María Pinto Balsera

"Liburuak Altsasuko nire bizipenak biltzen ditu"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mai. 5a, 14:24
María Pinto Balsera idazlea. UTZITAKOA

Herriko oroitzapenekin eta irudimenetik sortutako beste hainbat testu hartu eta 'Una vida entre letras' liburuan bildu ditu Maria Pinto Balsera Gasteizen bizi den idazleak

Extremaduran jaioa, bi urte zituenean Altsasura bizitzera joan zen bere familia eta hamaika urte zituen arte bertan bizi izan zen. Adin horrekin aita lanean ari zela tren batek harrapatuta hil zen, eta Mari Pinto Balsera Palentziako barnetegi batera ikastera eraman zuten. Bukatutakoan herrira itzuli zen, heldua zenean Gasteizera bizitzera joan zen arte. Arabako hiriburuan bizi den arren, Altsasuri lotuta jarraitzen du eta haurtzaroko eta gaztetako oroitzapenak testuetan islatzen ditu. Urteetan idatzitakoa Una vida entre letras liburuan bildu du. Liburua dagoeneko salgai dago Altsasuko Arkatz eta Liburunda liburu dendetan.

Nola sortu zenuen liburua?
Duela 28 urte literatura tailer batean izena eman nuen. Gaur egun, horrelako tailer asko daude, baina garai horretan egiten zen lehenengoetarikoa zen. Gero helduendako ikastaro batean ere izena eman nuen. Bertan idazten nuen guztia gordetzen nuen. Hainbeste lan egin nituenez, pena ematen zidan egindako hori guztia gordeta gelditzea, eta liburua egitea erabaki nuen.

Zergatik orain?
Jose Crespo Altsasuko lagun batek nire lan asko irakurri ditu, eta beti esaten zidan liburu bat idatzi behar nuela. Azkenean, kasu egin diot.

Zergatik eman zenuen izena tailerrean?
Betidanik gustatu izan zait idaztea. Hitz egiteko orduan hitz urria naiz, baina idaztean guztiz desberdina naiz. Lasai nago, eta gauzak ateratzen zaizkit. Tailerreko irakaslea Rosa Plazaola Fernandez de Romarategui zen, Altsasurekin harremana duena ere. Idaztera bultzatzen zidan ere. Literatur lehiaketetan parte hartzera animatzen ninduen. Hainbat sari irabazi ditut, liburuan aipatzen dudan bezala. Idazten hasi nintzenean beti Altsasuri eta haurtzaroari buruz hitz egiten nuen, eta berak esaten zidan Altsasu askatu behar nuela eta beste gauzei buruz hitz egin behar nuela. Baina Altsasuri buruz hitz egiteagatik 1996. urtean Zizurko literatur lehiaketa bateko lehenengo saria eman zidaten Camino de Otai lanagatik. Haurrak ginenean han jolasten genuen. Narrazio laburreko eta poesiako lehiaketa askotara aurkeztu naiz.

Eta Altsasu alde batera utzi zenuen?
Jarraitu nuen. Ez nion Rosari kasu handirik egin. Bertan bizi nintzenean inauteriak ospatzen hasi ziren, eta poema bat merezi zutela pentsatu nuen, Altsasuko festei buruz ere asko hitz egiten dut. Ermitei buruz, Altsasuko dendak eta tabernak errepasatzen ditudan beste kontakizun bat dago… Gehien bat nire haurtzaroari buruz hitz egiten dut.

Zure memoriak dira?
Nire bizipenak. Zati handi batean bai. Liburua atalka banatuta dago: intimitatea, fantasia, Altsasu eta erotismo pixka bat ere badago. Lotsak galdu behar genituela esaten zigun Rosak.

Zer dauka Altsasuk?
Urte asko bizi izan nintzen bertan. Extremaduran jaio nintzen baina bi urterekin nire familiak, familia askok bezala, migratu zuen. Palentzian pasa nituen sei urte horiek kenduta, nire haurtzaro guztia Altsasun bizi izan dut Gasteizera etorri nintzen arte. Markatu ninduen. Haurtzaroa pertsona baten bizitzan gehien markatzen duen aroa dela uste dut, eta bertan bizi nuenez, oso presente daukat.

Zenbat denbora eskaini diozu liburuari?
Aurretik idatzitako lanekin egin dut. Ez dut ezer berririk sortu. Tailerretan eta etxean idazten nuena jaso dut. Orduan, horiek hartu eta berrikusi ditut. Ez zait asko kostatu. Agian zailena zuzentzea izan da. Urteak pasatzean akatsak ikusten dituzu, eta bueltatxo bat eman diet. Azaroan hasi nintzen liburua sortzeko prozesuarekin, eta pixka bat nahasia izan da. Arazotxo batzuk egon dira. Baina, beno, dagoeneko salgai dago Altsasuko liburu dendetan.

Zer sentitu duzu lanak berrirakurtzean?
Hunkitu naiz. Nire familiari eta amari buruz hitz egiten dut eta barruak mugitu dizkit pixka bat. Metaforak erabiltzea gustatzen zait, eta irakurri ditudanean oso metafora politak erabiltzen ditudala iruditu zait.

Nolakoa da zure estiloa?
Oso sentimentala eta hunkigarria. Esan bezala, metaforak erabiltzea gustatzen zait. Liburua lasai irakurtzekoa da. Harrapatzen zaituen liburua da; narrazio laburrak direnez eta herrian ezagutzen dituzten istorioak direnez, jendearen gustukoa izango dela uste dut. Testuren bat irakurri dutenek gauza oso politak esan dizkidate. Izan ere, Altsasu, Altsasu da.

Literatura tailerretan parte hartzen jarraitzen duzu?
Ez. Tailerra Jalgi Surgir emakume elkarte batek antolatzen zuen. Bazkide nintzen, diruzaina izan nintzen eta gero idazkaria. Hogei urtez egon nintzen bertan. Gero beste tailer batzuk antolatzen hasi ziren, eta azkenean elkartea desagertu zen. Martxoaren 8an berdintasunaren inguruko literatura lehiaketa handi bat egiten genuen. Sari banaketa Villasuso jauregian egiten genuen. Hamar urtez antolatu genuen lehiaketa, udalak laguntza kendu zuen arte. Poesia errezitalak ere egiten genituen.

Zure lehenengo liburua da. Gehiago aurreikusten dituzu?
Baditut beste liburu bat egiteko lan askoz gehiago. Agian honen urduritasuna pasatzen zaidanean beste bat egingo dut. Baina momentuz honekin konformatzen naiz, bide luzea izan da.

Idazten jarraitzen duzu?
Orain kosta egiten zait. Jendeari eskaintzak idaztea ere kosta egiten zait. Idaztea gustatzen zait, eta imajinatzen dut noizbait berriz hasiko naizela. Bizitzaren gauzak dira.

Aurretik, beste zenbait liburutan parte hartu duzu; Dora Salazarren 'Bidezidorrak', esaterako.
Bai, salazartarrek eskatu zidaten eta parte hartu nuen. Aurretik egindako testu batzuk argitalpenera egokitu nituen. Begoñak erakusketa egin zuenean ere, bertan nire narrazioak jarri zituzten.

Eta Altsasukoak Aske I. literatur lehiaketaren irabazlea izan zinen ere.
Gai horrek asko mugitu ninduen. Gazteei eta gurasoei sortu nien poeman liburuan dago ere. Liburuak QR bat darama eta bertan errezitatuko poemak entzun daitezke, eta pena bat da baina ahaztu zitzaidan poema hau errezitatzea.