Atzera begiratu aurrera egiteko

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mai. 10a, 14:28

Joxe Iriarte 'Bikila'. ALTERNATIBA

Joxe Iriarte 'Bikila'-k 'Eman Zesarri Zesarrena' liburua argitaratu du, eta asteartean, maiatzaren 11n, Altsasuko Gure Etxean aurkeztuko du. Euskal Herriko gertuko historiaren erradiografia egin du hark idatzitako artikuluen bidez

Euskal Herrian hamarkadetan bizi izan den indarkeriaren gaineko errelatoari ekarpena egin nahian Joxe Iriarte Bikila-k Eman Zesarri Zesarrena liburua argitaratu du Intxorta 1937 kultur elkartearen eskutik. Hedoi Etxartek egin du hitzaurrea, eta Euskal Herritik liburuaren aurkezpenak egiten ari da: maiatzaren 11n, asteartean, 19:00etan, Altsasuko Gure Etxean hitzaldia eskainiko du eta hurrengo egunean, asteazkenean, 18:30ean, Iruñeko Katakraken izanen da.

"Historia luzea da". Baita Bikilaren istorioa ere. 1964. urtean militantzia politikoan hasi zen ETAren eskutik. "ETA bakarra zen". Urte luze horietan ETAren inguruan "pila bat" idatzi du Bikilak bai alderdien aldizkarietan, prentsa "librean" komertzialean eta abar. "Hau izan da guretzako gai nonahiko bat. Horietatik laburpen bat egin dut liburu bezala aurkezteko". Liburuaren atal gehienak, beraz, "iraganean" idatzita daude: "Horrek dauka alde txar bat gaurtik ikusita, baina alde ona ere badu: une hartan gauza beroena zegoen momentu hartan idatzitakoak dira". Zentzuz eta bihotzez, idazlearen hitzetan. Testu horiek berraztertu eta egokitu ditu. "Egia da ETArekin pasatzen dela Cid Camperadoarekin bezala: hil eta gero borroka jarraitzen duela, ez da nahita, baina erabiltzen dute".

Eztabaida
Atzetik aurretiko bidaia egin du Bikila-k Eman Zesarri Zesarrena liburuan eta hainbat gai jorratzen ditu. "EAJk hasi du historiaren errebisio bat esaten ETA jaio izana zoritxar bat izan zela, dauka zentzurik eta horrekin historiari iruzur egiten dio". Azaldu duenez, erakundeak aldatzen joaten dira, eta ETArekin gauza bera gertatu da: "Aldatzen joan zen, estrategia aldatzen joan zen". Jaio zen momentuaren testuingurua kontuan hartu behar da: "Momentu horretan diktadura batean bizi ginen. Diktadura batean armak hartzea niretzako guztiz zilegizkoa eta, garai hartan, beharrezkoa zen". Burgosko prozesuak ETAko kideek jasotako babesa aipatu du Bikila-k, edo zergatik EAJk euskal gudaloztea egin zuten eta Francori aurre egin zioten armekin, eta ez zuten burua makurtu. "Hori giroan zegoen, bazegoen erresistentzia giroa". Baina hori aldatuz joan zen.

Beste atal batean gaur egun ETAren eta Euskal Herriaren inguruan egiten den errelatoen inguruan hausnartu du Bikila-k ere. "Esaterako, Patria liburuarekin eta seriearekin gertatzen dena. Aranburu jaunak kristonak bota ditu idazle euskaldunon kontra. ETAren inguruan ez genuela ezer idatzi, eta hori gezurra da dagoen bibliografia kontuan hartuta". Aberria izena jartzea ere "iruzurra" dela dio: "Zein aberriaz ari da. Terroristen aberriaz; Euskal Herrian terrorista gaizkile batzuk bultzatu nahi duten aberri bat, toxikoa dena". Ez du aipatzen, aldiz, Espainiako aberria nola eraiki zen: "Hainbeste urtetan kanpoan eta barruan egindako biolentziaren bitartez". Edota Guardia Zibilaren kuarteletan torturatzen zela, gaineratu duenez.

"Tarte honekin bukatzeko esaera zaharrak esaten duen bezala: atzeak erakusten du aurreak nola dantzatu". Eta Bikilak aurrera begiratzen du: "EH Bilduko eta Alternatibako militantea naiz, eta gai hau gure esperientzia politikoaren ikuspuntutik jorratzeko gai bat izatea nahi dut". Hori da liburuaren helburua.

Hausnarketa
Estatuaren eta borroka armatuaren azterketa egiten du Bikilak liburuan. "Juzgatzen ditut". Beste eztabaida bat sortzen da: "Zer pentsatzen dugu biolentziaz? Biolentzia noiz da aldatzeko bide nagusia eta noiz ez?". Horren inguruan ere hitz egiten du. Izan ere, aipatu duenez, pentsalari eta filosofo handi gehienak biolentziarekiko ikuspuntua dute oinarrian. "Nik ikusten dut dena ez dela beltza edo txuria. Batzuetan biolentzia izan daiteke eta beste batzuetan ez". Kataluniako adibidea jarri du: Mugimendu baketsua da, baina Estatutik gerra bateko erantzuna izan dute". Mito bat erori dela dio, biolentziarik gabe dena posiblea dela esaten duena.

Indarkeria orokorra, goraka doa, zehatza eta mundu mailakoa aztertu du. "Biolentzia munduan oso zabalduta dago. ETArenak egin du, armak zapuztu dituzte, baina armagintza gero eta gehiago dago". Liburuan hainbat datu ematen ditu Espainian eta Euskal Herrian bertan armagintzan zer aurrekontuak eskaintzen zaion. "Zenbat diru gastatzen den eta hortik zenbat bakezale omen direnak etekinak ateratzen dituzten". Horretan ere Estatuari buruz egin duen azterketa ezinbestekoa da: "Zenbat pertsona hil ditu Estatuak eta zenbat ETAk? Hori kontuan izan behar da".

Errelato bakarra
"Hemen esate baterako askok diote gatazka horretan demokraziak irabazi zuela. Ni ez nago ados ideia honekin. Alde batetik, Espainiako demokrazia benetako demokrazia dela esatea gehiegi delako". Bide honetan, Estatu "multinazional" batean herri bati autodeterminazio eskubidea ez onartzea demokraziaren "arrakala" bat dela dio. "Bestetik, ETAren borroka honetan demokraziaren aurkako lege asko egin dira: alderdi legea, mozal legea…". Jendea bortxatu eta giza eskubideak zapaldu direla ere azaldu du. "Demokraziak irabazi du? Ez, galdu du zenbait ikuspuntuetatik".

ETAren inguruko errelato asko daudela esan du, eta horietako batek dio ETAren jarduna abertzaletasunaren esentzia gorena eta bertan man zela Euskal Herriko "hoberena". "Ni tesi horrekin ez nago. ETAren ibilbideak denetarik izan du, baina gauza larriak kontuan hartu behar ditugunak ere". Gaur egungo egoera politikoaren harira Bikilak azaldu du Euskal Herritarrok sortu zenean, Lizarra-Garazi su etenan, borroka armatua utzita "kriston gorakada" izan zuela. "Garbi daukat, militarki ETA garaitua izan da eta bere buruaz beste egin behar izan du. Baina porrot militar horrekin garaipen politiko bat lortu da. Eta nik uste hori hoberena dela".