Parlamentua tren geltokiko txarteldegia zabaltzearen alde

Guaixe 2021ko mai. 18a, 10:28
Txarteldegia zabalik segitzeko joan den urtean tren geltokian egindako bilkura.

Txartel salmenta zerbitzu presentziala eta bezeroari arreta berrezartzea eskatu du.

Nafarroako Parlamentuko Lurralde Kohesiorako batzordeak zabalik dauden tren geltokietan aurrez aurreko zerbitzua eskaintzearen alde agertu da. I-E aurkeztutako mozioaren bidez, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatu du “Castejongo, Altsasuko eta Tafallako tren geltokietako txartel-salmentako zerbitzu presentziala (txarteldegia) eta bezeroari arreta ematekoa laster berrezartzearen alde egin dezan Estatuko Gobernuaren aurrean”. 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako mozioak Castejongo tren geltokia aipatzen zuen bakarrik, baina onartu egin zuen Geroa Baik aurkeztutako gehitze zuzenketa eta mozioan Tafalla eta Altsasuko tren geltokien aipamena ere sartu zuten. Navarra Sumaren eta PSNren abstentzioekin onartu zen mozioa. 

I-Ek gogorarazi duenez, Renfek duela urte eta erdi hartutako konpromisoa gogorarazten da, eta adierazten da pandemia ezin dela aitzakia izan garraio publiko, sozial eta jasangarri hau ez sustatzeko. 

Altsasu 
Tren geltokiko billete txarteldegia joan den urteko apirilera arte egon zen zabalik. Ordura arte trenbideen azpiegituraz arduratzen den Adif enpresako bi langile aritu ziren horretan. Baina Adifek, legez, ezin du tren garraiorako txartelik jaso, bere estatutuetan ez dago halakorik. Tren operatzaile bat, esaterako, Renfe, edo kanpoko enpresa bat izan behar du txartel salmentaz arduratu behar duena. Beraz, txarteldegiak 13 hilabete eginen ditu itxita. 

Renfek argudiatu zuenez, txarteldegia zabalik mantentzeko adina bidaiari ez du Altsasuko tren geltokiak. Eta interesa duen beste enpresarik ez da azaldu, errentagarria ez delakoan. Tafallako tren geltokian behar bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna sustatzeko egitasmoa bat hizpide izan zuten, baina ez zen gauzatu. Eta Altsasurako halakorik ez zen ezta proposatu ere egin.