Saskibaloia

CBASK-Jatormanek seigarren postuan despeditu du lehen fasea

Guaixe 2021ko mai. 13a, 09:00

CBASK-eko talde bat, entrenatzailearen azalpenak entzuten. Argazkia: CBASK.

Talde altsasuarra Autonomia Arteko Bigarren Mailako lehen faseko liga erregularrean seigarren sailkatu da eta datorren astean bigarren faseko sailkapen gurutzaketari ekingo dio. Avia Zizur izango du aurkari maiatzaren 22an

Autonomia Arteko Bigarren Mailako lehen faseko liga erregularra bukatu da. 26 jardunaldi jokatuta San Cernin taldea izan da liderra (38 puntu) eta Altsasuko CBASK-Jatorman taldea 6. postuan sailkatu da (28 puntu). Orain 2. fasea jarriko da martxan, eta 2. faseko sailkapen gurutzaketan CBASK-Jatorman taldeak Avia Zizur izango du aurkari maiatzaren 22an, 18:00etan Zelandin jokatuko den partidan. 

CBASK-Ifuelen beste garaipen bat
Nafarroako 2. maila autonomikoko 2. senior mailan 12. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Ifuel taldeak Mendillorri Egües hartu zuen Zelandin, eta partida bikainean garaipen garrantzitsua lortu zuen talde altsasuarrak, 62 eta 40 irabazi eta gero. Sailkapen orokorrean Gazte Berriak da liderra (18 puntu) eta CBASK-Ifuelek postu bat egin du gora eta egun 5. postuan dago, 10 punturekin. Larunbatean CBASK-Ifuel taldeak sailkapenean 8. postuan dagoen Noain hartuko du Zelandin, 16:00etan hasiko den partidan. 

Emakumezkoen junior maila
Emakumezkoen junior mailako 1. mailan, 112 jardunaldia jokatu zen, eta CBASK-Albeniz taldeak eta Valle de Egüesek partida oso lehiatua eskaini zuten Zelandin. Azkenean Iruñerrikoak gailendu ziren, 6 puntu eskasengatik. Sailkapenean Aranguren Mutilbasket taldeak jarraitzen du lider (20 puntu) eta CBASK-Albeniz taldeak 8. postuan jarraitzen du, punturik gabe. Asteburuan 13. jardunaldia dago jokoan, eta CBASK-Albenizek Valle de Egües taldea hartuko du atzera ere larunbatean, 18:00etan, Zelandin.