Nahia Imaz Perez altsasuarra triatloian hasi zen, baina gustukoena txirrindularitza zela konturatu zen berehala, eta bide horretatik egin zuen aurrera. Junior maila mustu du aurten, emakumezkoen Ermitagaña Nafarroa taldean jarraitzen du eta duela bi asteburu lehen aldiz Espainiako junior mailako emakumezkoen selekzioarekin aritu zen, Nazioen Kopako Tour du Gèvaudan Occitanie lasterketan. Oso pozik itzuli da.
Noiz hasi zinen txirrindularitzan?
Hasiera batean triatloian hasi nintzen. Gehien gustatzen zitzaidana bizikleta zen, korrika egitea ez bainuen oso gustuko. Bizikletan ateratzen nuen abantailarik handiena, eta Burunda Txirrindularitza Taldean izena ematea erabaki nuen. Uste dut eskoletako kimuen kategorian hasi nintzela. Haurren maila bukatu nuen arte egon nintzen eta kadeteetan Ermitagaña Nafarroa taldera joatea erabaki nuen.
Emakumezkoen taldea delako?
Bai. Burundan nire kategorian neska bakarra nintzen. Aldiz, Ermitagaña Nafarroan guztiak gara emakumezkoak, eta horregatik erabaki nuen aldatzea. Emakumezkoen lasterketetara goaz, orain taldekide pila bat gaude… oso gustura. Baina ez gara soilik emakumezkoen lasterketetan aritzen; emakumezkoen lasterketa asko ez daudenez, lasterketa mistoetan ere aritzen gara, mutilekin batera, eta halako lasterketak erritmoa hartzeko ere erabiltzen ditugu.
“2020 urtea, nahiz eta denboraldi berezia izan, niretako denboraldi oso ona izan zen. Dena ongi atera zen”
Kadete mailan nabarmentzen hasi zinen eta iazkoa, 2020 urtea, zure urtea izan zen. Hainbat lasterketa irabazi zenituen, Nafarroako txapelduna zara errepidean, erlojupekoan eta ziklo krosean, eta Euskal Herriko Txapelketa eta Trofeoa irabazi zenituen. Badakizu zenbat garaipen dituzun?
Ez (kar, kar…). Ez dakit zenbat diren, baina ez dira hainbeste. Egia esan, 2020 urtea, nahiz eta pandemiagatik denboraldi berezia izan, niretako denboraldi oso ona izan zen. Dena ongi atera zen, eta hortxe ibili ginen, buruan.
Aurten jubenilen mailara igo zara. Kategoria aldaketa nabaritzen da?
Bai, asko. Kadeteetan 30 kilometroko lasterketak izaten dira, ez dago ia aldaparik. Aldiz, jubenilen mailan 70-60 km inguruko probak dira, portuak egoten dira eta lasterketa gogortzen da. Honek esan nahi du gehiago entrenatu behar dela. Zenbat entrenatzen dudan? Astearen arabera, baina astean 7 ordu inguru. Dena den, hau ditugun lasterketen arabera, aldatzen da. Batzuetan ere atseden hartzen dugu eta ez dugu bizikleta hartzen. Txirrindularitzan ongi errekuperatzea ere oso garrantzitsua da.
Kadete izan zinenean Nafarroako selekzioan aritu izan zinen, baina aurten, junior mailan zaudela izan da Espainiako selekziotik deitu zaituzten lehen aldia.
Orain arte Nafarroako selekzioarekin ibili izan naiz, baina Espainiakoarekin ez, ez baitago emakumezkoen kadeteen mailako Espainiako selekziorik. Hortaz aurten, jubeniletan mustu naiz Espainiako selekzioarekin, Gema Pascual hautatzaileak deituta. Nafarroatik hiruri deitu ziguten, Laia Puigdefabreas taldekideari eta Jimena de la Roari, eta beste hirurak –Ainara Albert, Andrea Lopez eta Sandra Gutierrez– beste leku batzuetakoak ziren. Aurretik ezagutzen nituen, haiekin noizbait lehiatu naizelako.
“Tour du Gévaudan Occitanien topera gindoazen uneoro; sentsazio oso onak izan nituen"
Nazioen Kopako Tour de Gèvaudan Occitanie lasterketa ospetsuan lehiatu zinen selekzioarekin maiatzaren 8an eta 9an. Bi etapako proba gogorra zen. Zer moduz aritu zarete?
Larunbateko etapak lau portu txiki zituen eta esprintean erabakiko zela aurreikusten genuen, horregatik esprinterrendako prestatu genuen: Igandekoa, aldiz, askoz ere gogorragoa zen. Bi portu garrantzitsu zituen, tartean 1. mailako Jalabert gogorra, eta, hortaz, eskalatzaileendako prestatu genuen. Ni mendian naiz trebeagoa; askoz hobeto moldatzen naiz portuetan.
