Bertan, pertsona gehiagorekin lantokia elkarbanatzen du
1. Zein da zure lana?
Carlisle Fluid Technologies enpresako merkataritza teknikaria naiz. Pinturak eta itsasgarriak aplikatzeko makineriaren salmentan espezializatua. Nire lana bezeroari ahalik eta irtenbiderik onena eskaintzea da, bere beharren arabera.
2. Dinabiden hasi zara, zergatik?
Lan egiten dudan enpresa amerikarra da, eta ez du bulegorik hemen egunero joan eta etorri ahal izateko. Beraz, bi aukera nituen: etxetik lan egitea, horrek dakarren guztiarekin edo bulego bat bilatzea Altsasun edo inguruetan. Pandemia urte honetan, etxean bi ume izanda, nahiko traste nituela… Bigarrena aukeratu nuen.
3. Nola jakin zenuen Dinabiden aritzeko aukera zegoela?
Interneten coworking espazioen bilaketa bat eginez berehala agertu zen. Bisita gidatu bat eskatu nuen webgunearen bidez. Han, instalazioak ikusita, leku librea zegoela esan zidaten. Orduan, hasiera data adostu genuen, eta kide bezala erregistratu eta instalatu nintzen.
4. Zer da 'coworker' izatea?
Coworkerrek, berez, lankidea esan nahi du. Baina kasu honetan, lanbide desberdinak dituzten pertsonekin lan egitea da helburua, lantoki berean.
5. Eta zer egiten da Dinabiden?
Dinabide Nafarroako Gobernuak finantzatutako erakunde bat da, eta bertan enpresen eraldaketa digitala sustatzen eta bultzatzen da. Horretarako, coworking espazio bat izateaz gain, beso robotiko bat (UR3), polimeroen 3D inprimaketako hiru teknologia (MJF, FDM eta CFF) eta metal LMDko 3D inprimaketako bat (Laser Metal Deposition) dituen tailer teknologiko bat du erabilgarri. Einscan pro 2x plus 3D eskanerrak eta errealitate areagotuko Hololens 2 betaurrekoak ere tailerraren eskaintzaren barnean aurkitzen dira. Teknologia horietan eta beste batzuetan aholkularitza, inplementazio eta trebakuntza ekintzak garatzen dira.
6. Zenbat pertsona zaudete?
Egun hamaika pertsona gaude. Dinabideren kudeaketa lanerako bi pertsona, beste lau aholkularitza teknikoan laguntzeko, hiru coworker modu fisikoan eta beste bi modu birtualean. Taldeko pertsona kopurua, ordea, etengabe gehitzen ari da. Mugimendua astetik astera handiagoa da.
7. Nola laguntzen dizu zure lanean?
Dinabidek nire lana egiteko leku aproposa eskaintzen dit. Espazio zabala eta lasaia, ordenagailuarekin lan egiteko Interneterako konexio onarekin. Bilerak egiteko aretoetan bisitak hartzeko edota bezeroei nire produktuak erakusteko tailerra erabiltzeko aukera daukat ere.
8. Nolakoa da zure lan egun bat?
Normalean, badakit eguna nola hasiko dudan, baina ez dakit non eta noiz amaituko dudan. Ordutegi bat mantentzen saiatzen naiz, baina batzuetan zaila da. Egoera arruntetan, batez ere bezeroak bisitatzea, eskuak estutzea eta aurrez aurre hitz egitea da nire lana. Egoera honek erakutsi digu datorrenera egokitu behar dugula, eta, horretarako, teknologiak izugarri lagundu digu gure bezeroekin harremanetan egoten.
9. Eta nola aldatu da zure egunerokotasuna?
Egia esan, bi hilabete daramatzat CarlisleFTen lanean, hau da, Dinabiden daramadan denbora bera. Beraz, ez dut egiten dudan lana ulertzen Dinabide gabe.
10. Esperientzia gomendatzen duzu?
Inoiz ez nuen Coworking espazio batean lan egin, eta, egia esan, esperientzia aberasgarria da. Zalantzarik gabe esperientzia gomendatzen dut. Zortzi orduz umeekin pisu batean lan egitea utopia bat da. Eskura ditugun tresnak aprobetxatu egin behar ditugu.
11. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Bizitzak irakatsi dit etorkizunari hainbeste ez begiratzen eta orainari gehiago begiratzen. Inprobisatzeko prestatuago egon behar dugu, eta planifikatzeko gutxiago. Daukagun denbora aprobetxatzea, zure egunerokotasuna eraginkorragoa izan dadin.