Led Silhouette Lesakan egoitza duen dantza konpainia bat da. Martxel Rodriguez lesakarrak eta Jon Lopez madrildarrak osatzen dute, eta Rodriguezek azaldu duenez, proiektuaren arabera jende gehiagorekin lan egiten dute, "bai dantzarekin zerikusia dutenak, baita arte plastiko, bisual edo dokumentalarekin lotura dutenak ere".
"Erresidentzia bat egitea da espazio bat eta baliabide teknikoak izatea sorkuntza berri bat hasteko. Gure kasuan, gainera, bide hau zerotik hasten da; orduan, hazi horretan gaude, hasieraren hasieran". Astelehenean hasi eta hiru hilabetetan banatuta lau aste pasako dituzte Altsasuko kultur gunean. Bertan pasatzen dituzten ordu horietan "zerbait" aterako da. "Hasierako parte hau polita da ez dakizulako seguru nora joanen den prozesua, baina aldi berean, fisikoki erakargarriena den momentua da, gauza gehien probatzen direlako".
Marcos Morau koreografoaren laguntza izanen dute bidean "ideiak konfrontatzeko eta berarekin jarraitzeko". Morauren estiloa "ezaguna dute" berarekin lan egin dutelako, Lopezen kasuan koreografoaren La Veronal konpainian eta Rodriguezen kasuan Kukairen ikuskizun bat zuzendu zuenean. "Badakigu zein norabidetan joanen den".
Leialtasuna
Proiektuaren hasieran badaude ere, ez dira zerotik hasten eta Los Perros da proposatu duten izenburua. "Proiektu bat aurkezten duzunean izenburu bat jarri behar duzu, gero proiektuak aurrera egiten duenean aldatu daitekeena". Txakurrek haien jabeekiko duten baldintzarik gabeko maitasuna eta fideltasuna dago oinarrian, eta haiek dantzarekiko duten erlazioarekin bat egiten dute: "Dantzarengatik zenbat sakrifizio egin ditugun eta zer fidelak garen. Nola dena ematen dugun gure ametsengatik eta dena aurrera eramateagatik". Koreografoarekin duten "laguntasun harreman estuarekin" lotzen dute ere.
Lana datorren urteko apirilean mustutzea aurreikusten dute, eta "modu organikoena eta politena" Iortia kultur gunean mustutzea izanen zela esan du Rodriguezek, behintzat, emanaldi bat bertan egitea: "Gu plazer handiz bueltatuko gara emaitza zein den erakustera". Kultur guneak erresidentziarako behar dutena baino gehiago eskaintzen du, hasierako prozesuan daudenez, "musika aparatu bat, lurra eta ideiak botatzea eta lanean aritzea" baino ez dute behar. Hala ere, Nafarroako antzoki "hoberenetarikoa" dela esan du dantzariak.
Eszenatokian planteatzen dituzten lanekin "emozio estetiko bat" lortzen dutela azaldu du Rodriguezek. "Lan koreografikoki garbiak aurkezten dituzte, lerro berezi batekin oso landuak". Morauk ere "estilo propioa" du eta espazioaren tridimentsionaltasunean eta gorputzaren konplexutasunean oinarritzen da. Koba deitzen da Morauren "lengoaia koreografiko propioa". "Teloia ireki, dantzari bat agertu, eta badakizu bera hor dagoela".
Egunerokoa
Edozein langile bezala, Rodriguez eta Lopez esnatzen dira eta Iortia kultur gunera joaten dira. Beroketa batekin hasten dute jardunaldia. "Egunaren arabera teknika desberdin bat izan daiteke: dantza garaikideko teknika lurrean edo yoga pixka bat…". Arratsaldeko bostak arte egon daitezke lanean, eta gorputza ongi prestatu behar dute. Erresidentziaren lehenengo aste honetan Morauk markatu dizkien zenbait pauta edo arauak deitzen direnak egiten aritu dira.
"Dantza garaikidean egiten dena da ideia bat bota eta pauta espazial bat aipatu, gorputzaren kualitate bat landu eta inprobisazioaren bitartez nonbaitera iritsi". Fase honetan "etengabeko bilaketa" bat izanen da kanpoko "begirada horri" interesatzen zaionera iritsi arte. Ikerketa lana egiten dute. "Hori da gainera Nafarroako Gobernutik DNA programaren bitartez planteatzen duten egonaldi hauen helburua: ikerketa eta sorkuntza etapa hau".
Dantza garaikidea eta konpainiak Nafarroan sustatzeko eta zabaltzeko programa da DNA. "Kasu honetan egonaldi hauek eskaintzen digutena da gure herrian edo beste herri batean espazio batean lan egitea". Altsasuko eszenatokia ez da berria Led Silhouette konpainiarendako bertan zenbait emanaldi egin dituztelako. "Baina bolo egun batean etortzen gara, muntatzen dugu, egiten dugu eta joaten gara. Egonaldiarekin ikusten dugu nolakoa den bertako egunerokotasuna eta erlazio berriak eraikitzen laguntzen du". Herriko kultur taldeekin elkartzeko asmoa dute. DNA programak ere "guztiz beharrezkoa" den baliabide ekonomikoa eskaintzen die ere. Proiektuaren hurrengo prozesuetarako laguntza izatea espero dute apirilean lana mustu ahal izateko.