Iortia zabalgunean egitekoa zen hamabostaldi solidarioari amaiera emanen zion ekimena, baina eguraldi txarra zela eta, Iortia zabalgunearen sarrera eta erakusketa gela bihurtu zen errefuxiatu eremua. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuak Sakana Harrera Harana, Zaporeak GKE, Help-Na Nafarroako suhiltzaile boluntario eta zenbait eragilerekin eta boluntariorekin batera antolatu zuten ekimena. Migrazioaren, errefuxiatuen eta giza eskubideen inguruan eztabaidatzeko eta hausnartzeko hainbat gune zeuden: zurrumurruak apurtzeko txokoa, Help-Na elkartearen egiteko ezagutzeko gunea, txapak egiteko tailerra, Altsasu BHIk landutako tribialaren jolasa, Zaporeak GKEren sukalde baten errekreazioa eta abar. Amaitzeko, Pantxika Lamurren eta Irantzu Gonzalez dantza eskolako Oihuarima taldearen emanaldiak izan ziren, eta arratsaldean Tarima Beltzak A la deriva antzezlana egin zuen.