Aurreikusi moduan garatu ziren etapak?
Bai. Lehen etapan talde txiki bat iritsi zen aurretik eta etapa esprintean erabaki zen. Taldekideak ongi ibili ziren, baina ni ez hainbeste, bero handia zegoelako eta niri beroa ez doakidalako ongi, baina etapa aurrera atera nuen. Bigarren etapa oso gogorra zen. Hemen ez ditugu 1. mailako Jalabert bezalako portuak igotzen, hemengo lasterketak ez dira hain gogorrak. Lehendabiziko portua ez genuen oso azkar igo, baina bigarren portua, aldiz, bai. Eta portu horrek, Jalabert portuak, lasterketa guztiz apurtu zuen. Nire burua oso ongi ikusi nuen, sentsazio onak izan nituen eta azkenean 18. postuan sailkatu nintzen 2. etapan. Ez nuen inondik inora halako maila ematea espero.
Beraz, lehertuta baina oso pozik itzuli zinen etxera.
Bai, oso pozik. Selekzioko arduradunek ere balorazio ona egin dute. Nire taldekide Laia Puigdefabregas 12. postuan sailkatu zen proba orokorrean, eta taldekide guztiek egindako lanarekin kontentu daude. Selekzioko hautatzaileak esan zigun sentsazioak bikainak izan zirela eta selekzioak egingo dituen teknifikazio kontzentrazioetan jada barruan gaudela. Uste dut urtean hiru egiten direla, baina oraindik ez dakit noiz izanen diren.
Aurten afizionatuen mailan debutatu duen Aitor Alberdi arbizuarrak (Rural Kutxa-Seguros RGA) azaldu zuen denboraldi hasieran Iparraldeko bi lasterketetan aritu zirela eta sekulako aldea zegoela hemengo txirrindularitzaren eta hango lasterketen artean. Han askoz ere azkarrago joaten dela. Zuk ere hori aipatu duzu.
Bai, hala da. Han uneoro topera zoaz. Hemen lehiatzen dugunean hasieran lasai goaz, eta portuak iristen direnean topera hasten gara eta gero lasterketa bukatzen da. Han uneoro topera. Nire ustez han askoz hobeki ibiltzen dira bizikletan. Norbait ukitzen badute segituan aldentzen dira alde batera; hemen zailagoa da. Atzetik aurrera pasatzea ez da hemen bezain zaila. Nik hango lasterketak gustukoago ditut.
Oraindik ere asteburuko esperientzia hori gozatzen egongo zara, baina zein da zure aurtengo helburua? Zein lasterketa dituzu begiz jota?
Batetik, berriro ere selekzioan aritzea gustatuko litzaidake, eta bestetik, Espainiako Txapelketetan postu on bat lortu nahiko nuke. Kasu honetan, eta aldaketarik ezean, Nafarroako selekzioarekin ariko nintzateke. Uste dut Espainiako Txapelketak uztailaren bigarren astean jokatuko direla. Eta, bitartean egutegiko gainontzeko lasterketetan ariko naiz. Oker ez banago, maiatzaren bukaeran Emakumezkoen Lakuntza Lasterketa jokatuko da eta ondoren Tafallakoa.
Emakumezkoen txirrindularitzak gora egin du?
Nire ustez nabarmen egin du gora. Aurten gure taldean neska askoz ere gehiagok eman dute izena, eta hori taldean nabaritu egin da. Aurten hiru sakandar gaude: kadete mailako Leire Urtasun eta Bakarne Arregi lakuntzarrak eta ni. Egia esan, emakumezkoek txirrindularitzan jarraitu ahal izateko garrantzitsua da emakumezkoen taldeak egotea.
Pentsatzen dut junior mailan zure helburu nagusia kategoria berrian ahalik eta hobekien trebatzea, aurrerapausoak ematea eta gutxika gora egitea izango dela, ez?
Bai. Progresioa izatea, pixkanaka joatea, eta datorren urteari begira, ongi egitea.
Ermitagaña Nafarroak elite eta afizionatuen mailako kategoria du?
Egon, badago, baina oso taldekide gutxi daude, eta ez dira beste herrialdeetako lasterketetara joaten. Ildo honetan, afizionatuen mailan Gipuzkoako eta Bizkaiko taldeek baliabide gehiago dituzte eta talde garrantzitsuagoak dira.
Denboraldia ez da hasi besterik egin. Ea zure asmo guztiak gauzatzen diren!
Eskerrik asko! Hala nahiko nuke.
“Aurten pixkanaka joan nahi dut, eta datorren urteari begira, ongi egitea”