Maiatzaren Leheneko bertsoak

Guaixe 2021ko mai. 6a, 09:36

LABek deituta, Langileen Eguneko Sakanako manifestazioa egin zen Altsasun larunbatean. Haren akabera ekitaldian bertsolari anonimo batek sortutako bi bertsori ahotsa jarri zien Joseba Barriolak.

Kantatu aurretik Barriolak gogorarazi zuen 1936aren aurretik bertsolariak herriz herri eta sagardotegiz sagardotegi ibiltzen zirela. Eta bazirela batetik bestera bertsoak kantatu eta gero haien bertsopaperak saltzen zituztenak ere. Tradizio horren  berri eman ondoren Barriolak gogorarazi zuen bertsolariak langileak zirela. Eta hainbat adibide eman zituen: Xenpelar, Errenteriako Lino fabrikako langilea; Pedro Mari Otaño, Argentinara immigratu zuena eta han hil zena; Bilintx, Donostiako Udaleko funtzionarioa; Txirrita, hargina; Xalbador, artzaina… 

Bertso berriak Maiatzaren Lehenean jarriak 
I
Kapitalismo patriarkalean
denok gabiltza alderrai
Holako zibilizaziorik
ez dugu ez ez ez ez nahi.

Bizitza duina denontzat eta
bizimodu sortzaile alai
inor zokoan utzi gaberik
denontzat festa denok jai.

Pentsionistekin denok batera
goazen guztiok kalera
etorkizuna argitzera ta
elkartasuna eraitera.

Naturarekin orekan biziz
zaintza lana goratzera.
Erdigunean bizitza jarriz
askatasuna ospatzera.

II
Gu pentsionistak/borrokan gaude
Irten bide bat lortu arte
Gure oraina/aldarrikatzen
Kalez kale atez ate.

Mila ta larogei eurokoa/soldata duina nahi dugu
Agintariek entzun dezaten/ Lortuko dugu seguru

Gu pentsionistak... 

Pentsio planak edo Toledon/ egin zuten hitzarmena
Ez dute ezertarako balio/ handitzen dute problema. 

Gu pentsionistak... 

Xoxak eman banketxeei/ edo ustelen poltsari
Hobeki izango litzateke/ eman pentsio eskas duenari

Gu pentsionistak... 

Eliza lapurra ta maltzurra/dirua bueltatu dezala
Bere aberastasun txikituz/handituz gastu soziala 

Gu pentsionistak... 

Ehun eta ogeitamabosta/ edota lan erreforma
Puska ditzagun bizirauteko/Aitona eta Amona. 
Gu pentsionistak..