Javier Unamuno Asarta Haize Berriak bandako musikari beteranoetako bat da. 25 urte daramatza bertan, Sakanako musika bandak bezainbeste. Sortzaileetako bat izan zen. "Banda sortu aurretik fanfarrean eta txarangan eta abar geundenok ideia bageneukan". Banda bat sortzea "normalena" zela ikusten zuten, horretarako talentua baitzegoen. Lehenengo zuzendaria Mario Fernandino saxofoi jolea izan zen. Gutxi iraun zuen, zuzendaritza ez zitzaiolako "batere" gustatzen. Orduan, Juan Jose Torres tuba jole valentziarra sartu zen.
"Banda Sakana mailan sortzea ikusten genuen". Izan ere, askotan bandatik aipatu duten bezala, Haize Berriak Sakanako musika banda da. "Batzuk horrela ikusten dugu, beste batzuk Altsasukoa dela pentsatzen dute". Baina bandan Sakana guztiko musikariak daude, eta herriekin harremanak "estutu" nahi dituzte. "Herrietan jotzeko desiratzen gaude". Aurretik Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Olaztin, gogoratzen duenez, musika bandak zeuden, baina udalek laguntza kendu zizkieten, desagertu ziren. Desagarpenaren lekuko izan zen Unamuno ere: "Azkenean, udalen laguntza ezinbestekoa da banda baterako. Laguntzarik gabe, bandak ez du funtzionatzen".
Haize Berriak banda 25 kiderekin sortu zen, gutxi gorabehera. Gaur egun 35 bat dira, egoeraren arabera. Musika eskolen garrantzia aipatu du Unamunok: "Askotan aipatu dugu musika eskolek ez dute helburu zehatzik herriko musika taldetara bideratzeko". Hasierako banda horretatik eta sorrerako lehenengo urteko bandatik "zortzi edo hamar" kidek jarraitzen dute.
Bandan hezi
Miren Aldasoro Lezeak bandaren adina du, gutxi gorabehera. Bandaren festetako emanaldiak "betidanik" ezagutu ditu. Duela hamaika urte sartu zen. "Sei edo zazpi urtetatik egon naiz txirula jotzen eta bilakaera natural bat bezala izan da. Adin batera iristen zarenean, eskola uzten baduzu, gerta daitekeen gauza bat da instrumentua ohe azpian utzi eta gehiago ez erabiltzea". Irteera posible bat bandan sartzea da. Mirenek zeharkako txirula aukeratu zuen "familian ere jotzen" zutelako, eta nahiko argi izan zuen hasieratik.
Hamabost urterekin Maialen Oiarbide Unamunok oso argi du musikaren munduan jarraitu nahi duela. Dagoeneko kontserbatorioan ikasten ari da, eta Haize Berriak bandan duela hiru urte hasi zen. "Txikitatik musika asko gustatu zait, gainera ahizpek ere bandan jotzen zuten eta bandan sartu nintzen. Familiak konbentzitu ninduen". Hasiera batean kostatu zitzaiola aitortu du "oso lotsatia nintzen eta ez nintzen ausartzen". Baina kontzertuak entzun ondoren eta jendea ezagutzen hasi zenean, sartzeko urratsa eman zuen. Musika eskolan zegoela instrumentua aukeratzeko garaia heldu zitzaionean tuba aukeratu zuen, baina tuba ikasteko aurretik bonbardinoa ikasi behar da, eta horretan ari da.
Haize Berriak bandak musika eskolarekin hainbat kontzertu eskaintzen ditu. Musika ikasleek bandaren egitekoa eta banda irteera bat dela ikus dezaten aukera bat da. Asier Valdivieso Ruizen kasua izan da. Hamahiru urte ditu eta bi eta erdi inguru daramatza bandan. "Musika eskolarekin kontzertu bat eskaini zuten eta ordutik helburu bezala bandan sartzea jarri nion nire buruari". Helikoia jo nahi izan du betidanik, "tuba bat bezalako, baina barruan sartzen zara". Musika eskolan ideia horrekin hasi zen ere, baina aurretik bonbardinoa ikasi behar du.
Musika zaletasuna
"Musika talde hain zabal batean aukera ematen digu musikari guztioi beste instrumentuetan interesa izateko". Bandan jotzean "beste instrumentuak" jotzera animatzen dituztela esan du Unamunok, "tentatzen zara eta instrumentu gehiago probatu nahi dituzu". Unamunok klarinetea jotzen du, "gustatzen zaiolako", baina perkusioa ere jotzen du eta orain tuba ikasten ari da. "Denak gustatzen zaizkit, abesten dut ere…". Aldasoro eta Oiarbide abeslari onak direla azaldu du ere.
Esan bezala, instrumentu gehiago jo nahi izate hori orokortua da. "Behin musikaren munduan sartzen zarela grin hori sartzen zaizu". Aldasorok "profesionalki ez bada ere" tin whistle txirula irlandarra eta ukelelea jotzen ditu, "baina etxean, denbora pasa bezala". Oiarbideren kasuan kontserbatorioan pianoa jotzen dute eta hurrengo urtean, batxilergoan, gitarra eta ukelelea jotzen ikasiko dutela esan du.
Urteurrenaren hasiera
Haize Berriak erronka banda bat da. Musika aldetik urrats bat gehiago ematea gustatu izan zaio beti. Oraingoan tangoarekin ausartu dira, Piazzolaren tangoa kontzertuan. Larunbatean eskaini zuten eta beste behin sarrerak agortu ziren. Sakanako musikariekin batera bi tango dantzari eta akordeilaria izan ziren.