazkilariarengana joaten da. Egia da ere, zu abisatu bazaituzte ere, beste toki batzuetara argazkiak erostera joaten direla. Jakina, horretarako askatasun guztia dute. Bakoitzak gogoko duena aukeratzen du. Lan egin duten guztiekin oso ongi moldatu naiz, Kikirekin eta hasten diren neska gazteekin.  

Halakoetan kintoak jabetzen dira lanean zaudetela? Errespetatzen zaituzte? 
Bai. Ni poz-pozik nago. Niri sekula ez didate keinu edo aurpegi txarrik jarri. 

Lehen argazkilari batzuk aipatu dituzu. Garai batean Matias eta Xenda zeuden. Zer gertatzen da argazkilaritzarekin halako eskaera izateko? 
Ez dakit. Gustatu behar zaizu. Gustatzen bazaizu, bizimodua ateratzeko modua da. 

Argazkilariak badaude, jendeak hala eskatzen duelako da. 
Orain arte hala izan da. Orain gutxiago behar gaituzte, esan bezala, digitalarengatik. Lehen, eguberrietan esaterako, haur txikiekin eguberri txartelak egiten ziren familiari bidaltzeko. Orain jendeak telefono mugikorrarekin argazkia egin eta familia guztiari Whatsapp bidez bidaltzen dio. Asko ez doaz argazkilariarengana. Eskaera nahiko jaitsi da. 

Irudi ondare handia duzue. Harekin zerbait egiteko asmorik?  
Momentuz ez dut ezer pentsaturik. Ez da orain bezala. Digitala hasi zenetik oso erraza da dena klasifikatuta eta antolatuta izatea. Lehengoak argazki filmak ziren, eta ez ziren antolatzen orain bezala. Lana egiten zenuen eta ez zenuen orain bezala artxibatzen. Gauza asko denborarekin hondatu egiten dira. Negatiboak eta gauza asko, hartzera zoaz eta hondatuta daude. Momentuz, ez dut pentsatu. Nahikoa kostatzen ari zait ixtea. 

Zergatik itxi?
Jubilazioagatik. Jubilatzeko adina pasatua dudalako. Jubilatu behar duzun momentua iristen da. Senarra jubilatu da. Bizitzak osasun pixka bat ematen badit, uste dut eguneroko betebeharretatik aparte pixka bizitzea merezi dudala. Astelehenetik igandera izan delako hau beti. Eta festak badaude, ere. Hori bai, hainbeste urtez, gugan, aitaren eta anai-arreben lanean konfiantza izan duen mundu guztia eskertu nahi dut. Gure argazkiak egiteko modua jendeari gustatuko zaio edo ez, baina gustatu zaionari oso fidelak izan dira, eta eskertzekoa da. 

Eta gaur zer eginen duzu? 
Ez dakit. Dendan jaso beharreko gauzak daude. 

Kamera eskutan izaten segituko duzu? 
Jakina! Kamerarik gabe ez noa inora. Egia da ez dudala kamera handi profesionala eramaten, txikiago bat baizik. Pisua dutelako, eta egun guztia kamerarekin egotean, nabari da. Edonora goazela gelditu egiten naiz. Argazkiak egitea gustatzen zait.