Triatloia

Sergio Garcia de Eulate ongi IX. Nazioarteko Infinitri Half Peñiscolan

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 4a, 12:00

IX. Nazioarteko Infinitri Half Peñiscolan (1,9 km-90 km-21 km) sailkapen orokorrean 37.sailkatu zen altsasuarra, beteranoen 1 mailan 10. Triatloian aritu izanak poztu du gehien eta hurrengo helburua maiatzean jokatuko den Iruñeko Half Erronka da

Igandean IX. Nazioarteko Infinitri Half Peñiscola triatloi proba gogorra jokatu zen. Bertan aritu ziren triatletek lehenik eta behin 1.900 metro igeri egin behar izan zituzten Peñiscolako hondartzan, segidan bizikleta hartu eta 90 kilometroko ibilbidea osatzeko. Eta bukaeran 21 kilometroko lasterketa egin zuten Peñiscolako kale ederretan barna.

Jordi Montraveta gazteak (Prosan Triatlon) sekulako erakustaldia eman zuen, lau ordutan osatu baitzuen proba (4:00:42). 23 urtez azpiko kategoria ere irabazi zuen Montravetak. Ordu erdira sartu zen Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate Maia. Altsasuarra 37. postuan sailkatu zen (4:37:56), eta bere kategorian, beteranoen 1. mailan, 10. izan zen. 

“Izugarri ongi” pasa zuela dio Garcia de Eulatek
Garcia de Eulate oso pozik dago lortutakoarekin. Gutxiago entrenatzen duela aitortu du, eta errendimendua eta lortutako emaitza horren araberakoa izan zela, baina izan zituen sentsazioak onak izan zirela eta izugarri ongi pasatu zuela gaineratu du. “Bereziki triatloian aritu izanagatik nago kontentu. Oso proba polita izan zen, gogorra aldi berean, eta bertan aritu ziren triatleten maila sekulakoa zen. Maila handia zegoen. Baina oso gustura ibili nintzen eta gozatu ederra hartu nuen” azaldu du. 

Garcia de Eulateren hurrengo erronka maiatzaren 15ean jokatzekoa den Half Triathlon Iruñea Erronka izanen da. Allozko urtegian 1.900 metro igeri egin ondoren, bizikleta hartu eta Iruñera bitarteko 85 kilometroak egin beharko dituzte triatletek, Iruñean 19,5 kilometroko korrikaldia egiteko. Garcia de Eulate eta Mikel Astiz sakandarrak daude parte hartzaileen artean.